euskaraespañol

Image of the day

Erleen desagerpenak domino-efektu globala izan dezake

UPV/EHUk intsektu horri buruzko zenbait ikerketa jarri ditu martxan, hura zaintzeko eta bizirik iraunarazteko helburuarekin

  • News

First publication date: 20/05/2019

UPV/EHUk erlezainen laguntza izan du ikerketa proiektuetan.

Erleak arriskuan daude. Kutsadura, izurriak eta patogenoak areagotu izana eta, azken finean, gizakien ekintzak dira, besteak beste, intsektu horien populazioa izugarri gutxitzea eragin dutenak.

«Erleak desagertuz gero, gizakiari lurrean 4 urte geratuko zaizkio» esaldia Einsteini egozten zaio, nahiz eta ez zuen berak esan. Esaldia ez da hitzez hitz hartu beharrekoa, baina intsektu horiek gure ekosisteman duten garrantzia adierazten du. Gutxi gorabehera 22.000 erle espezie daude, eta horietako batzuk bakarrik dira polinizatzaileak; adibidez, ezti-erleak dira zeregin horretan eraginkorrenak. Polinizatu beharra duten espezieez bakarrik elikatzen ez bagara ere –gure dietan garia eta artoa funtsezkoak dira, eta ez dute erleen eraginik behar–, intsektu horiek desagertuko balira mota horretako laboreek beren kabuz aurre egin beharko liekete izurriei, hau da, ugaltzeko eta bizirik irauteko erleen polinizazioa behar duten gainerako landare-espezieen babesik gabe.

Landare espezieak polinizatzeko ahalmena duten bestelako intsektuak ere badaude, baina eraginkortasun dezente txikiagoa dute. Beraz, erleak desagertuta gure zibilizazioa berehala desagertuko ez balitz ere, horrek eragin erabakigarria izan lezake gizakiaren pixkanakako desagerpenean.

«Horixe da, hain zuzen ere, domino-efektu kezkagarria», ohartarazi du Marta Saloña entomologoak eta UPV/EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko irakasleak, eta pixkanaka espezie guztiei eragingo lieke: erlerik gabe polinizaziorik ez dagoenez, ez da landarerik izango; landarerik gabe, flora horretaz elikatzen diren animalia espezieak desagertuko dira; gero, animalia horretaz elikatzen diren animaliak desagertuko dira, eta, animaliarik gabe, azken kate-begia desagertuko litzateke.

Erleen populazioa arrazoi askorengatik ari da gutxitzen, eta laboreei botatzen dizkiegun pestizida eta herbizidak, patogenoak –adibidez, barroa akaroa– eta harrapariak –Asiako liztorra– dira erlearen arazo nagusiak. «Erleak oso egoera zailean daude», ohartarazi du Saloñak. Asiako liztorrari dagokionez, bera da ezti-erlearen etsai handiena. Erlauntzaren kanpoaldean ezkutatuta itxaroteko gai da; gero, erlea harrapatu, txikitu, burua eta hankak kendu, eta erdiko zatiarekin bakarrik geratzeko, hori baita interesatzen zaion bakarra. Horrela, erleak, erlauntzetik ateratako kideak itzultzen ez direla ikusita, izutu egiten dira; kanpora polen bila ateratzeari utzi, eta, azkenean, hil egiten dira.   

Smartbees eta Beehope

UPV/EHU zenbait ikerketa egiten ari da erleen populazioaren gainbeherari aurre egiteko. Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko irakasle Andone Estonba da erleen iraupenarekin lotutako proiektuetako ikertzaile-burua. Smartbees eta Beehope dira Europan intsektu horiek zaintzeko eta haien egoera hobetzeko aurrera eraman diren proiektuetako bi. Smartbees proiektuaren helburua da erleei iraunaraztea haien ezaugarri onuragarriak indartzeko programa baten bidez.

«Oso pozik nago Smartbees-en emaitzekin, gauza asko lortu ditugulako: alde batetik, erleen ezaugarriak hobetu dira, onenak aukeratuta, eta aukeratutako intsektu horien bigarren belaunaldia sortu da jada». Beste alde batetik, Estonbaren taldeak txosten bat aurkeztu du, iberiensis erlea aitor dadin, eta erle espezieak bereizteko txip bat ezartzearen alde lan egiten ari dira Europa mailan.

Proiektu hori euskal erlezainen laguntzaz eraman da aurrera; horretarako, erlezain bakarrik izateari utzi, eta erle-hazle ere bihurtu dira. Prozesu osoan, erlezainek, erregina espezimen onenak aukeratzen ikasi, eta lehenengo erle-hazle elkartea sortu dute: ERBEL. Horrela, beste negozio-hobi bat ireki dute, eztiarenaz eta produktu eratorrienaz gain, erle erreginak beraiek ere merkaturatu ditzaketelako.

Beehope proiektuari dagokionez, jarduketa-eremua erabat ezberdina da. Erleen iraupena lortu nahi da, baina gizakiak ia esku hartu gabe. Horretarako, intsektu horientzat arrisku gutxi dituen ekosistema bat aukeratzen da, eta horien populazioa, mikrobiota eta ezaugarri genetikoak aztertzen dira, bizirik irauteko edo patogenoei aurre egiteko ezaugarri egokienak zein diren zehazteko. Proiektu horrek oztopo gehiago izan ditu, zaila delako ingurune egokia aurkitzea erleei modu ahalik eta naturalenean eboluzionatzen uzteko. Azkenean, Araban aurkitu da ikerketa hori aurrera eramateko eremu bat; beraz, proiektuak martxan jarraitzen du.

Bi ekimen horien bidez, gure ekosisteman ezinbestekoak diren intsektu horien desagerpena geldiarazi nahi da. Eta gaur da horien nazioarteko eguna.