euskaraespañol

Image of the day

Dokumentuen kudeaketa ondare arkitektonikoaren zaharberritzean

  • Research

First publication date: 21/05/2024

Miren Jaione Korro Bañuelos
Miren Jaione Korro Bañuelos | Photo: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Kontserbazio-zaharberritze proiektuei buruz eskuragarri dagoen informazioa, informazio hori babesteko eta eskuratzeko aukera eta informazioa ondare elementuak kudeatzeko tresna gisa erabiltzeko aukera aztertu ditu UPV/EHUn defendatutako nazioarteko doktorego tesiak. San Millán de Yusoko monasterioan inplementatu dituzte emaitzak.

‘La gestión documental de la restauración del patrimonio arquitectónico. Implementación, mantenimiento y repercusión en la puesta en valor del Patrimonio y de los proyectos de conservación-restauración’ izenburua duen nazioarteko doktorego tesia defendatu dute Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean. Cum laude nota eskuratu du, eta aipamen berezia jasotzeko hautagaia da. Ondare arkitektonikoaren kontserbazio-zaharberritze proiektuetan informazioa kudeatzeko metodologia bat garatzea zen tesiaren helburua, sakabanatutako dokumentuak berreskuratzean, sailkatzean eta deskribatzean oinarrituta.

Kontserbazio-zaharberritze esku hartzeetan oso dokumentu gutxi egoten dira eskura, eta hor du jatorria ikerketak. Dokumentu falta horren ondorioz, iraganean egindako prozesuen gaineko estandarizazioa eta kontzientzia falta da eta, horrez gain, arazoak sortzen dira kontserbazio-zaharberritze berriak behar direnean eta prebentziozko kontserbazio planak inplementatu behar direnean.

Tesiaren egileak, Miren Jaione Korro Bañuelosek, lanerako sistemak eta estrategiak aztertu ditu, eta nazioarteko eta Estatuko araudiek ondarearen dokumentazioan duten inpaktua ebaluatu du. Aldi berean, San Millán de Yusoko monasterioko kasuaren azterketan egiaztatutako kontzeptu esparru bat proposatu du, honakoak aplikatuta: dokumentu moten katalogo bat, ondare eraikinen informazio eredu bat eta kudeaketa semantikoa, ezagutza grafoen bidez.

Lanaren emaitzen arabera, dokumentu moten katalogoa funtsezko tresna da informazioa egituratzeko, akatsak eta bikoiztasunak saihesteko eta esku hartze proiektuen eskuragarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko. “Dokumentuen identifikazioa eta deskribapena erraztea da metadatuak txertatzearen helburua, eta horien eskuragarritasuna eta segurtasuna ziurtatzea”, azaldu du tesiaren egileak.

Hori dela eta, kodifikazio informatikorako eduki semantikoa maximizatu behar dela nabarmentzen du ikertzaileak, eta datu moten katalogoa txertatu behar dela, ondare eraikinen informazio ereduarekin eta datu base semantikoekin. “Ondare eraikinen informazio ereduak 3D ingurune batean txertatzen eta zentralizatzen ditu datuak. Hala, hainbat abantaila eskaintzen ditu, dokumentazio zehatzarekin, erregistro historikoen babesarekin eta diziplinarteko elkarlanarekin lotuta”.

Dena den, doktoreak haren tesian gehitzen duen moduan, kostuarekin, baldintza teknologikoekin eta datuen kudeaketarekin lotutako erronkak ditu neurri horiek hartzeak. Oztopo horiei aurre egiteko, kudeaketa semantikoa aplikatzen da. Hala, aurrerapausoak ematen dira ezagutzaren formalizazioan, kontserbazio-zaharberritze prozesuaren hasierako informazioaren garrantzia nabarmentzen duen eredu bat erabilita. “Aurrerapen horiek hobetu egiten dituzte dokumentazioa eta datuen eskuratzea, eta horiek funtsezkoak dira web semantikoaren gisako sistemetarako. Modu horretan, simulazioa eta erabakiak hartzea hobetzen dira kontserbaziorako esku hartzeetan”, nabarmendu du Jaione Korrok.

Ikerketak ondorioztatzen duenez, informazioaren eta tresnen eskuragarritasuna handitu bada ere, beharrezkoa da interoperabilitatea, dibulgazioa eta soluzioen berrerabilpena hobetzea. Proposatutako eredua kudeaketa sistema bat da, eta dokumentu moten katalogoaren bidez definitzen da haren aplikazio eremua. Katalogo hori da gainerako teknologiak txertatzeko oinarria.

Informazio gehigarria

Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare Eraikiari buruzko Ikertaldeko (GPAC) kidea da Miren Jaione Korro Bañuelos. Ondarearen Dokumentazio Geometrikoko Laborategia (LDGP) izan da tesiaren zuzendaria, eta UPV/EHUko Zaharberritze Saila izan da zuzendarikidea. Eusko Jaurlaritzaren beka bati esker egin du tesia egileak.
San Millan Fundazioarekin egindako lankidetza hitzarmen bati esker, San Millán de Yusoko monasterioan aplikatu dituzte emaitzak. Aipatutako monasterioa gizadiaren ondare izendatu zuen UNESCOk 1997an.