euskaraespañol

Image of the day

Hasi gara argitaratzen Unibertsitatera Sartzeko Probako ereduak

Pixkanaka-pixkanaka argitaratuko ditugu Euskal Herriko Unibertsitatearen webguneko "Unibertsitaterako sarbidea" atalean

First publication date: 16/10/2024

Iaz egin zen Unibertsitatera Sartzeko probaren argazkia. | Photo: UPV/EHU

Unibertsitatera Sartzeko Probako (USP, lehengo hautaprobak) ebaluazio eredu berriak gaurtik aurrera emango ditugu ezagutzera euskal unibertsitate publikoaren webgunean, hala dagokion atalean.

Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen hitzetan: "Ulertzen dut Unibertsitatera Sartzeko Proba berriak zalantzak sortzen dituela eta funtsezkoa dela informazio argia eta fidagarria izatea. Funtsezkoa da ikasleek eta ikastetxeek laster ezagutzea ebaluazio-ereduak eta -irizpideak. Hala ere, bidezko prozesu bat ziurtatzeko, zorrotz lan egin behar dugu probetan eta zuzenketa-irizpideetan. Urriaren 8an, prozesuaren xehetasunen berri eman genien ikastetxeei, eta orain hasi gara lehen ereduak argitaratzen ".

Eredu horiek ezagutzeak interes handia piztu du, gai hori berriro arautzen zuen Errege Dekretua berandu argitaratu baitzen (ekainaren 12an). Estatu osoko unibertsitate publikoek adostu genuen bateratzea ikasle guztientzat garrantzitsuak diren alderdiak: azterketen egitura, zuzenketa irizpideak, prozesu osoaren datak eta graduko irakaskuntzetarako onarpen datak.  Irailaren amaiera aldera iritsi ginen adostasunera: hain zuzen ere, Bilbon, irailaren 27an, CRUE-Unibertsitateak egindako jardunaldian. Orduan hasi ahal izan ginen lanean euskal unibertsitate publikoa eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila elkarrekin azterketa eredu berriak eta gai bakoitzeko zuzenketa irizpideak diseinatzeko.

Hauek izan dira lan ildoak: gai bakoitzerako zuzenketa talde bat osatzea (UPV/EHUko eta Hezkuntza Saileko irakasleek osatua); USPren antolaketa batzordeak eta Saileko lan taldeek proposatutako ereduak baloratzea; beharrezko aldaketak egitea; eta, azkenik, ereduak eta irizpideak argitaratzea.

Gaurtik aurrera, eredu eta irizpide berriak argitaratuz joango gara euskal unibertsitate publikoaren webgunean, eta horrela, eskuragarri eta erabilgarri izango dituzte ikastetxeek, irakasleek eta ikasleek. Oro har, 30 eredu eta horiei dagozkien irizpideak dira, probaren 30 irakasgaietarako.