euskaraespañol

image of the day

UPV/EHUko bi ikertzailek Bizkaiko Campusetik kontrolatu dute Mars2020 misioaren tresnetako bat

Asteazkenean, IBeA ikertaldeko bi emakume zientzialari arduratu ziren Perseverance robotaren SuperCam tresnaren datuak jasotzeko eta lan aginduak bidaltzeko operazioez

  • News

First publication date: 26/10/2023

Iratxe Población, eserita, eta Julene Aramendia, asteazkenean, UPV/EHUren Mars2020 Operazio Zentroan, asteazkenean. | Photo: Fernando Gómez. UPV/EHU.

2021eko otsailaren 18an, NASAren Mars2020 misioa Martera heldu zen. Orduz geroztik, Perseverance ibilgailu robotizatua lanean aritu da Jezero kraterrean (Marteko antzinako laku lehortu bat). Toki horretan, Perseverancek hainbat lan egiten ditu egunero, Lurretik agintzen zaizkionak, eta emaitzak biharamunean bidaltzen ditu. Informazio fluxu hori gauzatzen da Lan Aginduak Bidaltzeko Operazioen (Uplink Operations) eta Datuak Jasotzeko Operazioen (Downlink Operations) bitartez.

Perseverancek zazpi tresna ditu, eta horietako bat da SuperCam izenekoa. Analisi kimikoak egiten ditu, Marteko gainazala eta atmosfera zer elementuk osatzen dituzten jakiteko. Tresna horretaz arduratzen den taldekoak dira UPV/EHUko IBeA ikertaldeko zazpi kide. SuperCam tresnarekin loturiko zereginak astero banatzen dira Amerikako eta Europako ikertzaileen artean. Urriaren 23ko astean, Europako ikertzaileak arduratu dira, eta IBeA ikertaldeak eginkizun garrantzitsua izan du: hilaren 23an, astelehenez, taldeko ikertzaile bat arduratu zen Lan Aginduak Bidaltzeko Operazioez; aldiz, hilaren 25a, asteazkena, egun garrantzitsua izan zen euskal ikertzaileentzat, UPV/EHUko bi zientzialarik kontrolatu baitzituzten SuperCam tresna eta Perseverance robotaren beste zenbait elementu zientifiko, Leioako Campus Zientifikoan kokatuta dagoen UPV/EHUren Mars2020 Operazio Zentrotik. Egun horretan, zentro horretatik egin ziren datuak jasotzeko eta lan aginduak bidaltzeko operazioak.

Zehazki, Julene Aramendia ikertzailea arduratu zen datuak jasotzeaz, ahalik eta denbora laburrenean aztertzeaz (ordu erdi eta bi ordu artean) eta Martetik bidalitako neurrien hasierako emaitzak jasotzen zituen txostena igortzeaz. Txosten hori berehala jartzen da Mars2020 misioaren ikertzaile guztien eskura.

Bestetik, Iratxe Población doktorego aurreko ikertzailea arduratu zen lan aginduak igortzeaz. Hiru elementutan oinarrituta (alde batetik, bezperan jasotako datuen txostena -SuperCam tresnaren eta Perseveranceren beste tresna batzuen datuak-; bestetik, misioak aurreko bi egunetan adostutako ekintzak; azkenik, robotaren kamerek hartutako bereizmen handiko irudiak), proposatu zuen zer neurketa egin hurrengo hiru egunetan, arroketan nahiz zoruetan, analisi puntuen koordenatuak zehaztuta. 

Bi lanak egin ziren denbora errealean, beste tresna batzuen eta misioko gainerako ikertzaileekin partekatuta, online konexio seguruen bidez (ahots eta datu konexioak). Jarduera guztiak gainbegiratzen ditu Frantziako Tolosa hirian kokatuta dagoen Ikerketa Espazialen Zentro Nazionalak (CNES), SuperCam tresnaren Europako arduraduna.

Juan Manuel Madariaga IBeA ikertaldeko zuzendariaren hitzetan, “emakumeek presentzia mugatua dute oraindik ikerketa alor honetan eta, batez ere, postu mota hauetan. Beraz, egun honek balio izan du emakumeek espazio esplorazioan egiten duten lana ikusarazteko eta ikerketa zientifikoaren erreferente femeninoak erakusteko, Mars2020 misioa bezalako eragin globaleko egitasmo batean”.