euskaraespañol

Image of the day

Ekuadorreko enbaxadoreak bere herrialdearen potentzialtasun energetikoak izango ditu mintzagai

When and where

24/03/2015 24/03/2015, 12:30 - 14:15

Miguel Calahorrano, Ekuadorreko enbaxadorea Espainian

Description

Asteartean, martxoak 24, 12:30ean, UPV/EHUko Bilboko IGETko Bideokonferentzia Gelan (Urkixo zumarkalea z/g. ) hitzaldia emango du Miguel Calahorranok, Ekuadorreko enbaxadoreak "Ekuadorren potentzialtasun energetikoak" izenburupean. Hala, aurkeztuko die bertaratutakoei, herrialde horrek energia-baliabide berriak esploratu, ustiatu eta garatzeko eskaintzen dituen era askotako aukerak.

Ekuadorrek potentzialtasun handia du energiaren sorkuntzarekin zerikusia duten hainbat esparrutan, petrolioaren eta gasaren erauzketa barne, eta aukera handi-handiak eskaintzen ditu sorkuntza hidroelektrikoaren eta energia berriztagarrien arloetan, bereziki eguzki energiari eta energia eolikoari dagokienez. Gaur egun garatzen ari diren proiektu nabarmenenen artean, Pazifikoko birfindegia azpimarra daiteke, eskualde osoan dagoen era horretako instalaziorik handienetakoa, Ekuadorri petrolio-deribatuen inportatzailea izateari utzi eta esportatzaile bihurtzeko aukera emango diona. Hainbat proiektu hidroeletrikori esker –guztira, zortzi zentral eraikitzen ari dira gaur egun–, herrialdea kontinente osoko elektrizitate-esportatzaile nagusietakoa bilakatuko da. Bestalde, 2013aren hasieraz geroztik, petrolio-prospekzioak hasi dira Amazoniako probintzietan eta gas-prospekzioak Guayaquileko golkoan. Energia berriztagarriei dagokienez, herrialdeko lehenengo parke eolikoa 2013an inauguratu zen, eta Elektrizitatearen Kontseilu Nazionala (Conelec) eguzki-energian, energia fotovoltaikoan eta biomasan oinarritutako sorkuntza ere bultzatzen ari da. 2015a arte, 290 MW guztizko potentzia izango duten 15 proiektu fotovoltaiko berri abian jartzea aurreikusi da.

Miguel Calahorrano Camino, Ekuadorren Espainiako enbaxadorea 2013ko abenduaz geroztik, energiaren arloko aditu bikaina da. Elektronika eta Telekomunikazio Ingeniaritzan lizentziatu zen Ekuadorreko Eskola Politekniko Nazionalean, eta 1995ean, Energia Berriztagarrien Masterra egin zuen Salford-eko Unibertsitatean (Manchester, Erresuma Batua). Ondoren, doktorego ikasketak egin zituen Montpellier I Unibertsitatean (Frantzia), 2005ean energia sektorearen desregulazioari buruzko tesia aurkeztu zuelarik. Ibilbide luzea egina du energia sektorean: 24 urtez, Ekuadorreko Elektrifikazio Institutuarekin lotuta egon da, lehendabizi funtzionari gisa eta gero zuzendari nagusi karguan; eta 2009tik 2011ra bitartean, Elektrizitatearen eta Energia Berriztagarrien ministroa izan zen. Irakaskuntza arloan, Ekuadorreko Eskola Politekniko Nazionaleko eta Quitoko San Frantzisko Unibertsitateko irakaslea izan da 20 urtez, Energia Jasangarriaren arloko profesionalak trebatuz, eta hizlari lanetan jardun du Ekuadorreko eta herrialde horretatik kanpoko hainbat topaketa eta biltzarretan.

Espainian duen oraingo karguaz jabetu baino lehen, Ekuadorren Herbeheretako Erresumako enbaxadorea izan zen. Bertan, aldebiko harreman-programa zabala bultzatu zuen bizikletaren erabilpena masiboa, hondakin solidoak energia bihurtzeko transformazio-prozesuak kudeaketa eta uholdeen kontrola sustatzeko edota Ekuadorreko , nekazaritza-industria eraldatu eta ekoizpeneko matrizea aldatzeko. Horrez gain, parte-hartze aktiboa izan zuen Nazioarteko Gorteetan eta OPCW (Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundea bezalako erakundeetan. OPCWko Batzorde Exekutiboko presidenteordea ere izan da, Nazio Batuetako Latinoamerika eta Karibea Taldearen izenean,. Nazioarteko erakunde honetan izan duen inplikazioaren ondorioz, OPCWren izenean Bakearen Nobel Saria jaso zuen ordezkaritzako kidea izan zen 2013ko abenduan.

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa