euskaraespañol

EHezi i3 proiektuaren amaiera ekitaldia

  • Kronika

First publication date: 26/06/2023

Euskal Herriko Unibertsitateko Iraunkortasunaren eta Gizarte Konpromisoaren arloko Zuzendaritzatik bultzaturik Campus Bizia Lab deialdiaren baitan, Idoia Fernandez irakaslearen zuzendaritzapean, garatutako proiektua da ‘EHezi i3: Euskal hezkuntza hobe baten alde’ izeneko ekimena. “Eskola-segregazioa da aukera-berdintasuna galarazten eta gizarte-bereizkeria sortzen duen faktoreetako bat. Fenomeno horren arabera, ikasleak modu desberdinean banatzen dira eskoletan, ezaugarriren baten arabera, adibidez, familien egoera sozioekonomiko, ikaslearen jaiotza-herrialde edo talde etniko-kultural bateko kide izatearen arabera. Eskola segregazio dinamikek bazterkeria- eta desintegrazio-fenomenoak sortzen laguntzen dute. Eskola segregazioak Euskadin bere pisua badu eta egoera gainditzeko bideak irekitzen ari dira. EHezi i3 proiektua sortu da UPV/EHUko titulazio desberdinetatik eskola segregazioaren gaia aztertzeko eta kultura-aniztasunaren eta eleaniztasunaren ikuspegitik egon daitezkeen proposamenak egiteko. Proiektu kolektiboa da eta ikasle bakoitzak bere ekarpena egin du hurbilen duen praktika ingurua kontuan hartuta.”

EHezi i3 proiektuan parte hartzen duten ikastegiak honako hauek dira: Zuzenbide Fakultatea, Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, eta Bilboko Hezkuntza Fakultatea. Guztira 48 pertsona aritu dira lanean, ikasturte osoan zehar. Hiru kanpo eragile (Eusko Ikaskuntza, HEIZE eta UEMA) gizartean dauden kezkak eta ideiak unibertsitatera ekartzen. 18 gradu eta master ikasle, titulazio desberdinetatik ikerketak eta esku-hartzeak burutzen. Arte Ederretako 4 ikasle, 5 ikertzaile gazte, doktoratu aurrekoak, ikerketatik ekarpenak egiten eta aldi berean prozesu osoan laguntza ematen. Administrazio eta Zerbitzuetako langile bat antolakuntzan zein eztabaidetan parte hartzen. Eta azkenean 13 irakasle, Bizkaiko eta Gipuzkoako Campuseko arlo desberdinetakoak, bakoitzak bere ikaslearen lana zuzenduz.

Proiektu honen amaiera ekitaldia egin zen Gipuzkoako Campuseko Joxe Mari Korta Zentroaren areto nagusian, Donostian. Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitatearen errektorea ekitaldiaren buru izan zen. Bertan proiektuan parte hartu duten ikasleek beren lanaren berri eman zuten eta, ekitaldiaren amaieran, UPV/EHUko errektoreak diploma eman zien.