euskaraespañol

Image of the day

UPV/EHUren fakultate eta eskoletako dekano eta zuzendarien adierazpena, martxoaren 24ko gertakizunak direla eta

First publication date: 31/03/2022

Pasa den martxoaren 24an UPV/EHUko campusetan jazotako gertakarien aurrean, ikastegietako Dekano eta Zuzendariek gure jarrera adierazi nahi dugu.

  1. Ikasle Kontseiluak geldialdi akademikoa deitu zuen, eta Ikasleen eta Enplegarritasunaren arloko Errektoreordetzak, ikasleek aurkeztutako aldarrikapenak aztertuta, etenaldi akademikoa baimendu zuen. Beraz, UPV/EHUk ahalbidetu zuen egun osoan zehar ikasleen eskubideak defendatzea eta protesta akademikoak egin ahal izatea.
  2. Unibertsitatea hausnarketarako eta adierazpen askatasunerako gunea da. Elkarrizketa da gatazkak konpontzeko bidea, beti ere elkarrekiko errespetuzko testuinguruan eta edozein indarkeri eraren kontra.
  3. Aurreko osteguneko lehen orduetatik gertatutakoak talka zuzena egiten du aurretik aipatutako guztiarekin eta era larrian kolpatzen du unibertsitateko bizikidetza. Talde antolatu batek indarkeria ezarri zuen, benetako txikizioa eraginez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru campusetan. Gertaeren larritasunaren froga gisa, kalteak 55.000€-tik gorakoak izan dira eta  lankide batzuen osotasun fisikoa arriskuan jarri eta mehatxatu zen Arabako Campusean. Izan ere, bi langilek medikuen arreta behar izan zuten. Egoera larri honen aurrean, kanpoko laguntza eskatu behar izan genuen Campus honetan.
  4. Unibertsitatearen independentzia babesten dugu, baina bertan gauden pertsona guztien segurtasuna bermatzea gure ardura da, eta laguntza eskatu beharrean aurkitzen garenean, ez egitea, gure ardurei uko egitea litzateke.

Amaitzeko, gure babesa adierazi nahi diegu egun osoan zehar gertakari gaitzesgarri hauen eraginak sufritu zituzten pertsona guztiei.