euskaraespañol

Image of the day

Bizitzak salbatzen dituen zinta metriko bat

Bilbao 2019 Zinta proiektuak larrialdian dauden adingabeei arreta ematen laguntzen duen zinta metriko bat garatu du

  • News

First publication date: 20/01/2022

Sendoa Ballesteros, Cinta Bilbao 2019 proiektuaren koordinatzailea. ARGAZKIA: Fernando Gómez. UPV/EHU

Larrialdietan, erantzun zehatza ematea azkartasuna bezain garrantzitsua da. Horregatik, UPV/EHUko Erizaintza Kliniko eta Osasun Komunitarioa ikertaldeak arrisku egoeran dauden adingabeei laguntzen dien zinta metriko bat diseinatu du. Bilbao 2019 Zinta izena du eta larrialdi egoeretan, istripu bat izan duen pertsonaren gutxi gorabeherako pisua jakiteko aukera ematen du, gurasoak ez daudelako edo baskularik ez dagoelako pisua ezagutzerik ez dagoen kasuetan. Egoera horietan, adingabeen pisua oso garrantzitsua da, bizirik jarraitzea edo hiltzea baldintzatu baitezake.

Proiektuaren koordinatzaile Sendoa Ballesterosek honako hau azaldu du: “Sendagaien edo zain barneko fluidoen dosia kalkulatu ahal izateko, baita larrialdi pediatrikoetan zer neurriko materialak erabili behar ditugun jakiteko ere, pisua jakin behar da”.

Orain arte, adingabe bat anbulantzian iristen zenean, taldeak, erreferentziarik ez bazuen, gutxi gorabehera kalkulatu behar zuen haren pisua eta horrek arazo asko eragin zitzakeen zer sendagai dosi eman behar zitzaion edo zer neurritako tresnak erabili behar ziren erabakitzerakoan.

Osasuneko profesionalek estimazio bisualak egiten zituzten, baina horrela “akatsak egiteko arriskua oso handia da” eta horrek behar baino sendagai gutxiago edo gehiago ematea eragin dezake.  Zinta honen bidez gauzatuko den proiektuaren xedea honako hau da: "erabakiak subjektiboki hartu beharrean, modu estandarizatuan hartzeko” parametro batzuk finkatzea, eta, horien bidez, berehala jakin ahal izatea paziente bakoitzarentzat zenbateko dosia edo nolako tresnak behar diren, iritzi mediko ezberdinen artean zalantzarik egin gabe.

Horretarako, Erizaintza eta Ingeniaritza Biomedikoko diziplina anitzeko taldeak –Iraia Isasi, Elixabete Aramendi, Unai Irusta, Gorka Vallejo, Irrintzi Fernández eta Sendoa Ballesterosek osatua– adimen artifizialeko tresna bat sortu du, zeinak gutxi gorabeherako pisu parametro batzuk finkatzen dituen, pazientearen altueran eta gorpuzkeran oinarrituz. Gainera, zinta koloreen arabera antolatuta dago eta kolore horiek larrialdietako poltsetako materialak sailkatzeko kode batekin lotuta daude. Horrela, pazientearen pisurako egokiak diren sendagaiak edo tresnak azkar eskuratu daitezke eta hori larrialdi egoeretan erabakigarria izan daiteke.

Erabakiak subjektiboki ez hartzea

Neurketa eta zinta sistema horiek munduko beste leku batzuetan existitzen dira dagoeneko, baina zenbait faktorek –adibidez, elikadura, kultura mota edo etnia– munduko gorpuzkera motak eremu geografikoaren arabera bereizten dituzte. Espainiako populazioa zenbait teknikaren bidez aztertuta, ikertaldea konturatu zen “bakar batek ere ez zuela funtzionatzen, ez zirelako Espainian egin eta ezin zirelako gure testuingurura egokitu”.

Baina Bilbao 2019 Zinta izenekoa “Mediterraneo eremuko gainerako herrialdeetan aplikagarria izan daiteke, gurearen antzeko testuinguru antropometriko edo soziokulturala dutelako”, azaldu du Ballesterosek. “Nolanahi ere”, erantsi du, “parametroak ez badira erabat egokiak, egin dugun adimen artifizialeko tresnaren bidez moldatu daitezke, dagokion herrialdeko haurren lagin bat erabiliz parametro horiek berregiteko”.