euskaraespañol

Image of the day

Denboran zehar bidaia bat; Araiako gaztelura itzultzea

UPV/EHUko ikasle batek Arabako XIII. mendeko gotorlekua berreraiki du bideo batean

  • News

First publication date: 23/07/2024

Bideoaren fotograma. | Photo: UPV/EHU.

Patxi Juaristik, Euskal Herriko Unibertsitateko Ilustrazio Zientifikoko Masterreko ikasleak, ikus-entzunezko formatuan berreraiki du Araiako (Araba) gaztelua. Eusko Jaurlaritzarekin eta Asparrenako Udalarekin abiatutako lankidetza proiektu baten esparruan gauzatu da master amaierako lan hau, eta UPV/EHUko SGIker zerbitzuen babesa dauka.

Patxi Juaristi Azkuek, Euskal Herriko Unibertsitateko Ilustrazio Zientifikoko Masterreko ikasle egresatuak, dibulgaziorako bideo bat sortu du Master Amaierako Lanean (MAL). Egiteko horretan, UPV/EHUko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorren (SGIker) kalkulu zientifikorako superordenagailua baliatu du, Ariña izenekoa. Bideoa interpretazio panel batean txertatuko da, Araiako (Araba) gazteluan bertan. Haren bitartez, panelean integratutako QR kodea erabiliz, gazteluan barrena bidaiatu ahal izango dira bisitariak, zehaztasun handiko berreraikitze historikoa eskainiko baitzaie ikus-entzunezko formatuan. Esperientzia aberatsa biziko dute, eta XIII. mendeko mugako gaztelu bateko bizimodua deskubritzeko aukera ere izango dute.

Araiako gaztelua ezagutaraztea helburu duen proiektu baten baitan biltzen da Juaristiren MALa (“Recuperación y puesta en valor del castillo de Araia [Asparrena, Álava]”), eta, egiteko horretan, José Luis Solaun eta Iñaki Diéguez irakasleak izan ditu tutore lanetan. Aipatu proiektua 2021. urtean jarri zuen martxan “Kultur Paisaiak eta Ondarea” UNESCO Katedrak, eta Asparrenako Udala eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura ondarearen zentroa arduratzen dira hura kudeatu eta finantzatzeaz. Proiektu estrategiko horren helburua da Araiako gazteluaren, Marutegi deritzonaren, garrantzia azpimarratzea eta hura bisitatzeko aukera eskaintzea, baita jendartean ezagutaraztea eta haren narriadura saihestea ere.

Bideoa egiteko prozesuan, milaka argazki bildu, eta konposizio jakin batean planifikatu eta doitu ziren. Ondoren, irudi horiek guztiak errenderizatu egin ziren, SGIkerren HPC (High-Performance Computing) baliabide aurreratuak erabiliz. Lan guztiaren emaitza gisa, kalitate handiko bideoa sortu zen, irudiaren fideltasuna bermatzen zuena. SGIkerren Kalkulu Zientifikorako Zerbitzuaren superordenagailuak funtzio ugari ditu; besteak beste, kalitate handiko irudiak sortzeko erabiltzen da, eta, ondorioz, tresna baliotsua da ilustrazio zientifikoaren arloan diharduten ikasle zein profesionalentzat. SGIkerren zerbitzu hau oso sarri erabiltzen dute Ilustrazio Zientifikoko Masterrean (matrikulazio epea zabalik dago).

Patxi Juaristi Azkuek sortutako bideoa: