euskaraespañol

Image of the day

Naiara Ozamiz eta Eneritz Jiménez Etxebarria

Emozioak heztea eskolan: gizarte osasuntsuagoa lortzeko bidea

Hezkuntza eta Psikologia Ebolutiboa saileko ikertzaileak

  • Cathedra

First publication date: 17/10/2024

Naiara Ozamiz eta Eneritz Jiménez Etxebarria | Photo: Fernando Casabella. UPV/EHU.

Artikulu hau jatorriz The Conversation atarian argitaratuta dago.

Emozioak barne erreakzioak dira, inguruan gertatzen diren egoeren aurrean bizitzen ditugunak. Pentsatzen duguna ez ezik, gure gorputzak nola erantzuten duen eta sentimenduak nola adierazten ditugun ere erreakzio horien parte dira. Zenbaitetan, emozioak bat-batean sortzen dira eta sutsuak izan daitezke. Hala, baliteke kudeatzen edo, are, deskribatzen zailak izatea. Jaiotzen garenetik, denok bizitzen ditugu emozioak. Pertsona bakoitzak modu paregabean bizitzen dituen arren, unibertsalak dira funtsean, eta ingurunera egokitzen laguntzen digute.

Paul Ekman psikologoak gizaki guztiok, kultura ezein izanda ere, sentitzen ditugun oinarrizko sei emozio identifikatu zituen: tristura, haserrea, nazka, poza, beldurra eta harridura. Emozio horiek funtsezkoak dira bizirik irauteko, eta erreakzionatzen laguntzen digute bizitzan suertatzen diren egoeren aurrean. Geroago, mespretxua gehitu zuten oinarrizko zazpigarren emozio gisa, eta interakzio sozialetan duen garrantzia azpimarratzen du horrek.

Emozioek oinarrizko hiru osagai dituzte:

  • Osagai subjektiboa, gure pentsamendu eta pertzepzioak biltzen dituena. Adibidez, batzuetan “ezer ez zaigula ondo ateratzen” pentsarazten digu tristurak.
  • Osagai fisiologikoa, hots, gorputzaren erreakzio fisikoak; esate baterako, bihotz erritmoa bizkortu egiten da beldurra sentitzen dugunean.
  • Jokabidearen osagaia, edo nola adierazten ditugun emozioak keinu eta ekintzen bidez. Urduritasunak hankak mugitzen hastea eragiten du, kasurako.

Gainera, emozioek funtzio garrantzitsuak dituzte gure bizitzan. Egokitzeko funtzio bat dute, egoerei aurre egiteko prestatzen gaitu eta. Hain zuzen ere, beldurrak arriskuak saihestera eramaten gaitu. Funtzio soziala ere badute, besteekin komunikatzen eta loturak eratzen laguntzen digutelako. Halakoxeak dira irribarreak, irekitasuna adierazten dute eta. Azkenik, motibatzeko funtzioa dute, emozioa eta motibazioa elkarri lotuta daudelako, eta helburuak erdiesteko bulkada ematen baitigute jarrera positiboarekin.

Adimen emozionala: adimen kozienteaz harago

Denbora luzean, adimena eta emozioak bereizita aztertu izan dira. Adimena eremu akademikoan kokatu zen, eta emozioak, eremu psikologikoan. Tradizioz, adimen kozientearen bitartez neurtu da adimena, eta horrek abilezia kognitiboei begiratzen die. Halarik ere, ikuspegi horretan ez da kontuan hartzen nola kudeatzen ditugun geure edo besteen emozioak, nahiz eta hori ezinbestekoa den bizitzan arrakasta izateko.

Adimen emozionalaren kontzeptua Saloveyk eta Mayerrek taxutu zuten 1990ean, eta Daniel Golemanek hedatu zuen 1998an. Hainbat abileziak osatzen dute adimen emozionala; besteak beste, geure eta besteen emozioak identifikatu eta kudeatzeak. Helburua da nola sentitzen garen ulertzea, sentimendu horiek eraginkortasunez kudeatzea eta ulertze hori erabiltzea arazoak konpondu eta harremanak hobetzeko.

Bost abilezia emozional

Daniel Golemanek psikologo entzutetsuak adimen emozionala osatzen duten oinarrizko bost abilezia identifikatu zituen. Ez alferrik, adimen emozionalak funtsezko zeregina du ongizate pertsonalean eta besteekiko harremanetan:

  • Kontzientzia emozionala gure emozioak sortzen diren unean bertan antzemateko gaitasuna da.
  • Autorregulazioak berehalako erreakzioak gu amain ez eramateko balio du.
  • Motibazioa.
  • Enpatia.
  • Abilezia sozialak ezinbestekoak dira harreman positiboak ezarri eta edukitzeko. Horrelako abilezia bat da eraginkortasunez komunikatu, gatazkak konpondu eta taldean lan egiteko gaitasuna.

