euskaraespañol

Ekuadorreko petrolioaren irabaziak ipar globalera doaz hein handi batean

Amazoniako bi bloketako ustiapenak eragindako inpaktuen banaketa desorekatua bistaratu du UPV/EHUko ikerketa batek

  • Research

First publication date: 07/11/2024

Ortzi Akizu Gardoki
Ezkerretik eskubira, Unai Villalba Eguiluz (UPV/EHUko Hegoa Institutuko ikertzailea); Leire Urkidi Azkarraga (UPV/EHUko Ekopol ikertaldeko ikertzailea); Marian Uriarte (Medicusmundi Arabako teknikaria), eta Ortzi Akizu Gardoki (UPV/EHUko, Life Cycle Thinking Group-eko ikertzailea). | Photo: Nuria González. UPV/EHU.

Ortzi Akizuren lan batek Ekuadorreko bi bloketatik ateratako petrolioaren eraginak aztertu ditu, eta ondorioztatu du diru-sarreren % 21 geratzen dela bertan. Ikerketak azalarazi duenez, onura ekonomikoen gehiengoa kanpora joan arren, batez beste, ingurumen inpaktuen % 19,6 Amazoniak sufritzen du. Bestalde, erauzketen ondorioz indigena-komunitateetan kultura-eraldaketak gertatu direla antzeman du azterketak.

UPV/EHUko Life Cycle Thinking ikerketa-taldearen lan batek erakutsi du Yasuni Parke Nazionaleko 16. eta 67. blokeetako petroliotik sortutako diruaren % 79 herrialde aberastuetara doala: % 20 erauzketa-enpresek irabazten dute; % 21 findegiek zein banaketa-bitartekariek; eta % 38 Espainiako Gobernuak, zergen bidez. “Baliabidearen jatorrizko herrialdean, Ekuadorren, diru-sarreren  % 21 soilik geratzeak agerian uzten du onuren eta kalteen banaketa ez dela ekitatiboa. Gure ikerketak zenbakitara ekarri du petrolioaren ustiapenak ipar eta hego globalean dituen ekonomia- eta ingurumen-inpaktuen banaketa desorekatua”, azaldu du Akizuk.

Izan ere, ez diote irabazi ekonomikoei bakarrik erreparatu. Ekuadorreko bi putzu horien 24 urteko ustiapenaren aztarna ekologikoa ere neurtu dute, eta ondorioztatu dute, batez beste, produkzioak eta kontsumoak eragiten dituzten ingurumen-inpaktuen % 19,6 zuzenean Amazoniak berak pairatzen dituela.

Emaitza horiek lortzeko, petrolioaren bizi-zikloaren analisia erabili dute Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek. Bereziki, ibilgailu pribatuetako erregai modura erabiltzen dugunean sortzen den karbono-aztarna neurtu dute. Hau da, Yasuni Parke Nazionaleko bi bloke horietatik petrolioa erauzten den unetik, findegietara garraiatu, bertan tratatu, gasolindegietara banatu eta autoetako ihes-hoditik irten arte sortzen diren CO2-emisioak kuantifikatu dituzte. Emaitzen arabera, isurien % 38,7 zuzenean ibilgailuek motorra martxan mantentzearen ondorioz eragiten dira; % 37,1 ibilgailua eta azpiegiturak eraikitzerakoan; eta % 24,3 erauzketa-, fintze- eta banaketa-lanetan.

Akizuk, datu hauen bidez, azken kontsumitzaileen kontzientzia piztea nahiko luke: “Agerian geratzen da gidarien erantzukizuna handia dela. Askotan ihes-hoditik irteten den CO2-ari bakarrik begiratzen diogu, baina ohartu behar dugu gidatzeko ekintzaren ingurumen-aztarna luzeagoa dela eta beste herrialde batzuetan ere sortzen direla kalteak. Ez gara enpresa pribatuek eta gobernuek sortutako eredu energetikoen arduradunak, baina aldaketarako agente izan gaitezke”.

Inpaktu soziala indigena-komunitateetan

Ingurumenean izandako eraginaz gain, Yasuni Parke Nazionaleko erauzketek tokiko talde indigenengan duten inpaktu soziala ere aztertu du UPV/EHUko ikerketak. Waorani etniako taldeen buruzagiekin elkartu dira eta zenbait kultura-eraldaketa antzeman dituzte. Besteak beste, menpekotasun ekonomikoa eta zenbait ohituren galera. Bestalde, ondorioztatu dute Amazonian petrolioa ustiatzeak alkoholismoaren agerpena eta genero-biolentziaren gorakada ekarri duela. “Baina azterketa egiterakoan ikusi dugunez, enpresek eta gobernuek, ez dituzte kuantifikatzen kalte sozial horiek. Ezta ingurumenari dagozkionak ere. Apropos egiten dute, eraginak ez neurtzeak inpaktuak egiten jarraitzeko aukera ematen duelako eta kuantifikatu gabeko kalteen konpentsazio arbitrarioa ahalbidetzen duelako”, argitu du Akizuk.

Euskal Herriko Unibertsitatearen ikerketak ekarpena egin du eraginak ezagutzeko lehen urrats horretan, baina egileak azpimarratu du pauso gehiago eman behar direla. Esaterako, proposatzen du gasolindegietan petrolioaren jatorria jartzen hastea: “Erosten dugun fruta nongoa den galdetzera ohitu garen bezala eta bertako sagarrengatik bikoitza ordaintzeko prest gauden bezala, begira dezagun ibilgailuei botatzen diegun erregaia nondik datorren eta zer modutan produzitzen den. Euskal gizarteak badauka egungo eredu energetikoan aldaketak sortzeko potentziala”.

Informazio osagarria

Ortzi Akizu Gardoki Gasteizko Ingeniaritza Eskolako ikertzailea da eta UPV/EHUko Enpresari Aplikatutako Ekonomia Zirkularra masterreko irakaslea. Life Cycle Thinking Ikerketa Taldeko kidea da, eta bere ikerketa-lan nagusia garatzen ari diren energia-trantsizioen azterketan oinarritzen da, batez ere produktu eta zerbitzuetan txertatutako energia-aztarna kalkulatzen, bizi-zikloaren analisia eginez.

Zientzia-artikulu honen garapenean Euskal Herriko Unibertsitateko beste zenbait ikertzailek ere parte hartu dute. Besteak beste, Ekopol taldeko Leire Urkidi eta Hegoa institutuko Unai Villalba. Ikerketa Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentziak finantzatu du eta Medicusmundik ere parte hartu du.

Bibliographic reference