euskaraespañol

Rikardo Minguez Gabiña

Ekonomia Zirkularra, pandemiaren ondoren sistema eraldatzeko bidea

'Enpresari Aplikatutako Ekonomia Zirkularra' berezko masterraren zuzendaria

  • Cathedra

First publication date: 18/06/2020

Rikardo Minguez Gabiña. Foto: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.

COVID-19aren krisiak ondorio latzak ekarri dizkio gizakiari, eta agerian utzi du gure gizarteak ahulezia asko dituela baina herritarrok elkarlanean arituz erronka berriei aurre egiteko gaitasunak ere baditugula. Pandemiak gure eguneroko bizitza lehen imajinatu ez genituen moduetara egokitzera behartu gaitu, eta aldi berean ekonomiaren euskarri diren sistemak birplanteatzeko erronka ere bota digu.

Jakina, azken bi hilabeteotan pandemiak osasun publikoan izan dituen ondorioei aurre egiteak lehentasuna izan behar du, baina krisia baino lehen, sistema berregokitu beharrari eta eredu zirkular baten potentzialari buruzko eztabaida indartsu zetorren. Azken hamarkadan, Euskadiko enpresa askok eredu zirkularren aldeko apustua egin dute, ekodiseinuan aitzindariak bihurtuta. Hau da, eredu linealetik, hartu-egin-bota eredutik, eredu zirkularrera, eraginkortasun handienetik txikienera, ingeleseko 10 R-ak azpimarratzen dituen eredura: R0 baztertu / refuse, R1 birpentsatu / rethink, R2 murriztu / reduce, R3 berrerabili / reuse, R4 konpondu / repair, R5 berritu / refurbish, R6 birmanufakturatu / remanufacture, R7 berregin / repurpose, R8 birbirziklatu / recycle, R9 energia berreskuratu / recover energy. Eredu zirkularrean birziklapena baino ahalegin handiagoak egin behar dira, eta indarra murrizketa eta berrerabilpenean jarri behar da. Gure arropa kontsumoaren eredua birziklatze-edukiontzian oinarritu behar al da?

Nazio Batuen Garapenerako Programak ohartarazten digu munduko biztanleria 2050ean 9.500 milioira iritsiko balitz, ia hiru planeten halako baliabide naturalak beharko liratekeela egungo bizimoduari eusteko. Edo Global Footprint Network erakundeak beste modu batean adierazten digun moduan, 2019an urte osorako genituen baliabideak abuzturako xahututa zeuden.

Eta hori nahikoa ez bada, urteak daramatzagu klima aldaketaren lekuko izaten. Klima Aldaketan Gobernuarteko Taldearen arabera, planetaren tenperatura gradu bat igo da industrializazioa hasi zenetik. Joerak jarraitzen badu, 2100 urterako 3ºC eta 5ºC artean igotzea aurreikusten da. Baliabide naturalen erauzketa eta prozesaketa azkartu egin da azken bi hamarkadetan, eta biodibertsitatearen galera, estres hidriko eta klima-aldaketarekin lotutako inpaktuen erdiaren erantzulea da.

2015ean 193 herrialdek sinatu zuten Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren 17 helburuak ezin izango dira lortu hainbat frontetan eraldaketa sistemikorik gabe. Hain zuzen ere, garapen jasangarrirako 12. helburua gure ekoizpen- eta kontsumo-sistema arduratsua izatea da. Sistema linealaren paradigmaren barruan jarraitzea eta aldaketa puntual hutsak ezartzea ez da nahikoa izango.

 

Zehazki zer esan nahi du "zirkularrak"?

Ekonomia zirkularrak gure ekonomia eta gizartea birpentsatzen laguntzen digun ikuspegi integrala da.

Ekonomia zirkularra akuilua da eraldaketa hori bultzatzeko eta 2030 Agenda horren Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzen laguntzeko. Esparru holistiko bat eskaintzen du sistema berriz diseinatzeko, paradigma berri bat, gizarte-inpaktuen eta -beharren “donut”-aren barruan "gizateriaren eremu gozora" eramango gintuzkeena. Izan ere, gaur egungo eredu linealak zapore garratza du.

