euskaraespañol

Egin ez zen akats historikoa

Bihar emakumeen sufragioa onartu zeneko 90. urteurrena izango da

  • Report

First publication date: 30/09/2021

Emakume talde bat ‘Viva el feminismo’ esaldia erakusten
Emakume talde bat ‘Viva el feminismo’ esaldia erakusten (Donostia, 1932). Argazkia: Ricardo Martín. Fotocar Fondoa. Kutxateka.

«Ez egin inoiz emakumea Errepublikatik kanpo uzteko akats historikoa, ez baituzue nahikoa denbora izango akats horrengatik negar egiteko. Emakumeak indar berri bat irudikatzen du, indar gazte irrikatsu bat, bere buruari Humboldten esaldia aplikatzen diona, hots, askatasuna baliatzeko eta guztiontzat eskuragarri egiteko modu bakarra askatasunaren barnean ibiltzea dela». Pasarte hori Clara Campoamorrek 1931ko urriaren 1ean Espainiako Parlamentuan emandako mintzaldiari dagokio. Eta Campoamorrek bere helburua lortu zuen, emakumez osatutako hiru aulki baino ez zituen hemiziklo hartan aldeko 161 boto, kontrako 121 boto eta 188 abstentzio lortu baitzituen, izan ere, 23 urtetik gorako emakumeek –gizonek bezalaxe– boto eskubidea baliatzeko proposamen horrek. Bihar beteko da, beraz, Espainiako estatuan emakumeek sufragiorako eskubidea eskuratu zuteneko 90. urteurrena.

Parlamentuan, Clara Campoamor (Madril, 1888 - Lausana, 1972) Partido Republicano Radical alderdiko diputatuak bakarrik aldeztu zuen emakumeen sufragiorako eskubidea. Beste bi emakumeak ere ez zituen kontuan hartu: Margarita Nelken, PSOEkoa, ez zegoen proposamenaren alde; Partido Republicano Radical Socialista alderdiko Victoria Kent-ek, berriz, adierazi zuen onartzekotan, emakume unibertsitarioek baino ez zutela izan behar bozkatzeko eskubidea. Zirudiena gorabehera, Campoamor ez zen hori zeritzon bakarra. «XX. mendearen hasieratik sortu ziren emakumeen elkarte jakin batzuen atzean lan handia dago. Ez zen izan britainiarren moduko mugimendu sufragista bat, lobby baten antzera eta prentsaren bidez lan egiten baitzuten; izan ere, aldizkari feminista propioak zituzten, baina horietan ez ezik, egunkari nazional orokorretan ere zabaltzen zuten euren mezu feminista. Clara icebergaren tontorra baino ez zen izan, eta Kongresuan defentsa zoragarria egin bazuen ere, Campoamorren atzean Benita Asas, Dolores Velasco de Alamán, Julia Pleguero, Carmen de Burgos eta beste hainbat emakume egon ziren. Emakume horiek hogei urte baino gehiago eman zituzten lanean, 1931ko urriaren 1ean emakumeei boto eskubidea eman ziezaieten», azaldu du María José Villa Historia Garaikideko Saileko ikertzaileak.

María José Villa: «Clara icebergaren tontorra baino ez zen izan. Atzean egon ziren emakumeek hogei urte baino gehiago eman zituzten lanean boto eskubidea lortzeko»

Emakumeen sufragioaren arazoa ez zen garai hartako trending topica, baina Villaren hitzetan, XX. mendearen hasieratik, aldarrikapen feministak oso presentzia handia izan zuten prentsan eta talde intelektualetan, eta 20ko hamarkadan feminismo anglosaxoiaren lorpenek areagotu egin zuten, Espainiako estatuan, mugimendu feministaren presentzia eta eztabaida. Eta 1931n, Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, «gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta emakumeen botoa eskuratzea alderdi errepublikanoek jada alde batera utzi ezin zituzten gai bihurtu ziren».

Proposamena onartu aurreko eztabaidetan adierazitako argudioez gain (adibidez, Organización Republicana Gallega Autónoma alderdiko Roberto Novoak hau esan zuen: «Emakumea pasio hutsa da, emozio hutsa, sentiberatasun hutsa; ez da, ordea, gogoeta, ez da espiritu kritikoa, ez da zuhurtasuna. Zein izango litzateke Errepublikaren patua, etorkizun hurbilean, oso hurbilean, emakumeei botoa eman beharko bagenie?»), harrigarria da bozketan izandako abstentzio handia. «Lehenik eta behin, kontuan izan behar dugu gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren ideiak oso polemikoa izaten jarraitzen zuela garai hartan. Egia esan, gizon gutxik sinesten zuten gizonek eta emakumeek gaitasun intelektual berdin-berdinak zituztela eta emakumeak politikan jarduteko edo politikan parte hartzeko subjektu baliagarritzat jotzekoak zirela. Bigarrenik, emakumeek ez zuten eskubide eta askatasunik, eta, beraz, herritarren erdiek –gizonek– erabat kontrolatzen zuten beste erdia; horregatik, zaila zen emakumeei pribilegio hori emateko aukera baztertzea. Azkenik, eta Kongresuko eztabaidetan gehien erabili zen arrazoibideari jarraikiz, zera uste zen, emakumeak Eliza Katolikoaren borondatearen eraginpean zeudela eta, horrenbestez, hautestontzietan euren nahia adierazteko aukera izanez gero alderdi kontserbadoreenen eta eskuindarrenen alde egingo zutela», azaldu du ikertzaileak.

MJV: «Urrats handia izan zen garaipen hura, baina berdintasun horri ez zion denbora eman gizartera iristeko»

Nolanahi ere, sufragio unibertsalaren onarpena Konstituzioan islatu zen eta, legeriaren zati handiena ez bazen ere aldatu, onarpen horren ondorioz, emakumeek eskubide politiko eta juridikoak eskuratu zituzten; hala, hortik aurrera emakumeak ez ziren hartzen funtsezko edozein erabaki hartzeko gizonezko senide baten baimena behar zuten adingabetzat. Alabaina, Espainiako estatuan gizarte berdinzalea lortzeko prozesua erabat eten zen 1933ko hauteskundeekin, eskuin errepublikanoak garaipena lortu baitzuen, eta Espainiako Gerra Zibila hasi baitzen. Goitik bultzatutako aldaketa bat izan zen, eta sakon sartuz joan behar zuen. «Urrats handia izan zen garaipen hura, baina berdintasun horri ez zion denbora eman gizartera iristeko», gaineratu du Villak. Izan ere, Villak dioen bezala, oraindik bidea dago egiteke: «Emakumeok etengabe frogatu behar dugu balio dugula, eta erakundeen barnean dugun posizioa zalantzan jartzen zaigu, emakume izate hutsagatik. Nire ustez, feminismoak bere helburua lortuko du jada albiste ez denean emakume batek botere postu bat izatea, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna erabat normalizatzen denean eta benetako berdintasuna bizitzera igarotzen garenean», amaitu du María José Villak.

Eta hasi ginenarekin amaituko dugu, Clara Campoamorrekin. 1933ko hauteskundeetan ez zuten berriro hautatu, Izquierda Republicana alderdiak ez zuen onartu eta, beraz, 1936ko hauteskundeetan ezin izan zuen parte hartu; gerra zibila hasi zenean erbestera joan zen, eta hil ondoren baino ezin izan zen itzuli Espainiako estatura; Donostiako Polloe hilerrian lurperatu zuten, Monsó Riu familiaren panteoian. Datorren urtean 50 urte beteko dira Clara Campoamor hil zenetik.