euskaraespañol

Image of the day

UPV/EHUko Ikasle Kontseiluaren presidente berria

Iñigo Ugedo Vicario: «Modu aktiboan parte hartuko dugu unibertsitateko aldaketa prozesuetan»

  • Interview

First publication date: 18/04/2024

Photo: Laura Lopez. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU

Bilboko Ingeniaritza Eskolako eta Bizkaiko Campuseko Ikasleen Kontseiluko presidentea izan ondoren, Iñigo Ugedo Vicariok aurrerapauso bat eman du eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluko presidente berri bilakatu da. Mungian (Bizkaia) jaio zen, 2001ean, eta Industria Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua ikasten ari da une honetan. Celia Rino Pardo ordezkatuko du Iñigo Ugedok. Orain arte hura izan da presidentea, eta orain lehenengo presidenteordea izango da.

Zorionak izendapenarengatik. Zergatik erabaki zenuen hautagaitza aurkeztea?

Eskerrik asko! Unibertsitatera iritsi nintzen lehen egunetik erakarri ninduen ikasleen ordezkari izatearen ideiak. Beti pentsatu izan dut garrantzitsua dela ikasleok ahotsa izatea eta gure komunitateari eragiten dion erabaki orotan gure kezkak kontuan hartzea. Ikasleen Kontseiluaren liderra izateko aukera ikusi nuenean, nire konpromisoaren jarraipen natural gisa ikusi nuen.

Zure aurrekariak, Celia Rinok, eman al dizu aholkurik?

Bai, Celia Rinok aholku garrantzitsu bat eman dit: alderdi pertsonala zaintzeko. Ikasleak ordezkatzen ditugunean, orokorrean, bokazioz egiten dugu. Ondorioz, askotan, albo batera uzten ditugu beste jarduera batzuk, bileretara joateko eta ordezkatzen ditugun ikasleak defendatzeko.

Nola baloratzen duzu aurreko lantaldeak egindako lana?

Uste dut izan direla gauza onak, oso onak. Baina beste gauza batzuk albo batera utzi dira. Ez diot hori lantaldea osatzen zuten kideen ondorioz gertatu zenik, esperientzia faltagatik baizik. Kontuan izan behar da aurreko lantaldeko kide askok ez zutela esperientzia handirik ordezkaritza lanetan. Gainera, araudia aldatu zuten apur bat lehenago, eta horrek apur bat konplikatu zuen lana hasieran. Baina, amaierarako, gauza handiak martxan jartzea lortu zuten. Hori dela eta, aurten, urtebete gehiagoko esperientziarekin, nik aurkeztu dudan taldeko kideak dira Celiak aurkeztu zuen lantaldeko kide asko, baita Celia bera ere. Eta aurpegi berri batzuk ere badira.

Zertan bereizten zarete?

Une honetan, urtebetez elkarrekin lan egin ondoren (ni Bizkaiko Campuseko Ikasleen Kontseiluko presidente gisa eta bera UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko presidente gisa), oso harreman ona dugu eta ados gaude gauza askotan. Gehien bereiziko gaituena gure talde dinamika dela uste dut, baita zereginak taldeko beste kide batzuei eskuordetzeko modua eta Ikasleen Kontseilu gisa ditugun beharrei aurre egiteko Lan Batzordeak sortzea ere. Hala, pertsona bakar bat denaz arduratzea eta pertsona hori “erretzea” saihesten dugu.

Aurkeztu zure taldeko kideak.

