UPV/EHUren komunikatua, zuzenbide Fakultateko Bizkaiko atalean joan den astean jazotako gertakariei buruzkoa
First publication date: 02/10/2024
Joan den irailaren 26an, irakasle baten bulegoko atea eta hormak pintura gorriz estali zituzten, eta irainez bete. Hurrengo egunean, 11:15ak aldera, irakaslea eskola ematera joan zen; 11:30ean zen hastekoa. Behin ikasgelan sartuta, gazte talde batek oztopatu egin zuen klasearen hasiera, ikasleei sarrera galaraziz; ondoren, ez zioten ikasgelatik irteten utzi irakasleari. Bi orduz izan zuten atxikita bere borondatearen kontra, oihu eta mehatxu artean, eta harekin batera laguntzera joandako unibertsitateko zenbait langile. 13:15ak pasatxo zirenean, irakaslea gelatik atera zen, segurtasun agenteek babestuta.
Ordezko irakasle gisa kontratatua izan ondoren, unibertsitateak, ikasleen kexa baten bidez, jakin zuen pertsona horrek euskal unibertsitate publikoaren printzipio eta balioekin erabat bateraezinak diren balorazioak eta iruzkinak egin zituela sare sozialetan.
Egoera hori ikusita, egun berean, Euskal Herriko Unibertsitateak irmo gaitzetsi zituen hertsapen eta mehatxu ekintzak. Era berean, gaitzetsi egin zituen irakasle horrek sareetan argitaratutako iruzkinak, erakunde akademiko honen balioen guztiz kontrakoak baitira.
Horren guztiaren ondorioz, Berdintasun Zuzendaritzak erabaki du Genero Indarkeriaren aurkako UPV/EHUren Protokoloan zehaztutako prozedura irekitzea. Kautelazko neurri gisa, eta prozedura ahalik eta lasterren bukatzeko asmoa izanik, irakasleak ez du irakaskuntza lanik egingo prozedura amaitu arte.