euskaraespañol

image of the day

Elena Leiñena Mendizabal

Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna: aldarrikapenarekin jarraitzeko arrazoiak

Berdintasunerako Zuzendaria

  • Cathedra

First publication date: 25/11/2021

Elena Leiñena Mendizabal
Elena Leiñena Mendizabal, Berdintasunerako zuzendaria. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

2000. urtean, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak formalki ezarri zuen azaroaren 25ean Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna. Mundu osoan emakumeen aurka eragiten den indarkeria salatzeko eta herrialde guztietan indarkeria errotik erauzteko politikak erreklamatzeko helburua du egunak.

Hala ere, ekimenaren deialdia mugimendu feministak abiarazi zuen (1981), oroitarazteko 1960ko egun horretan bortizki hil zituztela Dominikar Errepublikan Mirabal ahizpak (Patria, Minerva eta María Teresa), Trujilloren diktaduraren aurkako jarrera aktiboa izateagatik.

Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak 1993an igorri zuen emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeari buruzko bere ebazpen enblematikoa. Deklarazio horren bidez, honela zedarritu zen emakumeen kontrako indarkeriaren kontzeptua: «emakume izatean oinarritutako indarkeria-ekintza oro, baldin eta ondorio gisa emakumeari kalte fisikoa, sexuala edo psikologikoa badakarkio edo ekar badiezaioke, bai eta ekintza horiek egiteko mehatxuak, derrigortzeak edo askatasuna arbitrarioki kentzea ere, bai bizitza publikoan, bai pribatuan». Hori hala izanik ere, emakumeen eta nesken aurkako indarkeriak arazo larria izaten jarraitzen du mundu mailan; horrenbestez, gaitz horren aurkako borrokan parte hartu beharrean daude gobernuak, nazioarteko erakundeak eta GKEak, eta kontzientzia publikoa sentikortzeko helburua duten jarduerak koordinatzen dituzte urtero.

Beharrezkoa da gogoan izatea emakumeen eta nesken aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa zabaldu, iraunkor eta suntsigarrienetako bat dela gaurko munduan. Indarkeria-eragileen inguruan dagoen isiltasun eta inpunitatearen ondorioz, sakonagoa da biktimek sentitzen duten estigmatizazioa eta lotsa.

NBE Emakumeak erakundeak egiten duen planteamenduari jarraikiz, emakumeen aurkako indarkeriak hiru ikuspegi ditu: modu fisikoan, sexualean eta psikologikoan adierazten da. Halaber, jokabide gaitzesgarri eta arbuiagarri asko biltzen ditu, besteak beste hauek: bikotekide gizonezkoak eragindako indarkeria (indarkeria fisikoa, tratu txar psikologikoa, ezkontza barruko bortxaketa, feminizidioa); indarkeria sexuala eta jazarpena (bortxaketa, sexu-harreman behartuak, nahi ez diren sexu-intsinuazioak, haurrenganako sexu-abusua, ezkontza behartua, zelatatzea, kale-jazarpena, jazarpen zibernetikoa); gizakien salerosketa (esklabutza, sexu-esplotazioa); mutilazio genitala eta haur-ezkontzak.

Esan gabe doa emakumeen eta nesken aurkako indarkeriaren ondorio psikologikoek bizitzako etapa guztietan eragiten dietela emakumeei, eta ondorio larriak dituztela beren sexu- eta ugalketa-osasunean; horrez gainera, eskolatzeko eta goi mailako hezkuntzarako eta enplegurako sarbidea izateko oztopo nagusia da. Nabarmendu beharra dago, bestalde, munduko toki batzuetan emakumeak indarkeriarekiko zeharo zaurgarri direla, bereziki, haurrak, emakumezko adinekoak, lesbianak, bisexualak, migratzaileak eta errefuxiatuak, indigenak edo GIBa eta desgaitasunak dituztenak.

COVID-19aren pandemiak emakume eta nesken aurkako indarkeria areagotu besterik ez du egin, etxe barnean bereziki. Osasun-zerbitzuek, babeserako oinarrizko zerbitzuek eta arreta-lerroek gainezka egin dute arazo honekin, eta horrek adierazten du indarkeria horren aurkako borrokak lehentasuna izan behar duela mundu osoan.

