euskaraespañol

image of the day

Eraldaketa Digitalerako Ministerioak 4.000.000 € eman dizkio UPV/EHUren 5G/6G azpiegitura esperimental bati

Bilboko Ingeniaritza Eskolako I2T ikertaldeak jarriko du martxan Fabrikazio Adimenduneko teknologia aurreratu hori

  • News

First publication date: 03/06/2024

Maider Huarte, Mikel Uriarte, Jasone Astorga, Eduardo Jacob, Mariví Higuero, Juanjo Unzilla eta Nerea Toledo. | Photo: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoko Ministerioak, Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatuko Idazkaritzaren bidez, 3.975.356 € eman dizkie UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako I2T ikertaldeak (Ikerkuntza eta Ingeniaritza Telematikoa) UNICO I+D 6G Programaren 2022ko eta 2023ko deialdietara aurkeztutako bi proiekturi, SN4E eta SN4E+ (Smart Networks for Everything) ikerketa azpiegiturak finantzatzeko bi finantzaketa programaren bidez.

Proiektu anbiziotsu horiek gertuago daude zientzia aplikatutik, oinarrizko zientziatik baino, eta 5G eta 6G azpiegitura aurreratuak hedatzea proposatzen dute hainbat ingurunetan aplikatzeko. Eduardo Jacob Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzailea da I2T ikertaldearen burua. UPV/EHUko hainbat ikertalderen babesa du I2T ikertaldeak, diziplina anitzeko eta diziplinarteko hurbilketa baten bidez, eta arlo ugari lantzen ditu: IKT, 5G/6G, Fabrikazio Adimenduna, sareak denbora errealean, prozesuen automatizazioa, komunikazio optikoak, modelatze matematikoa, seinalearen tratamendua eta irrati komunikazioak, osasun zientziak eta lege zientziak.

“5G eta 6G teknologiek ingurune industrialetarako eta zerbitzu aurreratuetarako funtsezkoak diren hainbat aurrerapen dakartzate, hala nola konexio abiadura ultra azkarrak, itxarote denbora baxua eta aldi berean gailu asko konektatzeko gaitasuna; hori dela eta, funtsezko elementuak dira 4.0 Industriarentzat”, esan du Eduardo Jacobek, proiektuaren buruak.

5G teknologia horrek askoz prestazio gehiago ditu gaur egun iragartzen diren smartphone bateragarri batean topa ditzakegunak baino, Jacoben esanetan. Hain zuzen ere, ekipo horiekin, 5G teknologiak askoz ere deskarga ahalmen eta abiadura handiagoak eskaintzen ditu.

“Gainera, teknologia horrek aukera ematen du kostu oso baxuko sentsoreak izateko. Horiek gai dira urtetan zehar informazio zati txikiak bidaltzeko, bateria txiki baten edo eguzki panel baten energia bakarrik erabilita, edo inguruneko energia berreskuratuta. Horrek aukera ematen du basoen gisako eremu handietan edo urrutiko eremuetan sentsoreak hedatzeko eta ingurumen parametroak monitorizatzeko”, gehitu du.

“Era berean, ekipo egokiekin, aukera ematen du kablerik gabeko esteka erredundanteak emateko, ia bat-batekoak, atzerapen oso baxu eta konstantearekin”, esan du. “Horrek aplikazio berriak ahalbidetzen ditu, hala nola ibilgailu autonomoak edo urruneko ebakuntza robotikoak, baita zeregin konplexuak ebazteko denbora errealean eta modu autonomoan komunikatzen diren roboten sareak ere; eta, noski, 4.0 Industria”, azaldu du.

Ekipamendu horiek hobetu egingo dute 5G eta 6G-aren arloko ikerkuntza azpiegitura, Smart Networks for Everything (SmartNets4E) izenekoa, eta UPV/EHUren hiru kokaguneetan hedatua: Zamudioko Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa, Leioako errektoregoa eta Bilboko Ingeniaritza Eskola.

 “Ikertaldeak Bilbon, Leioako errektoregoan eta Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroan (FAAZ)) hedatutako laborategiko azpiegituran 5G eta harekin lotutako teknologiak hedatzeko eta ebaluatzeko balioko du 4.000.000 euroko laguntzak, eta 4.0 Industriaren esperimentazioa egingo da laborategi horretan”, azaldu du.

Komunikazio teknologia aurreratu berrien gaineko ikerketa paneuroparra

Azpiegitura hori (SmartNets4E), SLICES-RI ikerketa azpiegitura paneuroparraren parte da (Eskala handiko azpiegitura zientifikoa, informatika eta komunikazio arloko azterlan esperimentaletarako). SLICES-RI azpiegitura European Strategy Forum on Research Infrastructureren (ESFRI) bide orrian sartuta dago 2021eko ekainaz geroztik. Komunikazio teknologien gaineko eskala handiko ikerketa esperimentalei laguntzeko diseinatutako plataforma malgua da SLICES-RI.

Euskal nodoa, Bilboko Ingeniaritza Eskolako I2T ikertaldeak lideratzen duena, Estatuko mota horretako bigarren nodoa da eta, haren tipologiagatik, zuzenean eta banda zabalera handiarekin konekta daiteke eskuragarri dauden sare akademiko guztietara, Europako GÉANT sarera barne. Industriarako sare adimendunen gaitasunak areagotu nahi ditu SLICESek, komunikazio teknologia berrien gaineko ikerketa ahalbidetuz; esaterako, 6G, TSN edo teknologia kuantikoen gaineko ikerketa. Halaber, sektore berrietara hedatu nahi du aplikagarritasuna, hala nola eOsasuna, mugikortasuna edo Smart Cities sektoreetara.

“Sektore akademikoaren, sektore industrialaren eta gizartearen artean ezagutza partekatzeko ikerketa eta esperimentazio ingurune bat hedatzea proposatzen du proiektu honek. Testuinguru horretan, autonomia erkidegoko eragile guztiei 5G/6G arloko ikerketarako baliabideak emango dizkien azpiegitura bat proposatzen da, aldi berean zerbitzu berritzaileak eskainiko dizkiena hainbat bertikali: fabrikazio aurreratua (Zamudioko egungo nodoaren bidez) osasuna, hezkuntza, garraioa eta mugikortasuna (Bilboko Ingeniaritza Eskolako nodoaren bidez) eta campus akademikoa (Leioako nodoaren bidez)”, zehaztu du.