euskaraespañol

Image of the day

G9 unibertsitate taldearen iritzia Espainiako unibertsitateek ikerketaren arloan aurrean dauzkaten erronkez

Taldeak ohartarazi du NextGenerationEU funtsen kudeaketan gehiegizko burokrazia dagoela, eta hori kolokan jartzen ari dela proiektu garrantzitsuen gauzapena

First publication date: 16/10/2023

G9 unibertsitate taldearen Ikerketa Batzorde Sektorialaren talde argazkia. | Photo: Fernando Gómez. UPV/EHU.

G9 unibertsitate taldearen Ikerketa Batzorde Sektoriala urriaren 9an eta 10ean bildu da Bilbon, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean. Ehun eta berrogei arduradun baino gehiago elkartu dira –ikerketaren eta transferentziaren arloko adituak G9 taldea osatzen duten unibertsitate publikoetakoak–, eta, zortzi lantaldetan antolatuta, unibertsitateko ikerketarekin eta haren gaur egungo erronkekin lotutako hainbat gai aztertu dituzte, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko errektore José Julián Garderen gidaritzapean.

Une historiko batean gaude. Ikerketarako baliabide ekonomiko garrantzitsuak ditugu, eta hori, ezbairik gabe, inoiz ez bezalako aukera da Espainiako zientzia sistema eraldatzeko. Hala ere, horrekin batera, nabarmen handitu da gure unibertsitateen karga administratiboa, eta ez dute giza baliabide nahikorik funts horiek modu eraginkorrean kudeatzeko. Zenbait ministerioren arteko koordinazioak badu zer hobeturik, eta zaila da Espainiako unibertsitate sistemaren azken arau aldaketak testuinguruan jartzea.

Espero izatekoa da Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) funtsak amaitu ondoren, oraingo finantzazio mailari eustea, edo are denborarekin areagotzea ere.  Batzordeak ezinbestekotzat jotzen du behar diren mekanismoak eta deialdiak berreskuratzea aurrera eraman ahal izateko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Legean araututako ikerketa karrera profesionala, talentua gure unibertsitateetara erakarri eta bertan atxikitzeari begira.

Burokrazia, bat-batean hanpatuta

Batzordeko kideek kezka bizia agertu dute Espainian bat-batean oso konplexu bihurtu delako unibertsitate ikerketarako funtsak kudeatzea, eta jarraibide eta tresna argirik ez dagoelako. Horrek eragiten die, batez ere, SEMek finantzatutako proiektu eta dirulaguntzei, Estatuko Planaren azken deialdietako batzuk barne, eta arriskuan jartzen ditu abian diren proiektuak.

Horri dagokionez, G9ak aldarrikatu du funts horiek modu eraginkorrean kudeatu ahal izateko ezinbestekoa dela haiekin batera behar diren giza baliabideak ematea.

Ministerioen arteko koordinazioa eta unibertsitateen eginkizuna

Espainian ikerketaren % 70 unibertsitateek egin arren, unibertsitateen arloko eskumenak ez daude Estatuko ikerketa eta berrikuntza politikak zehazten dituen ministerioaren mende. G9ak azpimarratu du beharrezkoa dela ministerioak hobeto koordinatzea ikerketa kudeatzeko, eta proposatu du ikerketaren eta berrikuntzaren arloko eskumenak eta unibertsitateen arloko eskumenak dituzten ministerioak ados jartzea eta ikuspegi bateratu bat hartzea zientziaren ekosistema hobetzeko bideaz. Ildo horretatik, G9ko Ikerketa Batzordeak gogorarazi du, beste behin ere, zientzia politika egiteko beharrezkoa dela unibertsitateak aintzat hartzea.

G9 unibertsitate taldea

G9 unibertsitate taldea elkarte bat da, 1997an sortua, eta beren autonomia erkidegoan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatua. Hauek dira kideak: Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Kantabriako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Oviedoko Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea, eta Murtziako Unibertsitatea, laguntzaile gisa.