EHU-ekinean podcast atalaren laugarren emanaldia. Sail horretan, zientzialariaren estereotipoak betetzen ez dituzten ikertzaileei egindako elkarrizketaren audioa eta idatzizko laburpena kaleratzen ditugu hilean behin. Gaur Dorota Krajewska Letren Fakultateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasle eta ikerlariaren txanda da.
Dorota Krajewska: «Egiten ditugu gauza txikiak, ez bereziki salgarriak, baina horrela egiten du aurrera zientziak»
- Interview
First publication date: 11/05/2023
EHU-ekinean 4. podcasta: Dorota Krajewska
Dorota Krajewska poloniarra da, eta bere herrialdean linguistika ikasten ari zela sortu zitzaion, lehen aldiz, euskarara hurbiltzeko aukera. Aukerari heldu, eta hurbiltzetik murgiltzera egin du jauzi, eta, orain, ikerketa gai du hizkuntza hau.
Azaldu duenez, gradua egiten ari zela, bazuen gogoa eta jakin-mina hain ezaguna ez zen hizkuntzaren bat ikasteko, "hain aspergarria izango ez zena; alegia, ez zedila beste hizkuntza indoeuropar bat izan, dagoeneko banekizkielako ingelesa, frantsesa, gaztelania apur bat...". Hala, irakasle batek euskara gomendatu zion; "horrela hasi zen nire abentura euskararekin", gogoratu du.
Erasmus egitera Gasteizera etorri zen. Ordurako bazekien euskaraz oinarrizko esaldi batzuk esaten, eta ikasgai batzuk euskaraz egin ahal izan zituen. Gradua amaitutakoan, hizkuntzan sakontzea erabaki zuen, eta UPV/EHUn egin zuen masterra.
Ordutik, hizkuntzaren iraganari lotutako ikerketak egin ditu, gehien bat. "Egia esan, psikolinguistika egitea izan zen nire lehenengo ideia, baina, beste ideia batzuk ere banituen, gaur egun ere, hizkuntzalaritzaren barruan, ia dena interesatzen baitzait".
Azkenean, euskararen historia aztertzeari heldu zion; hau da, zer aldaketa izan dituen hizkuntzak, gaur egungo euskara izatera iritsi arte. Beste hizkuntza batzuen aldean, corpusa ez da hain handia, eta testu idatziak beranduago hasten dira, ez dira dialekto guztiak agertzen... Zehaztapen bat egin du, ordea: "Horrekin kexatzen gara, eta; beste hizkuntza batzuekin alderatuta, hala da. Baina, egiazki, munduko hizkuntza gehienek baino gehiago daukagu; horrela ere begiratu behar da. Erlatibizatu egin behar da. Beti nahiko genuke gehiago, eta beti pozten gara testu berriak agertzen direnean. Baina badugu zerekin lan egin".
Aurkikuntzak aipatuta, ezinbestean etortzen da gogora Irulegiko eskua. Krajewskak argi esan du: "Ez dakigu eskuaren gainean idatzita dagoen hori zer hizkuntzatan dagoen, eta, beraz, ez dakigu euskal filologoei dagokien ikertzea, edo beste batzuei. Hori argitu bitartean, eta ez dakigu inoiz argitu ahalko den, ez daukat ezer esateko, nik ez baitut testu hori ulertzen. Ez nik, ezta aurkitu dutenek ere".
Aurkikuntza txikiak eta ez hain txikiak
Irulegiko eskua alde batera utzita, bere arloan bizi izan du aurkikuntza batek sortzen duen zirrara. Kontatzean ere, nabari zaio emozioa. Kontatu aurretik, baina, aurkikuntzez eta zientziaren funtzionamenduaz gogoeta egin du: "Hasiera batean, esango nuke ez dudala aurkikuntza handirik egin. Baina hori, zientzian, horrela izaten da. Normalean, eta jende gehienak uste duenaren kontra, zientzialariok ez gara jartzen Newton jarri omen zen bezala, zuhaitz baten azpian zain, ea sagarren bat erortzen zaigun eta deskubrimendu bat egiten dugun. Egiten ditugu gauza txikiak, ez bereziki salgarriak, baina horrela egiten du aurrera zientziak".
Hori esanda, onartu du noizbait izaten dituztela egunerokotasunetik ateratzen dituzten gertakariak, eta bat nabarmendu du: "2015. urtearen inguruan izan zen. XVII. mendeko liburu batekin lanean genbiltzan, Esteve Materraren Doctrina Christiana-n, eta, espero genuenaren kontra, aurkitu genuen liburu horren aspaldi galdutzat jotzen zen beste edizio bat, sei urte lehenagokoa". Ezusteko aurkikuntza izan zen, liburuak erraz galtzen baitira, erraz erretzen baitira... Baina, kasu hartan, aurkitu zuen, egilearen izena beste era batera idatzita, eta interneteko katalogo batean bilaketa eginda.
Halako batean, Danimarkan zegoela azaldu zitzaion, eta hala izan zen. "Eta hori bi gauzei esker izan zen: munduko biblioteken katalogoak digitalizatzeari esker, eta egileari eta haren izenari buruz egin genuen azterketari esker".
Antzeko beste kasu bat ere izan zuten, "baina ez zen hain ondo amaitu". Galdutzat ematen zen beste liburu bat, hura ere XVII. mendekoa, Frantziako liburutegi batean zegoela azaldu zitzaion interneten, baina liburutegikoek azaldu zioten 1940an alemaniarrek hiria bonbardatu zutela, eta milaka eta milaka liburu erre zirela. Tartean, hura.
Orain, hizkuntzaren historia ikertzen jarraitzen du, baina, orain arte bereziki gramatikan aritu bada ere, orain fonetika eta fonologiari jarri die arreta. "Ez da erraza alderdi hau datu historikoekin lantzea, testu idatzitik abiatzen garelako, grabaketa zahar gutxi baitaude, eta haiekin ere ezin da urte asko egin atzera".
Etorkizunera begira, eta adimen artifizialaz hainbeste hitz egiten den garai honetan, ez du uste adimen artifiziala hizkuntzalarien lana egitera iritsiko denik: "Agian egingo dituzte lan aspergarrienak, baina, giza hizkuntzek hainbat alderdi baitituzte hain finak, non beti beharko baitira hizkuntzalariak".
Ikertzaileari buruz
Dorota Krajewska Hizkuntzalaritzan doktorea da (UPV/EHU, 2017). Letren Fakultateko irakaslea da, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean. ‘Hizkuntzalaritza Diakronikoa, Tipologia eta Euskararen Historia’ ikerketa taldearen kidea da. Euskara ikertzen du. Testuak arakatzea gustatzen zaio, gaur egungoak eta aspaldikoak, ahozkoak eta idatzizkoak. Sintaxi eta morfologia diakronikoak, testuen edizioa eta fonetika landu ditu orain arteko ikerketa lanetan.
EHU-ekinean Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordetzaren ekimena da.
Testua: Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia (CC-BY-SA-3.0)