euskaraespañol

Arturo Elosegi

DANA eta ez dana

Ekologia katedraduna, ibaien ikertzailea. Zientzia eta Teknologia Fakultatea

  • Cathedra

First publication date: 07/11/2024

Arturo Elosegi

Mediterraneo aldetik irudi beldurgarriak datoz. Tanta hotza edo DANA. Ehundaka hildako, azpiegiturak deseginda, eskualde oso bat txikituta. Egunak ez, urteak beharko dira kalteak konpontzeko, itzuliko ez diren hildakoak ahaztu gabe. Baina epe luzera, euriak baino kalte gehiago eragin dezake gezurrak. Ikus ditzagun direnak eta ez direnak.

Ez, kazetari askok hala esan duten arren, ez da inoizko ingurumen-desastrerik handiena izan. Tamainakoak ikusi izan dira Penintsulan. Urrutira joan gabe, Bartzelonan 1962an 800 lagun inguru hil zituen uholde batek. Gurean, 1787an ia 600 bizilagun ito ziren Zangozan. Katastrofe ugari izan da historian, eta aurrerantzean ere gertatuko dira. Klima-negazionistak jo eta ke ari dira, horrelakoak "betidanik" gertatu izan direla esaka. Bai, desastreak betidanik gertatu izan dira, baina klima berotu ahala gero eta maizago, gero eta gogorrago izanen dira. Azken uholde honetan ere  ikusten da klima-aldaketaren aztarna (hemen). Datozen urteotan nabarmen handituko da haien arriskua. Klima aldaketa ukatzeak heriotzak dakartza, gizarteak neurririk ez hartzea eragiten baitu.

Euria ez da desastrearen eragile bakarra izan, gizakiak ere jokatu du. Ez Santiago Abascalek dioen gisan, Europar Batasunak "presak ezabatzeko duen politika kriminalaren ondorioz". Valentzian eraitsitako presa guztiak txikiak ziren, eta denen artean ez zuten eroritako euriaren zati ñimiño bat besterik atxikiko. Honetaz jabetzeko ez da oso azkarra izan behar. Politikariek boto batzuk irabazteko gezurra zabaltzea, hori da politika kriminala.

Kriminala da ere udal eta gobernu askok bultzatu duten politika urbanistikoa, uholdeen ondorioak are larriagoak egin dituena. Arazoa ez baita urak ibilgutik ateratzea, arazoa urperatutako eremuan jendea bizitzea da. Horrek markatzen du nekazal-alor batzuk kaltetzen dituen uholdetik ehundaka herritar hiltzen dituen katastrofera doan aldea. Kaltetutako eraikin eta azpiegitura asko, administrazioak uholde-arrisku handiko eremu gisa identifikatutakoan berriki eraikiak izan dira (ikusi hemen), horretarako legeari muzin eta txosten teknikoei ezikusiarena egin behar izan bazaio ere. Europar Batasunak 2007an uholdeei buruzko zuzentaraua onartu zuenez geroztik uholde-arriskuko eremuak zehaztu dira eta hemen aurki ditzakezu. Udal eta gobernu askorentzat, ordea, mapa horiek ingurumen-sailek urrezko arrautzen oiloa (eraikuntzak ematen duen dirua) antzutzeko estrategia besterik ez dira. Uholde-arrisku handiko eremuan eraikitze baimenak eman dituzten politikariak, azpiegiturak diseinatzerakoan uholdeen arriskua kontuan hartu ez duten teknikariak, hauek ere gertatutako desastrearen errudun dira.

Kriminala ez, baina kaltegarria bada herritar batzuren jarrera. Galdetu URA Agentziako teknikariei. Edozein herrira doazela, beti azaltzen zaie norbait lezioak ematera, haien mapak zuzentzera. Berak omen daki inork baino hobe zein den arazoa eta zein konponbidea. Eta, hara, inoiz ez da teknikariek diotena. Ibilgua dragatzea edo ibarbasoa moztea eskatuko dizute, inoiz ez uholde-lautadan urbanismoa mugatzea edo zubia aldatzea. Uholdeen aurkako zenbat lan ez ote dituzte geldiarazi horrelako pertsona eta taldeek? Baina arrisku-mapak eta gertatu diren uholdeak alderatuta, argi ikus daiteke aurreikuspenak oso zehatzak direla.

Kriminala bai izan da hainbat "influencerrek" egin dutena. Larrialdi batean zurrumurruak zabaltzea zuhurtziagabetasuna izan daiteke. Baina nahita, beren youtube kontuak bisita gehiago jaso ditzan, gezurrak asmatu eta zabaltzea, hori ekintza kriminala da, jendea okerreko erabakiak hartzera bultzatu eta larrialdi-zerbitzuen jarduera zailtzen duena. Bada garaia "informazio-askatasunaren" izenean jendea engainatuz aberasten ari diren horien kontra ekiteko.

Desastre honek ere erakutsi digu larrialdi zerbitzuek, prebentzio- eta alarma-sistemek asko dutela hobetzeko. Eguraldi aurreikuspenak gero eta zehatzagoak dira, baina igortzen diren kolorezko alarmek maiz ez dute ondoriorik. Batzuetan (oraingo uholde hauetan nabarmen) erakunde publikoek ez dutelako abisurik pasa, beste batzuetan (horrelakoak ere izaten dira) herritarrok ez diegulako jaramonik egiten. Eta, honetaz ari garela, inoiz egin al duzu, zure herrian edo lantokian, arrisku naturalen inguruko simulakrorik? Inoiz udalak esan al dizu zein diren zure auzoko arrisku nagusiak? Zergatik ez dugu eraikin guztietan, legez, arrisku naturalen ziurtagiri bat jartzen? Horrek nabarmen aldatuko luke zenbait tokitan eraikitzeko dagoen presioa.

Hobetzeko asko dago ere erakundeen arteko koordinazio eta elkarlanean. Berriro, politikariek ikuskizun negargarria eman dute, arazo guztiak bestearen errua, puntu on guztiak norberaren meritu. Bada garaia umekeriak alde batera utziz benetako elkarlanean has daitezen.

Eta hemendik aurrera zer? Egin beharrak argi ageri dira Europako Uholdeen Zuzentarauan. Lehenik, uholde-arriskupean dauden eremu guztiak kartografiatu behar dira. Hori bukatuxea dago. Hortik aurrera, uholdeek sortutako kalteak murrizteko lanak egin behar dira. Batzuetan neurri gogorrak izaten ahal dira (ibai-zati bat kanalizatu), baina gehienetan neurri bigunagoak hobesten dira. Asko egin daiteke arroko lurrek ahalik eta ur gehien xurga dezaten, uholdeak arroka gutxiago garraia ditzan, ura polikiago irits dadin jendea bizi den tokietara... eta noski, uholde-arrisku handiko eremutan jende gutxiago eta arriskuen aurrean prestatuagoa egon dadin. Datozen hamarkadetan uholde gero eta handiagoak izanen ditugu. Hau ziurra da. Gure esku dago haiek sortutako kalteak neurri berean haz ez daitezen.