Ekonomia zirkularrak, funtsean, ekonomiaren, gizartearen eta naturaren arteko harremana birdefinitzen du. Hazkunde ekonomikoa eta baliabide naturalen agortzea eta gainkarga ekologikoa bereizten dituen eredua eskaintzen du, sistema linealean metatutako desorekei aurre egiten die, eta oparotasun ekonomikoa ingurumen-zuhurtasunarekin bateratzen du. Ekonomia zirkularra funtsezko suposizio honetan oinarritzen da: baliabideak mugatuak dira eta etorkizuneko belaunaldientzat kudeatu behar dira. Horrek kontsumo eta ekoizpen iraunkorrak eskatzen ditu, ingurumenaren aldetik arduratsua den diseinua edo ekodiseinua deritzonak gidatzen dituena.

Ellen MacArthur Fundazioaren arabera, "Diseinu bidezko ekonomia leheneratzailea da, eta produktuak, osagaiak eta materialak ahalik eta erabilgarritasun eta balio handienean mantentzea du helburu, ziklo teknikoak eta biologikoak bereiziz".

 

Nola sustatu sistema zirkular horiek?

Politika berriak formulatzea ezinbestekoa da ekonomia zirkularrerako trantsizioa maila sistemikoan bizkortuko duen ingurune egoki bat ezartzeko. Funtsezko hiru faktore identifikatzen dira:

  • Hezkuntza. Gure gazteak eta hasi berri diren profesionalak paradigma ekonomiko berri honetarako prestatu behar dira. Bereziki berrikuntza zirkularra bultzatzeko ezagutza- eta gaitasun-oinarria sortzeko lan egin behar da hezkuntza maila guztietan, baita formazio jarraian ere. Ekonomia zirkularraren eta pentsamendu sistemikoaren integrazioa bultzatu beharko lirateke eskola eta unibertsitateetako ikasketa-planetan, sentsibilizazioa areagotzeko eta pentsamoldea aldatzeko.
  • Finantzazioa. Gure enpresa eta erakundeek finantzaketarako eta arriskuak kudeatzeko tresnak izan beharko lituzkete, kapital-inbertsioa eta I+G bultzatzeko. Gobernu-programek funtsezko zeregina daukate negozio-eredu berritzaileei lotutako enpresa zirkularrak sustatzeko.
  • Lankidetza-plataformak. Politikak formulatzeko ardura dutenen, ekoizleen, sektoreen eta, jakina, kontsumitzaileen arteko lankidetza eraginkorra nahitaezkoa da sistema zirkular bat eskala handian ezartzeko. Produktuen garapen bateratua, gardentasuna eta informazio-trukea informazioaren teknologiaren bidez, industria arauak, pizgarri lerrokatuak eta parekatze-mekanismoak nahitaezko estrategiak dira esparru ekonomiko berri baterako trantsizioa errazteko.

Erakunde eta organo publikoek lege-proposamen garrantzitsuak aurkeztu dituzte eredu trantsizioa ahalbidetzeko. Europar Batzordeak 2019ko amaieran argitaratutako Europako Itun Berdearen bidez industria produktu jasangarriekin, diseinu zirkularrarekin, materialen murrizketarekin eta berrerabilpenarekin eta negozio-eredu zirkular berriekin konprometitu da, eta "ekonomia garbi eta zirkular" baten alde mobilizatzeko apustua egin du klimatikoki Europa neutroa izan dadin.

Egoera horretan kokatzen da Euskadiko 2030erako Ekonomia Zirkularraren Estrategia, 2020ko urtarrilaren 7an onartua. Estrategia horrek ekonomia eraginkorragoa lortzeko trantsizioa bultzatu nahi du, baliabideen erabilera optimizatuaren bidez eta ekoizpen- eta kontsumo-eredu berri baterantz bideratutako berrikuntzaren bidez.

Amaitzeko, testuinguru horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) euskal-gizartearen zerbitzurako erakundea den aldetik “Enpresari Aplikatutako Ekonomia Zirkularra” berezko masterra eskainiko du datorren ikasturtean. Edukien aldetik masterra erreferentea da Europako hego-mendebaldean, eta gure ekonomiaren eta industriaren profesionalen eskarmentuaz baliatuta iraunkortasuna egituratuko duten profesional berrien sarea ehuntzeko asmoa du.