euskaraespañol

Neurozientzien Espainiako Elkarteko presidente hautatu dute Carlos Matute irakaslea

  • News

First publication date: 02/06/2023

Photo: Carlos Matute

Neurozientzien Espainiako Elkarteko (SENC) presidente izendatu dute Carlos Matute, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Anatomia eta Enbriologia katedraduna. Duela 45 urte sortu zen elkarte hori, eta mila kide inguru ditu gaur egun. Elkarte zientifikoa da, eta hauek dira bere helburu nagusiak: Neurozientziaren arloan ezagutzaren garapena sustatzea, hainbat diziplinatako zientzialariak bilduz, eta nerbio sistemaren antolaketa maila guztietako ikerketaren integrazioa erraztuz; nazioko eta nazioarteko gizarte eta erakunde homologoekiko harremana bultzatzea; Neurozientziaren arloetan abian dauden ikerketen emaitzak eta inplikazioak iritzi publikoari ezagutaraztea.

Carlos Matute irakasleak esan duenez, “ni SENCko presidente hautatu izanak agerian uzten du Neurozientzien arloko ikerketak indar handia duela Euskadin; izan ere, munduan punta-puntakoak diren bi zentro ditugu (Achucarro eta BCBL), eta Ikerketa Biomedikoaren eremu hau artikulatzen eta gidatzen duen bizkarrezurra da UPV/EHU. Nire agintaldian, SENCren 2025eko Nazioarteko Biurteko Biltzarra eta 2024ko Cajal Conference Euskadira ekartzeko lan egingo dut. Neurozientifikoen belaunaldi berrien prestakuntza bultzatuko dut, eta haien soldatak duintzeko borrokatuko dut; nazioarteko harremanak sustatuko ditut gure inguruko herrialdeekin; administrazio publikoekin lan egingo dut ikerketa sustatzeko, aurrerapen ekonomiko eta sozialerako tresna gisa; Neurozientziek garuna ezagutzeko eta gaixotasun neurologikoak eta psikiatrikoak sendatzeko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko duten garrantzia gizarteari zabaltzea eta jakinaraztea erraztuko dut.”

Carlos Matute (Zaragoza, 1956) Zaragozako Unibertsitatean graduatu zen, eta Ikusmen Sistemaren Neuroanatomia Kimikoan doktoregoa egin zuen bertan. Gero, doktorego ondoko egonaldia egin zuen Züricheko Unibertsitateko (Suitza) Brain Research Instituten eta, ondoren, Kaliforniako Unibertsitatean, Irvinen (AEB). 1988an itzuli zen, eta Neurobiologia Laborategia sortu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean. Gaur egun, Anatomia eta Neurobiologiako irakaslea da aipaturiko fakultatean. Halaber, kide hautatua da Europaea Akademian, Neurozientzien Europako Elkartean, Neurozientzien Espainiako Elkartean eta Neurozientzien Amerikako Elkartean. Basque Center for Neuroscience zentroaren sortzaile eta zuzendari zientifiko izan zen 2012tik 2020ra. Matutek nazioarteko 250 argitalpen baino gehiago egin ditu, bai eta 160 aurkezpen inguru ere nazioarteko topaketetan, 14 patente ditu, ohargilea da nazioarteko 40 aldizkari zientifiko ingurutan, eta horietako lauren argitalpen kontseiluko kidea da.

SENCko presidente berriaren ikerketa ildo nagusiak izango dira oligodendrozitoen eta garuneko mielinaren azterketa, eta horien eragina nerbio sistema osasuntsuaren eta zahartuaren metabolismo energetikoan, bai eta esklerosi anizkoitzean eta Alzheimer-en gaixotasunean ere.