euskaraespañol

Image of the day

Nola lagundu dezakeen inpaktuaren ebaluazioak unibertsitateen lanak hobetzen

ENLIGHT Europako Unibertsitate Aliantzaren lehen Impact Conference hasi berri da

  • News

First publication date: 30/03/2023

Enlight Impact Conferenceko parte hartzaileen talde argazkia | Photo: Fernando Gómez. UPV/EHU

ENLIGHT Europako Unibertsitate Aliantzaren (Euskal Herriko Unibertsitatea Aliantzaren kide da) lehen Impact Conference hasi berri da. Hasiera ekitaldian, Bizkaia Aretoan, Eva Ferreira, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, eta Cisca Wijmenga, Groningeneko Unibertsitateko (Herbehereak) errektorea eta ENLIGHTeko Gobernu Kontseiluko egungo presidentea izan dira.

“Biltzarraren helburuak bat datoz ENLIGHTekin, gure unibertsitate-sare europarrarekin: bizi-kalitate zuzena, jasangarritasuna eta konpromiso globala sustatzea, goi-mailako hezkuntza eraldatuz. Aukera ona da inpaktu-kontzientzia nola handitu eztabaidatzeko, inpaktua ebaluatzeko ikuspegi desberdinei buruz partekatzeko eta ikasteko, inpaktuak bultzatutako ikerketa-agenda komunak sustatzeko oztopoak eta aukerak eztabaidatzeko, eta, azkenik, unibertsitate-aliantzak nola ari diren inpaktua sortzen eta Europako hezkuntza eta ikerketa arloak eraldatzen ulertzeko”, adierazi du Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak bere hitzaldian-.

ENLIGHTen Inpaktuari buruzko lehen konferentzia hau UPV/EHUk antolatu du, martxoaren 30ean eta 31n, Bizkaia Aretoan, eta inpaktuari buruzko nazioarteko aditu nagusiak bilduko ditu, ekosistema akademikoaren barruan eta kanpoan, unibertsitateen jarduera-espektro osoan eragina integratzea ahalbidetuko duten ikuspegiak eztabaidatzeko, hezkuntzan, ikerketan, berrikuntzan edo gizarte-konpromisoan.

Hitzaldian honako hauek eztabaidatuko dira: nola areagotu kontzientziazioa, ezagutza-maila eta ekintzara igarotzea, erakunde akademikoen eta horien langileen inpaktuari dagokionez; inpaktua ebaluatzeko ikuspegi desberdinak partekatuko dira; inpaktuari begira ikerketa-programa komunak sustatzeko dauden oztopo eta aukerak aztertuko dira; eta, azkenik, begiratuko da unibertsitate-aliantzak nolako inpaktua sortzen ari diren eta nola aldatzen ari diren Europako Hezkuntza eta Ikerketa Guneak

Hizlarien artean, honako hauek daude: Guido Van Huylenbroeck, ENLIGHT proiektuaren koordinatzailea eta Ganteko Unibertsitateko (Belgika) Nazioartekotzeko zuzendari akademikoa; Steven Hill, Research England-eko (Erresuma Batua) Ikerketako zuzendaria,; Anika Duut van Goor, AESIS Network for Advancing & Evaluating the Societal Impact of Science erakundeko zuzendaria, eta John Edwards, Europako Goi Mailako Hezkuntza Erakundeen Elkarteko (EURASHE) idazkari nagusia. Tokiko ordezkarien artean, Leire San José, UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko katedraduna, eta Igor Campillo, ENLIGHTeko Inpaktu Lantaldeko burua eta Euskampus Fundazioko zuzendaria daude, besteak beste.

Gainera, hainbat saio eta mahai-inguru eskainiko dira, non parte-hartzaileek eta entzuleek praktika onak  eta ezagutzak trukatuko dituzten unibertsitateek gizartean duten inpaktuari buruz. Bestalde, Europako unibertsitate aliantza honen ‘Inpaktu Enbaxadoreak’ ezagutaraziko dira eta Inpaktuaren ENLIGHT Sariak iragarriko dira. Sari horiek inpaktua planifikatzen eta lortzen eredugarriak izan diren ENLIGHT unibertsitateetako taldeei emango zaizkienak.

ENLIGHT Impact Conference-ren egitarau osoa

ENLIGHT Impact Conference-ren webgune ofiziala

 

ENLIGHT Europako Unibertsitate Aliantza

ENLIGHT Europako Unibertsitate Aliantzan, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, unibertsitate hauek daude: Bordele (Frantzia), Gante (Belgika), Groninga (Herbehereak), Gotinga (Alemania), Comenius-Bratislava (Eslovakia), Tartu (Estonia), NUI Galway (Irlanda) eta Upsala (Suedia). Haren helburua da ekitatezko bizi-kalitatea, iraunkortasuna eta konpromiso globala sustatzea, goi-mailako hezkuntza eraldatuz. ENLIGHTen helburua da Europako goi-mailako hezkuntzaren funtsezko eraldaketa bat egitea, ikasleak munduarekin konprometitutako herritar gisa gaitzeko, ezagutza, gaitasun eta berrikuntza-ahalmen aurreratuenez hornituta, gizarte-trantsizio handiei aurre egiteko eta bidezko bizi-kalitatea eta iraunkortasuna sustatzeko.

Inpaktuaren ebaluazioa ezarritako ekimenak eraldaketa horri laguntzen dioten neurtzen saiatzen da. Izan ere, ENLIGHTen misioaren muinean inpaktua dago bere ezaugarri bereizgarrietako bat bezala. ENLIGHTek inpaktuan oinarritutako kultura sustatu nahi du, bai ENLIGHTeko  unibertsitateen barruan, bai kanpoan, inpaktuari begira kudeaketa-jardunbide egokien eredu bat sustatuz.

ENLIGHT European University Network to promote equitable quality of Life, sustainability and Global engagement through Higher education Transformation akronimoa da. Osatzen duten bederatzi unibertsitatek urtean 300.000 ikasleri baino gehiagori ematen diete prestakuntza, eta konpromiso sakona dute beren gizarte-erantzukizunarekin.

ENLIGHT Europako Unibertsitatearen Aliantzari buruz gehiago.