Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) bultzatzen duten Industria Ekonomia Zirkularreko graduondoaren lehen promozioak bere ikasketa-programa amaitu du aste honetan, eta oso nota onarekin: graduondoa amaitu duten hamar ikasleek oso positibotzat jotzen dute programaren ikuspegi holistikoa, unibertsitateko irakasleen (% 70) eta kanpoko irakasleen (% 30) arteko oreka, eta eskola batzuk enpresetan bertan eman izana, horrek asko erraztu baitu mota desberdinetako ikasgaiak ikastea.
Ekonomia Zirkularreko graduondoaren lehen promozioak balorazio bikainarekin amaitu du bere prestakuntza
Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategiak arlo horretan 3.000 enplegu berri sortzea aurreikusten du 2030erako
- News
First publication date: 26/06/2020
Gainera, graduondoa egin duten pertsonen lanbide-profilak askotarikoak izan direnez, ondoen baloratutako beste alderdi bat izan da guztiz berriak diren gaietan trebatzeko aukera, hala nola ekodiseinua ekonomialarientzat, edo bezero/kontsumoaren ikuspegia ingeniarientzat. Ikasleek, halaber, irakasleen gertutasuna eta jarrera azpimarratu dituzte, “Euskadiko ekonomia zirkularraren komunitatearen parte sentiarazi baititu”, esan dutenez.
Lehen edizio honetako ikasleen profil-tipoa ingeniaritzako edo ekonomiako ikasketak dituen eta 10 urtetik gorako lan-esperientzia duen emakume batena da, nahiz eta Enpresen Administrazioko eta Ingurumen Zientzietako arloetatik iritsitako profilak ere nabarmentzen diren. Zehazki, hiru lurralde historikoetako 8 emakumek eta 2 gizonek osatu dute lehen promozioa. Gehienak ez dira dedikazio osoko ikasleak izan; prestakuntza beren lanarekin edo enpresetako praktikekin konbinatu dute. Horiekin batera, taldean baziren zenbait gazte graduatu berri ere.
Arlo honetan unibertsitate ondoko prestakuntzaren eskaintza urria zela eta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta UPV/EHUk beren indarrak batzea erabaki zuten iaz, graduondo honen bidez ekonomia zirkularreko prestakuntza bultzatzeko, industria-enpresetara bideratutako ikuspegi argi batekin. Hala, ezaugarri horiek zituen lehenengo graduondoa izan zen Estatuan, eta hirugarrena Europan, Finlandiako eta Erresuma Batuko bi eskaintzarekin batera.
Master bihurtuko den graduondoa
Ikasturte honetan graduondoarekin egindako pilotajeak, espezializazio-ikastaro formatuan diseinatuak, 900 orduko dedikazioarekin eta ikasle-talde txiki batekin, oso balorazio ona lortu du, eta hobekuntza batzuk identifikatzeko aukera ere eman du. Izan ere, ikusi da beharrezkoa zela gai batzuk lantzea edo horietan sakontzea, eta ikasleen eta euskal industriaren premietara eta interesetara egokitutako diseinu bat egitea. Graduondoaren ebaluazioa eta master berriaren diseinua elkarlanean egin dira ikasleen, batzorde akademikoaren, irakasleen, enpresa parte-hartzaileen eta erakunde laguntzaileen artean.
Ebaluazio- eta hausnarketa-prozesu horren ondoren, 2020-2021 ikasturteari begira graduondoa Berezko Master bihurtuko da, eta “Enpresari Aplikatutako Ekonomia Zirkularra” izena mantenduko du, 1.500 orduko dedikazioarekin. Parekorik gabeko masterra da: izen bereko beste master batzuek ez bezala, masterrak ingeniaritzako alderdi teknologikoak eta enpresen administrazio-ezagutzak uztartzen ditu, ekoberrikuntza eta ekintzailetza barne, biak beharrezkoak baitira ekonomia zirkularreko proiektu arrakastatsuak garatzeko. Gainera, irakasle-taldea eratzen duten askotariko irakasleen prestakuntzarekin eta esperientziarekin osatzen da ikuspegi integral hori, irakasleak akademiatik, erakunde publikoetatik, zentro teknologikoetatik eta enpresa pribatuetatik datozenez.
Masterra formatu erdipresentzialean emango da, ostiraletan eta txandakako larunbatetan, 2020ko irailetik 2021eko apirilera bitartean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren (IHOBE) eta Basque Ecodesign Center-en laguntzarekin. Prestakuntzaren zati bat online modalitatean egingo da, UPV/EHUren plataforma birtualaren bidez eta bideokonferentziak egiteko eta etengabeko prestakuntza-ebaluaziorako dituen tresnen bidez. Modalitate hori behar bezala esperimentatu da joan den martxoaren 13tik aurrera, COVID-19aren ondoriozko egoerak UPV/EHUko jarduera presentziala etetea eragin zuenetik. Aurrez aurreko eskolak Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean emango dira.
Masterra, batez ere, Ingeniaritza, Ekonomia eta Enpresen Administrazioko gradudunei eta jarduneko profesionalei zuzenduta dago, baina eskuragarri dago lizentzia, diploma edo gradua duen edozein pertsonarentzat, ekonomia zirkularra diziplina anitzekoa baita. Gaitasun profesionalak osatzea eta prestakuntza hobetzea ahalbidetuko die ikasleei, negozio eta ekoizpen jasangarrien arloan sortzen ari den lanpostu-aukera zabala baliatu dezaten. Europar Batasunak aurreikusten duenez, ekonomia zirkularrak zuzeneko 580.000 lanpostu baino gehiago sor ditzake hemendik 2030era bitartean, eta Euskadin Ekonomia Zirkularraren Estrategia berrian ezarritako helburua da esparru horretan 2030. urte horretarako 3.000 enplegu berri sortzea.
Graduondoa egiten duten ikasleek trebetasunak garatuko dituzte ekonomia zirkularrak enpresei eman diezaiekeen balioa identifikatzeko, eraginkorragoak izango diren material-zikloak sortzeko, elkarlaneko ekonomia diseinatu eta ezartzeko, eta enpresei ekonomia zirkularraren ikuspegian oinarritutako negozio-ereduak proposatzeko. Ikuspegi horretan, produktuen eta materialen balioa ahalik eta denbora luzeenean mantentzen dira, hondakinak ahalik eta gehien murriztu eta baliabide bihurtzen dira, ekoizpen-zikloan behin eta berriz sartuz, eta balioa sortzen dute ondasunak bizitza baliagarriaren amaierara iristen direnean.
Ikusita ikasleek ekonomia zirkularraren arloan dituzten beharrak nahiz interesak eta Europako gidalerroak, graduondoa osatzen zuten 9 moduluei ekintzailetza-ikasgai berri bat gehitu zaizkio, kasu praktikoen azterketa zabalagoa eta hainbat trebetasun garatzeko tailerrak, Master Amaierako Lanaz gain. Azken horrek masterrak guztira dituen 60 ECTS kredituetatik 12 kredituren dedikazioa eskatuko du.
Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago UPV/EHUren webgunean. Uztailean zehar, batzorde akademikoak aurrez inskribatutako ikasleei jakinaraziko die onartuak izan diren edo itxarote-zerrendan geratu diren; izan ere, une honetan, aurrez izena emandako pertsonen kopurua libre dauden plazen kopurua baino handiagoa da.