Denek esperientzia zabala dute ikasleen ordezkaritzan. Adibidez, Sara bere fakultateko Ikasleen Kontseiluko presidentea, Gipuzkoako Campuseko Ikasleen Kontseiluko presidentea eta Psikologiako Ikasleen Elkarteko (CEP-PIE) idazkari nagusia izan da. Celia ere bere fakultateko Ikasleen Kontseiluko presidentea izan da, eta UPV/EHUko Ikasleen Kontseilukoa ere bai. Unibertsitateko politikari buruzko ezagutza handia du eta, batez ere, eskarmentu handia. Oso ongi mugitzen da gai horietan. Diego Araudi eta Kudeaketa Juridikoko presidenteordea izan da Celiaren agintaldian zehar. Betidanik parte hartu du ehun asoziatiboan eta ikasleen ordezkaritzan. Elkarteak sortzen lagundu izan du, eta hezkuntza arloko kontsulta organoetan parte hartu izan du. Halaber, hainbat postu izan ditu unibertsitateko organoetan, ikasleak ordezkatzeko. Edu Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ikasleen Kontseiluko kide oso aktiboa da eta ikasleen eskubideak defendatu izan ditu beti. Lorea Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikasleen Kontseiluko kidea da, eta fitxaketa oso ona da. Sare Sozialen eta Komunikazioaren arloko presidenteordea da, haren ikasketak direla eta arlo horretan duen ezagutza zabalagatik. Azkenik, Martxel bere gelako ordezkari izaten hasi zen eta CREUPen (Unibertsitate Publikoetako Ikasleen Ordezkarien Koordinakundea) hainbat Batzar Nagusitara joan da. Horrek ezagutza eta esperientzia eman dizkio bere presidenteordetzaren arloan (unibertsitateko politika eta kanpo harremanak). Gainera, gaur egun bere fakultateko Ikasleen Kontseiluko presidentea da.

Zein dira zuen helburu nagusiak?

Aurten unibertsitatean gertatzen diren aldaketetan presentzia garrantzitsua izatea da gure helburu nagusia; esaterako, estatutuen aldaketan. Ikasle guztiengana heldu nahi dugu, eta komunikazio etengabea eta eraginkorra izan nahi dugu UPV/EHUko ikastegi eta campusetako Ikasleen Kontseilu guztiekin.

«Ikasle guztiengana iritsi nahi dugu»

Hori lortzeko, ikasleen eskubideak gogoratzeko kanpainak martxan jartzeko asmoa dugu. Izan ere, askotan, ez gara horiez jabetzen, eta hori gure kalterako izan daiteke. Adibidez, ohikoa da azterketak berrikusi ondoren nota baxuagoa eskura dezakegula uste izatea, baina hori ez da egia, puntuen batuketan akatsen bat ez badago, bederen. Ez da posible dagoeneko zuzenduta dagoen azterketa bat berriro zuzendu eta hasierako nota baino baxuagoa jartzea. Hortaz, lauhileko bakoitzean kanpaina bat kaleratzea da gure asmoa, gure ikaskideei haien eskubideak gogoratzeko edo horien berri emateko.

Gainera, kexen protokoloa eguneratuko dugu. Bidegabekeriak modu anonimoan salatu ahal izateko dugun modu ofizial bakarra da. Orain arte, prozesu hori nahiko gogaikarria zen kexak aurkezten zituztenentzat, eta zaharkituta zegoen.

Berritasunen artean, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluen artean partaidetza plan bat ezarri nahi duzue.

Campusetako eta ikastegi guztietako kontseiluen artean komunikazio sareak sortzea da planaren helburua, ikastegietako ikasleen arteko komunikazioa ona izan dadin eta, hala, elkarrekin kanpainak eta proiektuak martxan jarri ahal izateko.

Nire ustez, azken proiektu hori oso interesgarria da. Izan ere, ikastegietako kontseilu guztiekin eta UPV/EHUko kontseiluarekin aldian behingo bilerak egitea da gure asmoa, izan dituzten arazoak partekatu ahal ditzaten. Izan ere, oso ohikoa da arazoak elkarren antzekoak izatea, ikastegi bakoitzak bere irakasgaiak eta irakasleak izan arren. Gainera, sortu nahi dugun sare horren bidez, jardueren eta proiektuen gaineko ideiak eta proposamenak partekatu ahal izango dira. Hala, beste ikastegi batzuetan errepikatzeko edo elkarrekin batera gauzatzeko aukera izango da.

