euskaraespañol

EGOkITU udako campusak parte hartzearen errekorra hautsi du

Ia 200 gaztek hartu dute parte  UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko ikastegiek antolatutako jardueretan

  • Kronika

First publication date: 24/07/2023

Image
Odola ateratzen ikasten Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean (Donostia) | Photo: UPV/EHU

EGOkITU udako campusak, 15 eta 17 urteko gazteak unibertsitatera eta enpresa mundura modu ludikoan hurbilarazteko xedea duen jolas eta prestakuntza programak, ateak itxi ditu eta parte hartzearen errekorra hautsi du aurten. Ia 200 gaztek hartu dute parte  UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko ikastegiek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, antolatutako jardueretan. Aurten, berritasun gisa, Psikologia Fakultateak eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko egoitzak bat egin dute programarekin.

 “Kontuan izan behar da -azaldu du Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko Ekintzailetza eta Transferentzia zuzendari Aimar Insaustik- EGOkITU programa 2018an jarri zela abian eta urtez urte haziz joan dela aurtengo edizioko kopuruetara iritsi arte. Ikusten dugu parte hartzen duten gazteek oso iritzi positiboa dutela eta gomendatu egiten dutela. Horixe izan daiteke, hain zuzen ere, ikusten ari garen arrakasta gero eta handiagoaren arrazoietako bat”.

Aurtengo parte hartzearen arrakastak EGOkITU programa sendotzea dakar; izan ere, Gipuzkoako unibertsitate aurreko gazteek gehien eskatzen duten udako aukeretako bat da. Bi astean zehar, zenbait jarduera egin ahal izan dituzte modu ludikoan, besteak beste: misterioak ebatzi laborategi kimikoetan egindako entseguetatik abiatuta; odola ateratzen eta bendajeak jartzen ikasi; aulkiak eta maketak egin; epaiketen simulazioak egin; esperimentuak energia   berriztagarriekin; scape room-ak; jolasak robotekin; edo etxebizitza baten proiektua egiteko tailerrak.

Gipuzkoako Campuseko irakasleen eta langileen inplikazioari esker egin daiteke udako campus hori, zeinak urtez urte unibertsitate aurreko gazteen igurikimenak gainditzen dituen; horixe agerian uzten du edizioz edizio gora egin duen parte hartzaileen kopuruak, edizio honetan ia 200 parte hartzaile izatera iritsi baita.

 “Gipuzkoako ikastetxe askok programa hori ikasleak unibertsitate mundura lehen aldiz hurbilarazteko aukeratzat dute, eta badakigu ikastetxe horietako askotan adi egoten direla martxoaren amaieran izena emateko epea noiz zabalduko den. Izan ere, aurten Aste Santuaren aurretik bete ziren eskaintzen ziren talde batzuetako plazak”, esan du amaitzeko Aimar Insaustik.

EGOkITU udako campusak datorren udan zabalduko ditu berriro ateak, etorkizuneko ikasleei unibertsitate mundua modu ludikoan erakusteko.