Kanadako Columbia Britainiarreko Unibertsitateko ordezkaritza bat Arkitektura Goi Eskola Teknikoan izan zen
- Kronika
First publication date: 05/07/2023
Ronald Kellett Kanadako Columbia Britainiarreko Unibertsitateko Arkitekturako eta Paisajismoko Eskolako zuzendaria eta Cynthia Girling zentro horretako irakaslea Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean izan ziren; zehazki, Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan. Erasmus+ mugikortasun programaren barruan sartzen zen bisita, eta helburu zuen bi arkitektura eskolek duten harremana sendotzea. Bi irakasleak UPV/EHUra etorri ahal izan ziren Jon Laurenz eta Jone Belausteguigoitia doktoregaiei esker –2020-2021 ikasturtean, ikerketa egonaldi bat egin zuten Columbia Britainiarreko Unibertsitate–, eta lehen aldiz izan ziren Euskadin.
“Esperientzia aparta izan da. Gehien harritu gaituena da Kanadako mendebaldeko kostaldean kezkatzen gaituzten gaiak Euskadin ere kezka iturri direla; tartean, hauek: hiri diseinu konektatu eta jasangarria, gizarte ekitatea, naturan oinarritutako sistema hibridoak, azpiegitura berdeak eta, jakina, klima aldaketaren askotariko dimentsioak eta larritasuna. Batzuek besteetatik ikasi behar dugu”, Ronald Kellettek eta Cynthia Girlingek esan zutenez.
Donostiako eskolan egon ziren bitartean, irakasle kanadarrek topaketa bat egin zuten Olatz Grijalba irakasleak ematen duen “Hiri plangintza estrategikoa” irakasgaiko 5. mailako ikasleekin. Ikasleek beren proiektuak Ronald Kelletti eta Cynthia Girlingi erakutsi zizkieten, eta horiek, proiektuon berrikusketa kritiko bat egiteaz gain, zer hobetu zezaketen adierazi zieten. “Seihilekoaren azken eguna zen eta, ziur aski, neka-neka egin zeuden. Ingelesez aurkeztu zituzten beren lanak, eskolako atarian. Ikasi zutena eta proiektuetan landu zutena partekatzeko urduri eta irrikaz zeuden. Gehien harritu gintuen alderdietako bat izan zen pertsonak eta eskalen bidezko sistemak ardatz dituen ikuspegi orokorra, bai analisian, bai diseinuan. Talde guztiek argi zuten zer esan nahi zuten horri buruz eta azkar inplikatu ahal izan ginen proiektu bakoitzean; denak oso interesgarriak izan ziren”.
Topaketaren ondoren, Ronald Kellettek eta Cynthia Girlingek etorkizuneko arkitektoei gomendatu zieten presiorik gabe bizi dezatela lan merkaturako jauzia. “Hau bizitza osorako bidaia baten hasiera baino ez da eta, Venn-en diagramak erakusten duen bezala, jakin-min grinatsua, pertseberantzia eta nola ikasten den jakitea dira, ziur asko, lehen titulazio batetik atera daitekeen baliotsuena”. Egungo arkitekturaren etorkizunari buruz, bi irakasle kanadarrek uste dutenez, arkitekturak etorkizunean halabeharrez erantzungo dien arazoen eta galderen motan dago erantzuna. “Batzuk ezagutzen ditugu gutxi gorabehera: mundu gero eta urbanizatuago bat, baliabideak agortzea, estratifikazio ekonomiko eta soziala... Beste batzuk denbora errealean konpondu behar ditugu: klima aldaketa arintzea eta horretara egokitzea, karbono aldetik neutroa eta birsortzailea den diseinua, material sintetikoen eta biomaterialen paleta berriak, adimen artifiziala eta konputazioan oinarritutako bestelako sistemak eta teknologiak. Egunean egon beharra daukagu”, ondorioztatu zutenez. Euskadin eta Arkitektura Goi Eskola Teknikoan izan ondoren, Ronald Kellettek eta Cynthia Girlingek Veneziako Arkitektura Bienalean parte hartu zuten.