Orkestrak eman zuen atzo jendeaurreko lehen kontzertua jendez gainezka zegoen Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan. Ia bi urte pasatu dira UPV/EHUk bere orkestra propioa sortzeko planteatu zuenetik, eta urte eta erdia pasatu da orkestrak bere ibilbidea hasi zuenetik, hots, lehenengo entsegua egin zuen egunetik . Unibertsitatearen hiru campusetako egungo ikasle, ikasle ohi, administrazio eta zerbitzuetako langile eta irakasleak dira orkestrako kide.
EHUorkestra Sinfonikoaren lehen kontzertua
Egungo EHUorkestra Sinfonikoan 41 instrumentistak eta Doru Artenie zuzendariak esku hartzen dute
- News
First publication date: 04/05/2018
2018ko maiatzaren 3a grabatuta gelditu da EHUorkestra Sinfonikoaren historian. Egun horretan eman du jendaurreko lehen kontzertua Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan. Ia bi urte pasatu dira UPV/EHUk bere bere orkestra propioa –beste unibertsitateetan daudenen antzekoa – sortzeko planteatu zuenetik. Eta urte eta erdia pasatu da 2016ko azaroan orkestrak bere ibilbidea hasi zuenetik, hots, lehenengo entsegua egin zuen egunetik. Harrez gero, Areto Nagusian (Leioa-Erandio eremua) biltzen da ostegunetan, 17:00etatik 20:00etara, taldearen armonia lortu eta haren errepertorioa lantze aldera.
EHUorkestra Sinfonikoko kideak dira, egun, 41 instrumentista, UPV/EHUkoa estatuan dauden 24 unibertsitate-orkestretako berriena da. Doru Artenie zuzendaria da, errumaniar biola jotzaile bertutetsua, Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Kontserbatorioko irakaslea eta BOSeko (Bilbao Orkestra Sinfonikoa) kide ohia dena. Tresna hauek dira UPV/EHUren lehen orkestra proiektuan parte hartzen dutenak: 12 biolin, 7 biola, 2 biolontxelo, 2 kontrabaxu, 4 txirula, 2 oboe, 3 klarinete, 2 fagot, 2 tronpa, 2 tronpeta, tronboi 1 eta 2 perkusio jotzaile. Orkestra unibertsitatearen hiru campusetako egungo ikasle, ikasle ohi, administrazio eta zerbitzuetako langile eta irakasleek osaturik dago.
EHUorkestra Sinfonikoa Euskadin osatzen den lehenengo unibertsitate-orkestra sinfonikoa da. Taldea eratzeko bi hautaketa prozesu izan ziren, entzunaldi txiki batzuk antolaturik. Doru Arteniek adierazten duenez: «Lehen aski maila desberdinak zeuden, baina orain, taldean eta bakarka lan handia egin ondoren, uste dut nahikoa talde homogeneoa osatu dugula. Orkestra honetako musikariek buru-belarri dihardute lanean, haietako batzuk sekulako ahaleginak eta bi egiten ari dira».
Unibertsitatean sortutako orkestra amateurra denez, hainbat berezitasunetara moldatu beharra dago, zuzendariak adierazi bezala: «Oso talde aldakorrarekin egin behar dugu lan, batzuk denboraldi laburrerako daude, master, doktorego tesi edo ikerketa bat bukatzeko; beste batzuek, berriz, orduei dagokienez, seihileko batetik bestera ez dute lehen adinako astirik irakasgaien aldaketa dela eta. Horrenbestez, malgua izan behar da lan egin, errepertorioa aukeratu eta datak ezartzerakoan. Hasieratik izan dut argi eta garbi lan artistikoa ez ezik, hezkuntza eta pedagogia lana ere egin behar dudala». Doru Arteniek adierazi du saiatu dela errepertorioa moldatzen orkestraren mailara eta konposiziora, betiere unean uneko tresna taldeak kontuan hartuta eta musika kalitateari eutsita. Musikaren historiako ia 3 mendetako estilo eta korrente bakoitzeko obra esanguratsuak aukeratu ditu.
Hona lehen kontzertuko programa osatu duten obrak: G.F. Haendel-en "Sarabande”, L. Van Beethoven-en “Obertura Coriolano”, Op. 62; J. Haydn-en “Sinfonía Sorpresa”; F. Shubert-en “Sinfonía Inconclusa”, P. Mascagni-ren “Intermezzo de la Cavalleria Rusticana”, M. Ravel-en “Pavana para una Infanta Difunta” eta B. Bartok-en “Danzas Rumanas”.
Obrak ez daude errepertorioan halabeharrez, irizpide zorrotz batzuei jarraituta aukeratutakoak baitira. Doru Arteniek eman ditu horren azalpenak: «Handel intrepretatzen dugu, Bach-ekin batera, Barrocoren gailurretako bat delako. Haydin interpretatzen dugu, sinfoniaren aita delako eta Beethoven aurretiko musika ongien sintetizatu duena delako eta egun arte iristen den musikaren bideak zabaldu dituelako, hots, Vienako Klasizismoaren bi ordezkari handi direlako. Gero Erromantizismoan sartzen gara Shubert-ekin eta Mascagni-rekin. Ondoren, Inpresionismoan Ravel-ekin eta XX. mendeko Musika Garaikidean Bartok-ekin».
EHUorkestra Sinfonikoa elkartea irabazi asmorik gabeko elkarte pribatu gisa eratu da eta musika sinfonikoaren bidez unibertsitatearen eta euskal gizartearen artean kultura komunikatzeko bitartekoa izatea du xede, baita elkarteko kideen artean musika prestakuntza eta ikerketa sustatzea. EHUorkestra Sinfonikoa elkarte irekia da eta bertan parte har dezakete bai unibertsitateko kideek bai proiektuan lagundu nahi duten unibertsitatetik kanpokoek. Egun, "European Network of University Orchestras" eta "Sinergia. Red de Orquestas Universitarias Españolas" elkarteetako kidea da.