UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldeko ikertzaileek artikulu zientifiko bat argitaratu dute, zeinean errotik aztertzen baitute psilozibina haluzinogenoak duen eragin-mekanismoa. Saiakuntza klinikoen fase aurreratuetan dago psilozibina zenbait patologia psikiatriko tratatzeko, hala nola depresioa eta adikzioak.
Droga psikodelikoak patologia psikiatrikoak tratatzeko
UPV/EHUko ikerketa batek datu baliotsuak eman ditu sistema serotonergikoak psilozibinaren efektuetan duen eraginari buruz
- Research
First publication date: 03/11/2022
Psilozibina sendagai potentzialki baliagarri bihurtu da zenbait gaixotasun neuropsikiatrikotarako, azkar ekiten baitio jardun terapeutikoari. Hala ere, oraindik ere ez dago oso garbi zer mekanismok eragiten dituzten ondorio horiek. Euskal Herriko Unibertsitateko Neuropsikofarmakologia taldearen lan batek (‘Serotonin 5-HT2A, 5-HT2C and 5-HT1A receptor involvement in the acute effects of psilocybin in mice. In vitro pharmacological profile and modulation of thermoregulation and head-twitch response’) errotik aztertzen du psilozibina haluzinogenoak saguetan duen eragin-mekanismoa. Lortutako emaitzak garrantzitsuak dira ondorio terapeutikoon azpian dagoen eragin-mekanismoa ulertzeko, baina baita substantzia psikodeliko horren bigarren mailako ondorio posibleen berri izateko ere.
Psilozibina modu naturalean topa daiteke onddo-espezie haluzinogeno batzuetan (‘Psilocybe’ generokoetan, besteak beste), eta joan den mendeko 60ko hamarkadan aztertu zen zenbait nahasmendu mental tratatzeko. 1972az geroztik, ordea, debekatuta dago psilozibina erabiltzea eta banatzea. Azken urteotan, halere, komunitate zientifikoak berriro ekin dio substantzia hori eta antzeko ezaugarriak dituzten beste batzuk ikertzeari —horien artean, MDMA edo LSDa—. Ildo horretan, Europan zein Amerikan eginiko saiakuntza klinikoek emaitza itxaropentsuak iradokitzen dituzte. “Ikerketa horien emaitzak ikusi ondotik, Amerikako Estatu Batuetan deskriminalizatu egin dituzte psilozibina eta potentzial terapeutikoa duten beste haluzinogeno batzuk, eta hori aurrerapauso bat da etorkizunean agentzia arautzaileek (batez ere AEBko FDA Elikagai eta Sendagaien Administrazioak eta EMA Europako Sendagaien Agentziak) substantzia horien erabilera klinikoa onar dezaten”, azaldu du Ines Erkizia doktorego aurreko ikertzaile eta artikuluaren lehen egileak.
Luze-zabal deskribatu izan dituzte psilozibinaren eta haren metabolito aktiboaren (psilozina) efektu akutuak, dela ingurune klinikoetan, dela aisialdi-giroetako erabiltzaileen bitartez. Efektu horien artean daude pertzepzio-aldaketak —hala nola entzumen- edo ikusmen-haluzinazioak—, bai eta esperientzia mistikoak edo espiritualak ere. Epe luzerako ondorioen artean, erabiltzaileek aldaketa positiboak hautematen dituzte umorean eta aldartean, eta baliteke horrek gaixotasun psikiatriko batzuen sintomatologia hobetzea. Ondorio horien azpian dauden mekanismoak ez dira erabat ezagunak, baina garun-azalaren konektibitatean ustez alterazioak eragiten dituzten plastikotasun neuronalaren gehikuntzekin erlazionatu dira.
“Antzeko psilozina-profil farmakologikoa baieztatu dugu gizakietan eta karraskarietan —adierazi du ikertzaileak—. Gainera, azterketa farmakologiko sakona egin zen etorkizunean azterlan zientifikoetan baliatu beharreko dosi optimoak identifikatzeko, dela oinarrizko ikerketarako, dela ikerketa klinikorako. Gure aurkikuntzek datu baliotsuak ematen dituzte sistema serotonergikoak psilozibinaren ondorioetan duen inplikazioari buruz”, nabarmendu du Ines Erkiziak.
Ikerketa horren emaitzek bestelako ikuspegi bat eman dezakete farmakoaren xede terapeutikoei buruz, etorkizunean azterketa klinikoetan baliatzeko.
Informazio osagarria
Orain argitaratutako azterlana Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak berriki emandako proiektu baten parte da (PID2021-123508OB-100). Jorge E. Ortega da proiektu horretako ikertzaile nagusia. Lan horrek, era berean, Vital Fundazioaren finantzaketa jaso du.
UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldea Farmakologia Sailari atxikita dago, eta Leioako Campuseko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko egoitzan jarduten du nagusiki.
Neuropsikofarmakologia taldea CIBERSAM Osasun Mentaleko Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroko kide da —Carlos III Osasun Institutuaren ekimena—. Oinarrizko ikerketan eta ikerketa klinikoetan diharduten 25 ikerketa-taldek osatua da, eta guztiek ere lankidetzan dihardute gaixotasun mentalen alorrean, ikuspegi traslazionalarekin. Neuropsikofarmakologia taldea sartuta dago, orobat, Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuan, ‘Psikosiaren hasierako faseak’ izeneko ikerketa-arloaren barruan eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuak gidatuta.
Bibliographic reference
- Serotonin 5-HT2A, 5-HT2C and 5-HT1A receptor involvement in the acute effects of psilocybin in mice. In vitro pharmacological profile and modulation of thermoregulation and head-twitch response
- Biomedicine & Pharmacotherapy. 154. bol., 2022ko urria, 113612
- DOI: 10.1016/j.biopha.2022.113612