Azken urte hauetan NBEak egindako azterketek eta ikerketek datu beldurgarriak uzten dituzte agerian: emakumezkoen % 35ek  jasan du noizbait bikotekideak eragindako indarkeria fisiko edo sexuala edo bikotekidea ez den pertsona batek eragindako indarkeria sexuala (2013); egunero 137 emakume hiltzen dituzte beren familiako kideek (2017); emakumezko helduek osatzen dute mundu mailako gizakien salerosketaren % 49a (2018); 2019an, 18 urte bete aurretik ezkondua zegoen 20-24 urte bitarteko bost emakumetik bat; 15-49 urte bitarteko 200 milioi emakume eta neskari gutxienez eragin zaie mutilazio genitala, 31 herrialdetan (2020); 15-19 urte bitarteko 15 milioi neska nerabek jasan dituzte sexu-harreman behartuak, mundu osoan (2017); Europar Batasunean, 10 emakumetik 1ek ziberjazarpena salatu du (2014); eta munduko 5 eskualdetan, emakumezko parlamentarien % 82k salatu du nolabaiteko indarkeria sexuala jasan dutela beren agintaldian (2016).

Datu horiek agerian jartzen dute XXI. mende betean emakumezkoen eta gizonezkoen artean dagoen berdintasun-falta eta desparekotasun ukaezin eta erabatekoa. Egoera horren ondorioz, honako hau da egun honetarako mezua eta erronka: emakumeen aurkako indarkeria errotik erauzten ez den bitartean, berdintasuna lortzeko eta emakumeen eta nesken giza eskubideak errespetatzeko oztopo izaten jarraituko du. Hala, ezingo dira bete Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) edo Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda, bosgarren helburua bete gabe egongo delako: emakume eta gizonen arteko berdintasuna.

Hortik dator emakumeen eta nesken ahotsa entzuteko beharra; kontuan izan behar dira haien premiak. Era berean, lehentasuna eman behar zaio emakumeen lidergoari irtenbideak bilatzeko, eta gizonezkoak sartu behar dira borrokan. Horren guztiaren lagungarri izan behar dute finantziazioak eta baliabideek, neurri egokiak ezartzeko eta ikuspegi sanitariotik, sozialetik eta justiziaren arlotik behar bezala erantzuteko.

Emakumeen aurkako indarkeriari dagokion egoeraren deskribapena ere erronka saihetsezina da euskal gizartearentzat eta espainiarrarentzat (munduko beste herrialde batzuetan, hala nola Saharaz hegoaldeko Afrikan, egoera are dramatikoagoa dela baztertu gabe).

Ezin ahaztu daiteke gaiari buruzko araudiaren eta erregulazioaren garapena asko aurreratu dela gure gizartean, indarkeria matxista prebenitzeko eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumezkoak artatzeko eta babesteko sistema bat artikulatu baita.

Erkidegoan eta estatuan arau asko daude horretan laguntzen dutenak. Nolanahi ere, arauen garapenak ez dira nahikoak: Espainian eta EAEn emakumeek jasaten duten indarkeriari buruzko datuek ez dute aukera ematen gai hori bazterrean uzteko. Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzaren 2019ko abenduko datuen arabera, Espainian indarkeria matxistagatiko 61.355 kasu aktibo izan ziren, eta haietatik 30.895 kasuk poliziaren babesa zuten. EAEn, Emakundek 2020an indarkeria matxista jasan zuten 4.177 emakumeren kasuak zenbatu zituen.

Harrigarria da hainbat programa eta neurri artikulatu diren arren oraindik nagusi dela emakumeen aurkako indarkeria, eta harrigarriak dira orobat gure gizartearekin lotuta aipatutako zenbatekoak. Horrek agerian jartzen du gaitz horren kontra borrokatzen jarraitu behar dugula; arretaren alde egin behar dugula eta biktima guztiak artatzeko baliabideak eskura jarri behar ditugula. Sentsibilizatzeko eta prebenitzeko, koordinatzeko eta erakundeen arteko lankidetzarako beste ekintza batzuekin sendotu behar da apustu hori, baita emakumeen aurkako indarkeria guztiak hautemateko eta tratatzeko estatuko eta nazioarteko programetan eta sareetan parte hartuz ere.

Unibertsitatean emakumeen aurkako indarkeriazko jokabiderik ez dagoela pentsatzea ameskeria da; izan ere, pertsona-aniztasun handi batez osatutako erakunde sozialetako bat da (ikasle gaztez, administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaz, eta irakasle eta ikertzailez osatua), eta, tarteka, emakumeenganako kultura, estereotipo eta jokabide benetan gaitzesgarriak aurkitzen dira. Alegia, gizartean dagoen berdintasunik eza unibertsitate-komunitatean islatzen da.

Horrenbestez, eta erreferentzia gisa hartuta Nazio Batuen Batzarraren 1993ko deklarazioan jasotzen den emakumeen aurkako indarkeriaren kontzeptua (non emakume izatean oinarritutako indarkeria-ekintza oro sartzen baita, baldin eta ondorio gisa emakumeari kalte fisikoa, sexuala edo psikologikoa badakarkio edo ekar badiezaioke), zorroztasunez ohartarazi behar dugu unibertsitatearen esparruan, oro har, eta, bereziki, gure esparruan, gertatu gertatzen direla halako portaerak.