Zein da zuen lan programa?

Aurkeztu dugun hauteskunde programatik, nire ustez, puntu hauek dira “giltzarriak”: Batetik, ikasleok ditugun eskubideei buruzko kontzientziazio kanpainak. Hainbat kanpaina egingo ditugu ikasleei gure eskubideen berri emateko, hala nola azterketak berrikusteko prozesuari buruz eta kexen protokoloari buruz. Ikasle guztiek beren eskubideen berri izatea ziurtatu nahi dugu. Bestetik, kexen protokoloa eguneratuko dugu. Kexak aurkezteko prozesua modernizatzeko eta arintzeko lan egingo dugu, bidegabekeriak modu anonimoan salatu nahi dituzten ikasleentzat irisgarriagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Eta hirugarren puntu garrantzitsua Ikasleen Kontseiluen arteko Partaidetza Plana da. Ikastegi eta campus guztietako Ikasleen Kontseiluen arteko elkarlana eta komunikazioa sustatzeko plan bat ezarriko dugu. Planaren barruan, noizean behin bilerak egingo ditugu kontseiluen artean arazo komunak, ideiak eta proiektuak partekatzeko. Eta, azkenik, unibertsitateko aldaketa garrantzitsuetan parte hartzea. Modu aktiboan parte hartuko dugu unibertsitateko aldaketa prozesuetan, esaterako, estatutuen aldaketan. Hala, ikasleen interesak modu eraginkorrean ordezkatzea ziurtatuko dugu, eta presentzia nabarmena izango dugu zuzenean eragiten diguten erabakietan.

Nola baloratzen duzu ikasleek unibertsitateko bizitzan duten parte hartzea?

Nire ustez, tamalez, ikasleen parte hartzea oso baxua da. Orokorrean, ikasleok eskoletara joateko baino ez gara etortzen unibertsitatera, eta campusean ahalik eta denbora gutxien igarotzen saiatzen gara. Hori nahiko tristea da. Izan ere, gure bizitzako aldi hau, unibertsitatean gaudenekoa (18 eta 25 edo 30 urte artean), funtsezkoa da elkarteetan parte hartzeko, unibertsitateko kirolak egiteko, nolabaiteko “aktibismo edo militantzia politikoa” egiteko eta eskubideak defendatzeko; ez soilik gure eskubideak, baizik eta euren kabuz defendatu ezin dituzten pertsona edo kolektiboenak. Eta unibertsitatea, unibertsitate publikoa, hori egiteko leku segurua izan da historikoki, eta hala jarraitu behar du.

Zure iritziz, nola sustatu daiteke ikasleak unibertsitatearen parte sentitzea?

Oso zaila da, oso errotuta baitugu unibertsitatera ikastera bakarrik etortzea. Eskoletara joaten gara, eta ahalik eta lasterren alde egiten dugu. Oso txikiak garenetik egiten dugu hori, Lehen Hezkuntzatik; ia inori ez zitzaion eskoletara joatea gustatzen; ia behartuta joaten ginen. Unibertsitatean gauza bera gertatzen da. Tramiteko urte batzuen gisara ikusten dugu, etorkizunean beti nahi izan dugun lana lortzeko. Ez dugu ikusten pertsona gisa prestatzeko, gure ezagutzak zabaltzeko eta aurreko galderan aipatu ditudan jarduera guztiak garatzeko leku gisa.

Oso gai zaila da. Horri buelta emateko, elkarteak eta proiektuak sortzea bururatzen zait, eta horiek ezagutzera ematea eta sustatzea. Adibidez, Ingeniaritza Eskoletan, motor bat, auto bat, suziri bat, gitarra elektriko bat edo itsasontzi bat garatzen da urtero. Urpekoa baino ez zaigu falta. Proiektu mota horiek oso urriak dira beste fakultate batzuetan. Agian, interesgarria izango litzateke horiek ezarri ahal izateko formula bilatzea.

