euskaraespañol

Piktogramen erabilerak kontzeptuen batuketaren komunikazioa errazten du hitzik gabeko pertsona autista helduekin

Agustin Vicente Ikerbasqueko ikertzailea buru duen UPV/EHUko ikerketa batek hitzik gabeko autista helduen ulermen-maila argitu du

  • Research

First publication date: 28/03/2023

Ezkerretik eskuinera, Elena Castroviejo, Agustín Vicente eta Natàlia Barbarroja
Ezkerretik eskuinera, Elena Castroviejo, Agustín Vicente eta Natàlia Barbarroja | Photo: Nuria González. UPV/EHU.

Hizkuntza-komunikaziorik gabeko autista helduen kolektiboa ez da ia aztertu gaurdaino, bereziki horrelako ezaugarriak dituzten kolektiboei buruzko ikerketak egiteak dakartzan konplexutasunaren ondorioz. Orain, Agustín Vicente Ikerbasqueko irakaslea eta Natàlia Barbarroja eta Elena Castroviejo ikertzaileak kide dituen UPV/EHUko talde batek sinbolo ez-linguistikoen inguruko gaitasun linguistikoak, kontzeptualak zein ulermen arlokoak aztertu ditu gutxieneko hiztegia (2 urte eta erdiko ume tipiko batenaren antzekoa) duten heldu autistengan. Ikerketak parte-hartzaileen kopuru murritza izan du, zortzi hain zuzen ere, eta sei hilabete iraun du.

Ikerketaren hasieran, parte-hartzaile bakoitzak ulertzen zituen hitzen analisia egin zen, eta ondoren, hitz horien konposatuak ulertzen ote zituzten egiaztatu zen. Hau da, “autoa” hitza eta “gorria” hitza ulertzen baldin badituzte, “auto gorria” ere ulertuko al dute? Parte-hartzaileetako bat baino ez zen gai izan izena eta izenondoa dituzten konbinazio horiek ulertzeko, nahiz eta aurretik egindako hiztegi-test batean lortutako puntuazioaren arabera, gutxienez urtebete eta bi hilabeteko haur baten pareko hiztegia eta gehienez 3 urte eta 10 hilabeteko haur batena zutela frogatu zuten. 3 urte eta 10 hilabeteko haur batek adina hitz ezagutzen zituen pertsonak ez zuen “auto gorria” ulertzen, honelako gauzek 18 hilabete edo gutxiago dituzten haur tipikoek ulertu arren.

Jarraian, hizkuntzaren arloko zailtasun hori berez linguistikoa ote zen edo kontzeptuak (adibidez, autoaren kontzeptua eta gorriaren kontzeptua) konbinatzeko ezintasunaren ondorio izan zitekeen ikertzeari ekin zioten. Horretarako, beste bi proba egin zituzten: kontzeptuak osatzeko proba bat, hizkuntza-konposizioari buruzkoa baino emaitza hobeak izan zituena, baita emaitzarik onenak lortu zituen proba ere: tablet batean irudikatutako piktogramen arteko konposaketa komunikazio-sistema alternatibo eta handigarri (KSAH) baten bitartez.

Tabletekin komunikatzen ikasi zutenean, "auto+gorria" konposatuari buruzko azterketa errepikatu zen, baina piktogramak erabiliz (autoaren piktograma + gorriare piktograma). Parte-hartzaile gehienek ez zuten arazorik izan hainbat aukeraren artean auto gorria hautatzeko.

Ikerketaren ondorioen arabera, honelako pertsonen hiztegia neurtzeko egiten diren testek ez dute erakusten benetan duten hizkuntza-ulermena. Kasu askotan, hitzak banaka uler ditzakete, baina ez hitz konposatuak eta are gutxiago esaldiak. Haien egiazko ulermen-maila ezagutzea funtsezkoa da senide eta zaintzaileentzat, izan ere, askotan, haien ulermen-gaitasuna handiesten da eta ingurukoei bene-benetan ulertzen dutela iruditzen zaie, nahiz eta ez ulertu.

Bestalde, diseinatutako hizkuntza-ulermenaren testa oso tresna erabilerraza da, itxuraz hitzik erabiltzen ez duen pertsona batek hizkuntza-adierazpen erraz-errazak ulertzeko gaitasuna ote duen modu azkarrean egiaztatzeko eta benetan ulertu ahal duenaren neurria hartu ahal izateko.

Era berean, ikerketak argi utzi du litekeena dela zailtasun linguistikoak linguistikoak baino ez izatea, eta ez pentsamendukoak, askotan uste izan den bezalaxe.

Azkenik, populazio horretan KSAHak erabiltzea eraginkorra dela nabarmendu du, izan ere, piktogramak hitzak baino ulerterrazagoak dira eta hitzekin ezin komunika daitezkeen pentsamendu konplexuak komunikatzeko aukera ematen dute. Ikerketak iradoki duenez, KSAHak populazio horretara egokitzeak pertsona horiek adieraz ditzakeen gauzen kopurua handitzen du, baita pentsamenduak adierazteko gaitasuna ere.

Egileei buruz

Agustín Vicente, Natàlia Barbarroja eta Elena Castroviejo UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen Sailekoak dira.

Bibliographic reference