Nolanahi ere, ez litzateke justua izango gaiaz jardutea unibertsitateek egiten duten ahalegina aipatu gabe. UPV/EHUri dagokionez, unibertsitateko genero-indarkeriaren gaia kontu handiz jaso eta landu da III. Berdintasun Planeko (2018-2022) IV. helburuan (pertsonei dagokiena). Hala, berariaz jasotzen da unibertsitatean genero-indarkerien, jokabide sexisten eta generoagatiko diskriminazio-jarreren aurkako helburua, eta hainbat ekintza ezarri dira horretarako.

Genero Indarkerien aurkako UPV/EHUko Protokoloa izan zen ezarri zen lehen ekintza eta ekintza nagusia. Haren helburua da Unibertsitateko espazio fisiko eta birtual orotan gertatzen diren genero-indarkeriak identifikatzeko eta haiei aurre egiteko mekanismoak ematea. Urtero ematen da haren berri campus guztietan.

Protokolo hau funtsezko tresna ezin hobea izan da unibertsitatean hautematen diren indarkeriazko jarrera onartezinei aurre egiteko, bai eta unibertsitatetik kanpo hautematen direnei aurre egiteko ere, baldin eta unibertsitateko komunitatea osatzen duen pertsona bati (ikasleak, IIP eta AZP) edo unibertsitatean lan egiten duen pertsona bati (enpresa azpikontratatuak) badagokio.

Protokoloaren prozeduraren arabera, errespetuz eta konfidentzialtasunez egiten zaio harrera eta entzuten zaio pertsona kaltetuari; laguntza-zerbitzu profesionala ematen zaio, birbiktimizazioa saihesteko; eta arduraz eta azkar jokatzen da, biktima babesteko hartu beharreko kautelazko neurriei dagokienez. Prozedura bermatzailea, inpartziala eta kontraesankorra da, tartean dauden aldeentzat. Nolanahi ere, azken txosten bat egiten da, non alde kaltetua zaintzeko eta itzultzeko neurri egokiak eta proportzionalak gomendatzen baitira. 

Hala, eskuragarri dauden baliabideak erabiliz eta kasu bakoitzean dauden mugak kontuan hartuz, UPV/EHU arazoari erantzuten ari zaio, arazo osoari ez bada ere, bai arazoaren parte bati. Arazoa eteteko NBE Emakumeak erakundeak ematen dituen gomendioekin alderatzen badugu gure erantzuna, uste dugu bide onetik goazela; izan ere, biktimari harrera egiten zaio, entzuten zaio, sinetsi egiten zaio, aholkularitza ematen zaio eta haren beharrei erantzuten zaie. Azken batean, babestu egiten dugu, eta segurtasuna ematen.

III. Berdintasun Planean jasotako beste ekintzetako bat da ikasle gazteenekin genero-indarkeriak prebenitzeko estrategia eta programa espezifikoak martxan jartzea. Indartu eta Eraldatzen programek prebisio horri erantzuten diote.  Planeko beste ekintza baten arabera, informatzeko, sentsibilizatzeko eta kontzientzia hartzeko kanpainak aktibatzen dira, unibertsitate-komunitatean genero-indarkeriak ezabatzeko. Berdintasunerako Zuzendaritzak eskaintzen dituen prestakuntza-ikastaroekin gauzatzen da ekintza hori: Hezkidetza-Coeducación, Hizkuntza inklusiboa, Berdintasuna, Maskulinitateak, Dibertsitate sexuala, Haurren aurkako sexu-abusuak eta Emakumeen aurkako indarkeria. Uste dugu trebakuntza dela unibertsitatean eta gizartean nesken eta emakumeen aurkako biolentzia ezabatzeko biderik eraginkorrenetako bat, eta ez dugu ahaztu behar zer garrantzitsua den trebakuntza horretara mutil eta gizonezko gehiago etortzea eta bertan parte hartzea.

Zalantzarik gabe, bide luzea dugu egiteko emakumeen aurkako indarkeria ezabatu arte, azaroaren 25a egutegian azaldu ez dadin. Nolanahi ere, UPV/EHUn lanean jarraituko dugu belaunaldi gazteenarentzako transmisioak beste genero-ikuspegi eta -perspektiba bat izan dezan; transmisioan indarkeriak lekurik izan ez dezan; giza eskubide eta oinarrizko eskubide gisa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren errespetuak bakarrik izan dezan lekua.