euskaraespañol

Image of the day

Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategi berri batek Parkinsonen gaixotasuna ikertuko du

Euskampus Bordeaux Egunean, 20 ekimen enblematikoren aurrerapenak ere aurkeztu dira

  • News

First publication date: 29/10/2021

Eva Ferreirak Manuel Tuñon de Larari makila bat eman zion, agurtzeko omenaldian. Argazkia: Justy García. Euskampus.

Euskampus-Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusak gaur amaitu du 2021eko Euskampus Bordeaux Eguna. Esparru horretan, Lankidetzarako Mugaz Gaindiko Laborategi berri bat aurkeztu da. ComorPD (Laboratory for Transborder Cooperation in Non-motor CoMorbidities in Parkinson's Disease) izeneko laborategi berri honek Parkinsonen gaixotasuna aztertuko du, zehazki, gaixotasunak eragindako konplikazio motor eta ez-motorren (mugimendu-arazoak eta alterazio neuropsikiatrikoak, besteak beste) .oinarri neuronalak deszifratzea bilatuko du. Proiektuaren arduradunak UPV/EHUko Cristina Miguélez eta Bordeleko Unibertsitateko Jérôme Baufreton dira. Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategiak Euskal Herriko eta Bordeleko ikerketa-taldeek elkarrekin lan egitea eta emaitza zientifikoen balio erantsia handitzea ahalbidetzen duten egiturak dira. Laborategi honekin, osasun arloko lehena, dagoeneko bost LTC martxan daude. Beste lauek eskala kuantikoko kimika-fisikan, fabrikazio aurreratuan, matematika aplikatuan eta hormigoi jasangarrietan ikertzen dute.

Era berean, jardunaldian, proiektuen plaza izeneko jardueran, 20 ekimen bateratu baino gehiago aurkeztu dira, UPV/EHUk, Bordeleko Unibertsitateak eta DIPC eta Tecnalia bazkideek dituzten lankidetzen aniztasunaren berri emateko. Proiektu horien arduradunek azken 12 hilabeteetan hizkuntza gutxituen irakaskuntzan, antibiotikoekiko erresistentzian edo COVIDek garrantzia jarri dien arazo konplexu eta dimentsio anitzekiko hurbilketetan lortutako lorpenak eta aurrerapenak azaldu dituzte, besteak beste.

Eguna saio berezi batekin hasi zen: 'Nire proiektua 180 segundotan'. Tutorekidetzan egindako doktoregoko eta master bateratuetako bederatzi ikaslek doktorego-tesiko eta master amaierako lanak modu atsegin eta dibertigarrian aurkeztu dituzte, gehienez ere 3 minutuko epean.

Itxiera-saioan, honako hauek izan dira hizlariak: Eva Ferreira, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea; Manuel Tuñon de Lara, Bordeleko Unibertsitateko errektorea; Ricardo Diez, DIPCeko zuzendaria; Jesús Valero, Tecnaliako zuzendari nagusia; Miren Artaraz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria; eta Mathieu Bergé, Akitaniako Unibertsitate Berriko kontseilari ordezkaria. Jarraian, Manuel Tuñon de Lara omendu dute. Bordeleko Unibertsitateko errektore gisa, mugaz gaindiko campusaren proiektua bultzatu zuen hasieratik, eta orain bere azken agintaldia amaitzen ari da. “Goranahi handiagoa izan behar dugu, ezagutza eta berrikuntza lurraldearen benetako ardatz bihur daitezen”, adierazi zuen Tuñon de Larak.