UPV/EHUko 19 gradutan gutxieneko nota 12tik gora dago
19.000 pertsonak izena eman dute Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak egiteko
- News
First publication date: 16/07/2022
Euskal Herriko Unibertsitateak hasiko du astelehenean, uztailak 18, 2022-2023 ikasturtean graduko ikasketak hasiko dituzten ikasle berrien matrikulazioa. Hain zuzen ere, izena eman duten 19.085 pertsonen eskaerak ordenatu dira, iaz baino 600 gehiago. 19 gradutan gutxieneko nota 12tik gora dago. Datorren astelehenetik ostegunera arte, hau da, uztailaren 18tik 21era, lehen deialdian deitutakoak gradua egingo duten UPV/EHUko ikastegira bertaratuko dira beren matrikula gauzatzeko edo, Medikuntzako graduan izan ezik, online egingo dute .
Lehen ordenatze horretan, hauexek izan dira gutxieneko notarik altuena izan duten 25 graduak:
“Ikasturte honetan, berriz ere, gora egin du graduko unibertsitate-ikasketak egiteko Euskal Herriko Unibertsitatearen alde egiten duten pertsonen kopuruak, eta horrek erakusten du euskal gizarteak konfiantza handia duela unibertsitate publikoan. Halaber, 19 gradutan gutxieneko nora 12tik gora dago, eta 43 gradutan 10etik gora. Horrek esan nahi du gure unibertsitate publikoan gutxienez 1.500 ikasle sartuko direla 12tik gorako notarekin, eta gutxienez 3.000 ikasle 10etik gorako notarekin. Datu horiek erakusten dute gure unibertsitatearen graduko eskaintzak, oro har, oso harrera ona duela ikasleen artean”, Laura Vozmediano Graduko eta Hezkuntza Berrikuntzako errektoreordeak adierazi duenez.
8.425 plazen eskaintza
Euskal Herriko Unibertsitateko fakultate eta eskoletan guztira 8.425 plaza eskainiko dira datorren ikasturtean. Plaza horiei gehitu behar zaizkie UPV/EHUri atxikitako hiru ikastegietako (Bilboko Merkataritza Ganberako Unibertsitate Eskola; Gasteizko Erizaintza Eskola; IMHko Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskola), hiru graduenak, guztira, 230 plaza. UPV/EHUk datorren ikasturtean 105 gradu eskaintzen ditu. Horietariko 14 gradu bikoitzak dira, bi gradu bikoitz gehitu baitira aurten (Ingeniaritza Zibila + Arkitektura Teknikoa, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan; eta Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua, Vitoria-Gasteizeko Ingeniaritza Eskolan.
Gainera, hamaika graduk prestakuntza dualeko proiektuak garatzen dituzte, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak unibertsitatean eta enpresan uztartzen dituen eredua. Prestakuntza duala albo batera utzirik, ia ikasle guztiek dute aukera praktikak egiteko bertako enpresa, erakunde, GKE edo elkarteetan, eta urtero 11.500 praktika inguru egiten dira; % 35, borondatezkoak.
Hizkuntzari dagokionez, gradu guztiak bi hizkuntza ofizialetan egin daitezke. Gainera, gorantz jarraitzen du beste hizkuntza batzuetako eskaintzak. Business + Economics Gradu Bikoitza ingelesez ematen da; Lehen Hezkuntza, modalitate hirueledunean, Hezkuntza eta Kirol Fakultatean (Arabako Campusa) eta Bilboko Hezkuntza Fakultatean. Bilboko fakultate horretan Haur Hezkuntza ere ematen da modalitate hirueledunean. Gainera, gradu gehienek ingelesezko irakasgaiak dituzte (800 baino gehiago dagoeneko), baita beste hizkuntza batzuetan ematen diren irakasgaiak ere (180 inguru). Lau graduk nazioarteko aipamena dute, Unibasq Kalitate Agentziak ematen duen aipamena ikaslegoaren nazioartekotzea sustatzeagatik. Ildo horretan, nabarmentzekoa da UPV/EHUko graduko lau ikasletik batek nazioarteko mugikortasun esperientzia bat izan duela ikasten ari den bitartean.
Matrikula prozedura
Uztailean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren ohiko deialdian gainditu duten Batxilergoko ikasleak matrikulatzen dira, hala nola Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak, 25 eta 45 urtetik gorakoak eta lan esperientzia dutenak eta titulatuak, besteak beste. Uztailaren 18tik 21era luzatuko den lehenengo matrikularako epe hau eta gero, bigarren deialdian (uztailak 23) deitutakoak uztailaren 26 eta 27an matrikulatuko dira, eta hirugarrenean (uztailak 28) deitutakoak, uztailaren 29an. Bi deialdi horietan aurreko ordenazioan libre geratu diren plazak esleitzen dira. Geroago, irailean, beste hiru deialdi egongo dira.