Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Bizkaia Aretoa da CRUE-Idazkaritza Nagusien XXXIII. Jardunaldien egoitza. Jardunaldiak gaur inauguratu dituzte UPV/EHUko errektoreak, Eva Ferreira andreak, eta CRUE-Idazkaritza Nagusien batzorde sektorialeko presidentea den Santiago de Compostelako Unibertsitateko errektoreak, Antonio López jaunak.
Antolaketa autonomia, unibertsitate bizikidetza eta aniztasun unitateak dira CRUE-Idazkaritza Nagusien XXXIII. Jardunaldien protagonistak
- News
First publication date: 07/05/2024
Bi egunean zehar, hainbat unibertsitatetako gobernu taldeetako kideek Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren (LOSU) aplikazioari buruz eztabaidatu eta hausnartuko dute Bilbon. Era berean, unibertsitateek Bizikidetza Legea nola txertatu duten aztertuko dute, indarrean sartu zenetik bi urte igaro ondoren, eta nola ari diren garatzen bitartekaritza mekanismoak eta laneko jazarpenaren edo generoagatiko jazarpenaren biktimei erreparazioa eta laguntza emateko neurriak. Jardunaldietan aztertuko da, baita ere, nola koordinatu eta bateratu kasu horietarako protokoloak erakunde bakoitzaren diziplina araudiarekin.
Jardunaldien hasieran, Eva Ferreira errektoreak, Berdintasun Politiketarako CRUE-ren ordezkaria ere badenak, adierazi du unibertsitate baten idazkaritza nagusia “beti dela ezinbesteko tresna unibertsitatearen kudeaketa garatzeko” eta, horrelako uneetan, bere lanak garrantzi berezia hartzen duela. “Unibertsitateetan lege aldaketa garrantzitsuak bizitzen ari gara, eragina dutenak gure eguneroko lanean eta, batzuetan, gure arauetan. Unibertsitate Bizikidetzari buruzko Legeak eta, batez ere, LOSUk aldaketa sakonak ekarri dituzte”, nabarmendu du Ferreirak; eta gaineratu du horrelako foroak “lagungarri izan daitezkeela arazoak partekatzeko, egin beharreko aldaketak aztertzeko eta etorkizuneko erabakiei buruz hausnartzeko”.
Bestalde, CRUE-Idazkaritza Nagusietako lehendakariak azpimarratu du unibertsitateek antzeko arazoak dituztela eta horien konponbideak ere antzekoak direla. Horregatik, Bilboko topaketa hori “funtsezkoa” dela unibertsitateko gobernu-taldeek beren lana parteka dezaten, adierazi du. “Idazkaritzek zeregin zaila dugu, Zuzenbidea nagusi baita, eta, interes-gatazka bat dagoenean, orduan agertzen gara irtenbide bat bilatzeko”, esan du Antonio López errektoreak. Unibertsitateek “indar handiagoa” behar dutela aurrera begiratzeko eta dituzten tresnekin hobekien zer komeni zaien erabakitzeko, erantsi du. “Zailtasun-egoeran gaude eta baikortasunez ekin behar zaio”, ondorioztatu du.