euskaraespañol

Image of the day

GIBek duen kolesterola, infekziorako funtsezko faktorea

UPV/EHUn egindako ikerketak bidea ireki du botika eraginkorragoak egiteko

  • Research

First publication date: 25/03/2021

Jon Ander Nieto-Garai, Aroa Arboleya, Maier Lorizate eta Xabier Contreras. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

'Advanced Science' aldizkariak Maier Lorizate eta Xabier Contreras (Ikerbasque) ikertzaileen taldearen artikulu bat argitaratu du. Taldeak Biokimika eta Biologia Molekularra Sailean eta Biofisika Institutuan (UPV/EHU-CSIC) garatzen du bere lana.

Xabier Contreras Biofisika Institutuko (UPV/EHU) Ikerbasque ikertzailearen lantaldeak ikerlan berri bat argitaratu du, eta Maier Lorizate Biokimika eta Biologia Molekularreko Saileko irakasle agregatua izan da buru (Contreras ere sail horretakoa da). Honako hau da ikerlanaren gaia: GIBaren mintzean dagoen kolesterolak nola antolatzen eta zuzentzen duen makineria birala, birusa gure zeluletan sartu eta infektatu ahal ditzan. Aurkikuntza hori duela gutxi argitaratu da 'Advanced Science' eragin handiko aldizkarian, eta aukera berri bat zabaldu du birusaren infekzioa geldiaraziko duten botika zuzenagoak eta eraginkorragoak garatzeko.

GIBa hartutako immunoeskasiaren sindromea (hiesa) eragiten duen birusa da; izan ere, infektatzen eta suntsitzen dituen zelulak immunitate zelulak dira. Birus honek kolesterol anitzeko mintz lipoidikoa du, eta hain zuzen ere, lipido hori da ikerlanaren aztergaia. Mintz lipidikoaren barruan, 'Env' fusio- edo bilduki-proteina dago, gp120 eta gp41 azpiunitateek osatzen dutena. Gp120 azpiunitateak zelula ostalaria antzeman eta harekin lotzen da errezeptore zelularren bidez. Behin zelulan dagoela, gp41 azpiunitateak konformazio aldaketa bat izaten du eta zelula ostalariaren mintzean sartzen da; hala, birusera erakartzen du eta bi mintzen arteko fusioa eragiten du. Fusio horren ondorioz, birusa zelulan sartu, hura infektatu eta erreplikatu egiten da.

Beste birus batzuek ez bezala (besteak beste gripearen eta koronabirusen birusak), GIBak Env proteinen oso kopia gutxi ditu. Zelula ostalarian modu eraginkorrean sartu ahal izateko, Env proteinak berrantolatu egin behar dira eta talde edo kluster bat osatzen dute. Ikerlanak erakusten du Env proteinaren alde batek birusaren kolesterolarekin interakzionatzen duela, eta lotura horrek ahalbidetzen du Env taldean berrantolatzea eta zelula ostalaria modu eraginkorrean infektatzea.

Biofisika Institutuko taldeak argitaratutako ikerlan honen aurretik, dagoeneko ezagutzen zen birus mintzaren osaera zehatza, eta kolesterola elementu garrantzitsua zela birusaren egonkortasun eta infekziorako; izan ere, kolesterol birikoa ezabatzeak edo murrizteak zelula ostalarian sartzeko gaitasuna galtzea eragiten du. Halaber, ezagutzen zen Env proteina kluster bakarrean berrantolatzen zela, eta, gainera, prozesu hori beharrezkoa zela birusa infektiboa izan zedin.  

Hala ere, ez zen ezagutzen kolesterolak birusaren infektibitatean duen zeregin zehatza eta zerikusia duen Env  klusterraren sorreran, ezta Env-ren zein aldek interakzionatzen zuen kolesterolarekin ere. Ikerlanak galdera horiei erantzuten die eta argitu egiten du zein den kolesterol biralak eta Env-en alde zitoplasmatikoak interakzionatzeko mekanismo molekularra. Mekanismo horrek ahalbidetu egiten du Env-k GIBa infektiboa izateko beharrezkoak diren klusterrak osatzea.}

Oso gai ezezaguna da zein den lipidoen zeregina proteinen egituran eta funtzioan. Izan ere, ez dago tresnarik ikerlan erabakigarriak egiteko. Gainera, lipido bat proteina bati oso epe motzean, milisegundoetan, lotu ahal zaio; hortaz, zientziarentzat oso erronka garrantzitsua da prozesu horiek aztertzea eta argitzea.} Testuinguru horretan, ikerlanaren beste ekarpen garrantzitsu bat da kimika biologikoaren barruan dauden tresna kimikoak garatu eta erabili izana, tresna horiek prozesu biologikoak in vivo aztertzea ahalbidetzen baitute, baita ikerketa zuzenean partikula birikoetan egin izana ere.

Aurkikuntza horri esker, berehala garatu daitezke birusa desorekatu eta blokeatzen duten farmakoak, eta, hala, infekzioa hedatzea saihestu.} Gainera, ikerlan horrek eragin duen ezagutzak ere inplikazio garrantzitsua du infekzioa gertatu aurretik birusa blokeatuko duten txertoen garapenean. Env da birusak gainazalean duen proteina bakarra, eta, ondorioz, eskuragarria den eta birusa zelula ostalarian sar ez dadin antigorputzak sor ditzakeen proteina biriko bakarra. Nolanahi ere, gaur egun, oraindik ez da lortu antigorputz neutralizatzaileak sortzeko gai diren eta txerto batean erabil daitezkeen immunogenoak diseinatzea, ziurrenik, besteak beste, ez delako lortu immunogenoa imitatzea benetako infekzioan agertzen den bezala. Hortaz, Env-ren eta kolesterolaren arteko erlazio estua ezagutzeak lagun dezake txertoa garatzeko erabiltzen diren immunogenoak hobeto diseinatzen.

“Horrez gain, proteinen kolesterolarekiko interakzioak ere garrantzi handia izan lezake COVID-19a eragiten duen SARS-CoV-2 birusean. Kasu horretan, badirudi pazientearen zeluletan dagoen kolesterolak zerikusi handia duela birusaren infektibitatea erregulatzeko orduan; izan ere, paziente batean kolesterolaren ohiko metabolismoa aldatzen bada, horrek eragina izan dezake SARS-CoV-2ak zelulak infektatzeko duen gaitasunean. Biofisika Institutuan egin den ikerlanean erabilitako lanketa eta tresna molekularrekin, maila molekularrean azter liteke kolesterolak zein zeregin espezifiko duen SARS-CoV-2aren infektibitatearen erregulazioan, eta, horrela, hobeto uler litezke birusa sartzeko bideak eta nola blokeatu”, azaldu du Lorizatek. 

Ikerketaren prozesua, Contrerasen esanetan, "diziplina anitzekoa izan da eta ia osorik egin da Biofisika Institutuko laborategian. Horretarako, hainbat tresna erabili dira, besteak beste, arlo hauetakoak: biokimika, biologia molekular eta zelularra, omikoa (proteomika, lipidomikoa), kimika biologikoa, birologia eta bereizmen handiko mikroskopia. Denbora luzea behar izan du ikerlan horrek, batik bat, hiru arrazoirengatik: batetik, oso zaila delako bizi-iraupen laburreko prozesu biologiko konplexuak nanoeskalan aztertzea; bestetik, ikerlana diziplina anitzekoa izan delako; eta, azkenik, taldea txikia zelako eta baliabideak mugatuak”. 

Bibliographic reference