euskaraespañol

Image of the day

Design The Future lantegiaren beste edizio bat

UPV/EHUko hamabi ikaslek Terraforming lantegian parte hartuko dute astebetez CERNen Suitzako egoitzan

  • News

First publication date: 15/11/2023

CERNen egoitzan workshopean parte hartuko duten UPV/EHUko ikasleak
CERNen egoitzan workshopean parte hartuko duten UPV/EHUko ikasleak | Photo: Nuria González. UPV/EHU.

Design The Future (Terraforming) lantegiari esker, UPV/EHUko hamabi ikaslek aukera paregabea dute Genevan (Suitza) Ikerkuntza Nuklearrerako Europako Erakundearen (CERN) erronketan parte hartzen duten ikertaldeen eguneroko lanarekin bat egiteko. Hautatutako pertsonak Arabako Campusean matrikulatuta daude edo, Gasteizen helbideratuta egonda, UPV/EHUren beste campus batzuetan daude matrikulatuta.

Hautatutako ikasleek, seina emakumezko eta gizonezko,  astebete igaroko dute CERNen, unibertsitate kolektiboaren eta ikerketa zentro horretako komunitate zientifikoaren artean sinergiak ezartzeko. Egonaldian, ikasleentzako prestakuntza jarduerak sustatuko dira, planetaren jasangarritasunean gaur egun eta etorkizunean eragin positiboa izango duten ideiak eta proiektuak sortzeko beharrezko tresnak emango dituztenak.

Ikasleak agurtzeko ekitaldian parte hartu dute Manoli Igartua UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreordeak eta Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendariak. Haiekin batera izan dira Amaia Echeverría, Espainiako Zientzia Industriaren Elkartekoa (INEUSTAR), David Montero de la Torre, BIC Arabako zuzendaria, eta Amaia Calleja, UPV/EHUko Arabako Campuseko Ekintzailetza eta Transferentziako zuzendaria.

Arabako Campuseko errektoreordeak aipatu duenez, "esperientziazko ikaskuntzako programa berritzaile honek aukera paregabea eskaintzen du mundu mailako erreferentziazko ikerguneetako bat ezagutzeko eta ikertzaileen eskutik ikasteko".

Manoli Igartuak gaineratu duenez, "nazioartekotzeko esperientzia intentsiboa bizitzeaz gain, hainbat gaitasun garatuko dituzte parte hartzaileek, hala nola pentsamendu kritikoa, sormena, arazoen konponketa, berrikuntzarako eta ekintzailetzarako gaitasuna; lanbide esparru guztietan balioetsitako trebetasunak, XXI. mendeko erronka globalei aurre egiteko funtsezkotzat jo direnak".

Zibilizazio jasangarria

Lantegiaren beste alderdietako bat da ekintzailetzako ideia eta proiektu berritzaileak lantzea, irtenbide teknologiko jasangarriak eta ekonomia zirkularrarekin eta jasangarritasunarekin lotutakoak emango dituztenak. Horretarako, teknologiak etorkizuneko agertoki batera estrapolatuko dira, Terra izeneko beste planeta batean zibilizazio jasangarri bat ezartzeko, eta, ondoren, atzera egin eta gure planetan ditugun erronkei aurre egiteko ikaskuntzak eta irtenbide posibleak aplikatzeko.

CERNen programak dioen bezala: “Gizateriak, etorkizunean, gure pentsamendu arketipo tradizionalak ordezkatu eta ikuspegi ez-lineal eta sistemikoak hartu behar ditu. Horrela, ez beste edonola, diseinatu ahal izango ditugu gure planetak hurrengo hamarkadetan izango dituen erronka izugarriei ahalik eta gehien aurrea hartuko dieten agertokiak”.

Jarduera hori INIZIA Araba Campus programaren barruan dago. Programa hori, bada, Arabako Enpresa eta Berrikuntza Gunearekin (BIC Araba) lankidetzan egiten da, eta ekintzaileak sustatzea, aholkatzea eta laguntzea du helburu, baita unibertsitate komunitatearen barruan enpresa berritzaileak eta oinarri teknologikokoak sortzea ere.