Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) Ikasleen II. Partaidetza Plana onartu du baiezpenez Gobernu Kontseiluak gaur Bizkaia Aretoan egin duen saioan. Planaren helburu nagusia da euskal unibertsitate publikoaren jarduera guztietan ikasleak erdigunean jartzea, eta, horretarako, aurretik zegoen plana hartu du oinarri, zeina aitzindari izan baitzen arlo honetan. Plan hark 75 ekintza jarri zituen jomugan, eta horien % 80 baino gehiago gauzatu dira, maila desberdinetan.
Lankidetza, aitortza eta kontziliazioa dira UPV/EHUko Ikasleen Partaidetza Plan berriaren oinarriak
Laguntza deialdi berri bati esker, ikerketara talentua erakartzeko gaitasun handiagoa du euskal unibertsitate publikoak
- News
First publication date: 18/07/2024
Partaidetza Plan berriaren asmoa, beraz, lehen planean ezarritako helburuetan sakontzea da, baina horien eraginkortasuna eremu berrietara hedatuta. Ikasleek espazio instituzionaletan parte hartzeko dituzten formulak izan ziren lehen planaren abiapuntua, eta bigarren honek, ordea, lankidetzarako logika bat lortzea du helburu; hau da, ikasleen arteko lankidetza nahiz ikasleen eta unibertsitateko gainerako kideen arteko lankidetza ardaztu nahi ditu.
Unibertsitateko errektoreak, Eva Ferreirak, ikuspegi aldaketa horren garrantzia azpimarratu nahi izan du: “onartu dugun planak, aurreko planean aurreikusitako ekintzak indartzeaz gain, eredu berri baterako bidea markatzen du, hau da, trantsiziorako logika bat ere ezartzen du: ikasleek erakundean parte hartzean zentratutako eredu batetik (egiturak eta organo instituzionalak), lankidetza eredu integral batera igaroko da. Bestela esanda, erakundean parte hartzeko eredu bat atzean utzi, eta erakundearekin parte hartzeko eredu bat martxan jarri nahi dugu, lankidetzan aritzeko moduak unibertsitateko jarduera guztietara hedatuz eta, horretarako, esku hartzeko 110 ekintza martxan jarriz. Ikasleek protagonista izan behar dute unibertsitateko bizitzaren esparru guztietan, eta, onartu berri dugun planaren bitartez, asmo horri eutsi nahi diogu bete-betean".
Planaren lehen fasean, UPV/EHUko ikasleen egungo partaidetzaren diagnostikoa egin zen. Aurrerapen garrantzitsuak antzeman dira aurreko plana aplikatu zenetik, bain hobetu beharreko zenbait alderdi ere identifikatu dira. Dauden premiei erantzute aldera, Partaidetza Planean sei ildo estrategiko proposatzen dira planaren garapena bultzatzeko. Horiekin batera, lau helburu nagusi ere ezarri dira, esku hartzeko eremu bakoitzean aurreikusitako ekintzak ardazten dituztenak. Honako hauek dira helburuak: 1) Partaidetzari buruzko informazioa zabaltzeko eta komunikazioa bermatzeko bideak hobetzea eta berritzea; 2) Partaidetzarako eskaintza sendotzea, egokitzea eta deszentralizatzea; 3) Partaidetzaren kultura sustatzea, ikasleen eta unibertsitateko gainerako kideen arteko parte hartzea, kontsultak eta deliberazioa bultzatuz; eta 4) Partaidetzak hezkuntzan duen garrantzia aitortzeko eta graduondoko ikasleen beharrei erantzuteko bideak bilatzea (kredituetatik harago).
Esku hartzeko sei eremu ezartzen dira (unibertsitatearen jarduera osoa barne hartzen dutenak) eta, horietako bakoitzean, hainbat ekintza zehatz biltzen dira. Horien guztien bitartez, 110 neurri espezifiko planteatzen dira guztira, datozen urteetan aplikatzekoak. Sorta zabal horretan, zeharkako ekintzak dira azpimarragarrienak. Horietan, honako proposamen zehatz hauek egiten dira, besteak beste:
- Partaidetzarako bideak hobetzea (hala nola UPV/EHUren sakelako telefonorako aplikazioa sortzea, partaidetzarako eskaintza zabaltzeko; edota ikasle berriekin lan egitea, parte hartzeko dauden aukerak ezagut ditzaten).
- Partaidetza eskaintza indartzea eta egokitzea (ikasle ohien presentzia bultzatuz, EHUalumni plataformaren bitartez; eskaintza horretara iristeko aukerak hobetuz; ikasleen kontziliazioa hobetuz; edota iradokizun eta kexen postontziaren erabilera bultzatuz).
- Unibertsitatean partaidetzaren kultura sustatzea (elkarren iritziak entzun eta alderatzeko espazioak sortuz; ikasleen kudeaketarako espazio autonomoak sustatuz –ikasle etxea–; edo ikerketa kuantitatibo eta kualitatiboak bultzatuz, genero ikuspegia eta zeharkakotasuna kontuan hartuta, ikasleen partaidetzarekin lotura duten arazoak identifikatu ahal izateko).
- Ikasleen partaidetza aitortzeko bideak bilatzea, kredituetatik harago (ikasle bakoitzak egindako jarduerak bilduko dituen Partaidetza Zorro Digitala sortuz; Mikrokredentzialen Eredu Propioa garatuz, partaidetza modu guztiak barne hartuta; edota Zeharkako Gaitasunen Katalogoaren erabilera bultzatuz, partaidetzaren bitartez eskuratzen diren gaitasunak egiaztatu eta ziurtatzeko).
UPV/EHUko Ikasleen II. Partaidetza Planak ebaluazioa eta jarraipena egiteko irizpideak ezartzen ditu, baita hainbat adierazle kuantitatibo ere, eta pilotatze egitura zehatz bat ardazten du, ezarritako ekintza zehatz guztiak praktikan nola inplementatuko diren definitzeko.
Laguntza berriak ikertaldeentzat
Bestalde, euskal unibertsitate publikoko ikertaldeentzako laguntzak ere onartu ditu Gobernu Kontseiluak gaurko saioan. Hain zuzen ere, 700.000 € bideratuko dira zientzia, teknologia eta berrikuntzarako euskal sareko beste eragile batzuekiko lankidetza sustatzeko, eta ikertaldeek lehiaketa deialdietan parte har dezaten bultzatzeko. Deialdi honen bitartez, beraz, ikertalde berriak sortu nahi dira, finantzaketa agortu duten ikertaldeen jarraitutasuna ahalbidetu nahi da, eta unibertsitatean jardunean dauden taldeetan doktore berriak txertatu nahi dira.
Errektore andreak, Eva Ferreirak, honako hau azpimarratu nahi izan du deialdi honen inguruan: “helburu nagusietako bat da ikertaldeetan ikertzaile doktore berriak sar daitezen bultzatzea; izan ere, aukera ezin hobea da martxan dauden proiektu eta ekimenetan ekarpen berriak egiteko, talentu berria erakartzeko eta, azken batean, jardunean diren ikertaldeak sendotzeko”.