Gizartearen joera adimen kognitiboari balioa ematea izan da. Nolanahi ere, hainbat ikerlanetan frogatu da adimen hori ez dela aski arrakasta akademikoa, lanekoa eta pertsonala ziurtatzeko. Beren emozioak hobeto kudeatzen dituzten pertsonak eraginkortasun handiagoz egokitu ohi dira gizarte, eskola eta lan inguruneetara.

Emozioak eskolan

Adimen emozionala egokia baldin bada lehen hezkuntzatik bertatik aurrera, etorkizunean antsietatea edo depresioa pairatzeko aukerak gutxitu egiten dira. Azken urteotan, izan ere, gaixotasun horiek nabarmen areagotu dira, gazteen artean bereziki, eta Osasunaren Mundu Erakundearen kezkarik handienetako bat dira gaur egun.

Azterlan ugaritan ikertu da zein den adimen emozionalaren eta jarduera akademikoaren arteko erlazioa, eta konexio nabariak aurkitu dituzte. Adimen emozionaleko maila handia duten ikasleek emaitza akademiko hobeak lortu ohi dituzte, gaitasun horrek estresa eta emozioak kudeatzen laguntzen duelako, ikaskide zein irakasleekiko harremanak hobetzen dituelako eta arazoak konpontzeko abileziak indartzen dituelako.

Errendimendu akademikoan ez ezik, funtsezkoa da bizitzan eta ongizatea orokorrean ere.

Nola irakatsi adimen emozionala

Heziketa emozionalaren helburu nagusiak hauek dira: norbere eta besteen emozioak ulertu eta erregulatzea, frustrazioarekiko tolerantzia handitzea eta bizitzarekiko jarrera positiboak sustatzea.

Abilezia horiek praktikatzeko, irakasleek elkarrizketa emozionaleko espazioak sortu ditzakete: minutu batzuk horretara bideratu ditzakete eskola egunaren hasieran edo amaieran, eta, era horretan, nola sentitzen diren azaldu ahalko dute ikasleek. Norbere emozioetara ohitzeaz gain, horrelako espazio batek elkar ulertzea sustatzen du ikasgelan, eta laguntza giroa sortzen da.

Arnasa hartu, jolastu, entzun

Beste jarduera erabilgarri bat arnasa hartu eta erlaxatzeko teknikak txertatzea da. Arnasa hartzeko, erlaxatzeko eta meditatzeko ariketa laburrak egin daitezke ikasleekin. Hartara, antsietatea edo estresa kudeatzeko tresnak izango dituzte, bereziki haurtzaroko etapetan bizi ditzaketen une kritikoetan.

Jolasa ere erabilgarria da enpatia garatzeko. Rolen jolasak edo talde dinamikak baliatuta, ikasleak besteen larruan jar daitezke, eta hori lagungarri zaie besteen emozioak ulertzeko eta abilezia sozialak eta gatazkak konpontzeko gaitasuna hobetze aldera.

Orobat, gai emozionalak jorratzen dituzten irakurketak edo ipuinak erabiltzea bikaina da sentimenduak kudeatzeko moduari buruzko eztabaidak pizteko ikasgelan. Pertsonaien bitartez, haurrek egoera zailei nola heldu ikas dezakete adibide zehatzetatik, eta jarraitzeko moduko ereduak eduki norbere jokabide emozionala hobetzeko.

Emozioak egunerokoan ebaluatzea

Emozioak ez dira eremu akademikoan soilik antzeman behar. Atzeraelikadura emozionala ematen baldin bada (erresilientzia, elkarlana... sarituz), abilezia emozionalak garatzearen garrantzia indartzen da. Alderdi horiek kontuan hartuta, haurrek uler dezakete arrakasta notez eta azterketez harago doala.

Bestalde, arazoak konpontzeko tailerrak aukera aparta dira autorregulazio emozionala eta talde lana sustatzeko, horrelakoetan ikasleek batera egiten baitute lan irtenbideak aurkitzeko. Irakasleak gidaturik, benetako edo fikziozko gatazkei modu eraikitzailean aurre egiten ikasten dute.

Bukatzeko, ebaluazio emozionala tresna garrantzitsua izan daiteke. Ezagutza akademikoak ebaluatzen diren bezalaxe, irakasleek ikasleen aurrerapauso emozionalen jarraipena egin dezakete. Modu horretan, norbere garapen emozionalari buruz hausnar dezakete, eta jomuga pertsonalak finkatu. Autonomia eta heldutasun handiagoak susta daitezke halaxe.

Etorkizun osasuntsuago bat

Adimen emozionalean inbertitzea etorkizun osasuntsuago eta erresiliente baten aldeko apustua da, bai ikasleentzat bai gizartearentzat oro har. Haurrei beren emozioak kudeatzen eta ulertzen lagunduz, ingurune positiboagoa sortuko dugu eskolan eta komunitate sendoago baten oinarriak finkatuko ditugu.

Azken batean, gaurko haurrak biharko nerabeak eta gazteak izango dira, eta, geroago, etorkizuneko gizartea osatuko duten helduak. Horregatik, funtsezkoa da gizarte hori osasuntsua izateko lan egitea, eta ez komunitate deprimitu eta oldarkor bat.