Gainera, uste dut zuzeneko eragina duela oraindik ere, kasu askotan, benetako ebaluazio jarraitua ez aplikatzeak. Nire ustez, ebaluazio jarraitua aplikatzeak asko hobetu dezake unibertsitatearen parte sentitzea. Izan ere, irakasgai bat gainditzeko ez litzateke nahikoa izango amaierako azterketara joatea; beharrezkoa izango litzateke proiektuak garatzea, aurkezpenak egitea, etab. Ondorioz, pertsonek askoz denbora gehiago pasatuko lukete campusean, ikasketa geletan eta campuseko aire zabaleko eremuetan.

Nola ikusten duzu unibertsitatea? Zer aldaketa egin beharko lirateke?

Pertsonalki, ia denbora gehiago pasatzen dut unibertsitatean, nire etxean baino. Asko gustatzen zaidan leku bat da, eta Ikasleen Kontseilutik egiten ditugun ekarpen txikien bidez, gutxika, unibertsitate hobea lortzen ari garela sentitzea gustatzen zait.

Unibertsitate oso ona eta indartsua dugula uste dut, harro egoteko modukoa. Dena den, egia da aldaketa batzuk behar direla, bai UPV/EHUn, bai unibertsitate sistema orokorrean. Adibidez, lehen aipatu dudan moduan, gaur egun ez da benetako ebaluazio jarraitua aplikatzen, horrek dituen ondorio guztiekin. Ebaluazio jarraitua deitzen dioten zerbait aplikatzen digute, baina benetan jarraitua ez dena. Entregagai eta txosten pila bat egiten ditugu, notarako ia balio ez dutenak. Gainera, askotan, amaierako azterketa gainditzea ia ezinbesteko baldintza da irakasgaia gainditzeko, lauhilekoan zehar egindako lana kontuan hartu gabe.

«Harro egoteko moduko unibertsitatea dugu»

Gainera, hemendik gutxira unibertsitateko estatutuak aldatuko dituzte. Hori oso garrantzitsua da eta, Ikasleen Kontseilu gisa, erantzukizun oso handia dugu, horren araberakoak izango direlako aurrerantzeko aldaketa asko.

Orokorrean, unibertsitatea bigarren etxe gisa ikusten dut; ez nire etxea, ezta unibertsitateko kideena ere, mundu osoarena baizik. Hortaz, hura erabiltzen dugun pertsonek, hau da, ikasleek, irakasleek eta langileek, zaindu egin behar dugu. Erantzukizun bat dugu, unibertsitateko kideak izan ez arren, osasun publikoa, azpiegiturak eta, noski, hezkuntza eta unibertsitate publikoa posible izan daitezen zergak ordaintzen dituzten pertsonekin. Hori dela eta, kritikoak izan behar dugu gure unibertsitatearekin eta gauzak aldatzen saiatu behar dugu, baina beti errespetuz eta eraikitzaileak izanez. Espazio honetan ikuspuntu eta iritzi ugariko pertsonak daudela ulertu behar dugu, eta denon artean zaindu beharreko espazio bat dela.

Zein izango litzateke presa handiena duen gaia, ikasleekin lotuta?

Lehen aipatu ditugu, gutxi gorabehera. Nire ustez, bi puntu garrantzitsuenak partaidetza hobetzea eta parte izatearen sentimendua dira. Horretarako, giltzarria izango da une honetan garatzen ari diren bigarren Ikasleen Partaidetza Plana; horretan laguntzen saiatzen ari da Kontseilua. Eta, bigarren puntu “giltzarria” Bolonia Planaren benetako aplikazio eraginkorra izango litzateke. Egia da azken horretarako ezinbestekoa dela finantzaketa eta, hortaz, uste dut unibertsitateko sektore guztiek egin beharko genukeela presioa inbertsioa handitzeko eta, hala, gutxienez, LOSUk markatzen duen BPGaren % 1era iristea lortzeko.