UPV/EHU-Bordeleko Unibertsitatea mugaz gaindiko campusak hamar urte bete ditu prestakuntzan eta ikerketan elkarlanean
Dagoeneko abian jarri ditu Lankidetzarako Mugaz Gaindiko 8 laborategi, graduondoko 7 titulazio, berrikuntza pedagogikoko mugaz gaindiko komunitate bat sortu da, Based Education Challengeko Laborategi Iraunkor bat eta tutoretzako 50 tesi defendatu dira
- News
First publication date: 14/10/2024
Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Bordeleko Unibertsitatearen (UB) arteko Mugaz Gaindiko Campusak hamar urte bete ditu prestakuntzan eta ikerketan elkarlana bultzatzen. Mugaz gaindiko campus hau 2014an sortu zen, bi unibertsitateen bikaintasun-programetatik abiatuta eta DIPCren (Donostia International Physics Center) eta Tecnaliaren lankidetzarekin. Bere helburua ikasleei, irakasleei, ikertzaileei eta kudeaketa eta administrazio eta zerbitzuetako teknikariei irakasteko, ikasteko eta gaitzeko ingurune bakar bat eskaintzea da; Europan aitzindaria den lankidetzako ikerketa-gune bat ezartzea; eta, enpresekin, gizarte-erakundeekin, administrazio publikoekin eta herritarrekin batera, ezagutzan eta berrikuntzan murgildutako lurralde-ekosistemak sustatzea. 110.000 ikasle ditu, irakasle eta ikertzaileen 9.000 kide eta kudeaketa eta administrazio eta zerbitzuetako teknikarien 5.000 kide.
Jaio zenetik hamar urte igaro diren honetan, mugaz gaindiko 8 Lankidetza Laborategi (LTC) eta 16 LTC incubator jarri dira martxan. Laborategi horiek 200 ikertzaile baino gehiago, kotutoretzako 40 doktoratu aurreko ikertzaile baino gehiago eta elkarrekin ikuskatutako 15 post-dok biltzen dituzte, eta hogeita hamar ikerketa-proiektu baino gehiago garatzen dituzte eta lurraldeko 40 eragile baino gehiagorekin elkarlanean aritzen dira, eta 200 argitalpen inguru eta 4 patente sortu dituzte.
Graduondoko 7 titulazio aktibo daude, 2 Erasmus Mundus barne, hainbat esparrutan: itsas baliabideak, ingurumen-ekotoxikologia, polimeroen zientzia, enologia berritzailea, industria-antolaketa, sare elektriko adimendunak eta lehengaien kudeaketa. Berrikuntza pedagogikoko mugaz gaindiko komunitate bat sortu da, Ocean i3 eta EmpacT i3 proiektuen bidez. Proiektu horiek POCTEFA programak kofinantzatu ditu, eta bi unibertsitateetako 50 irakasle bildu ditu eta 140 proiektu baino gehiago garatu dira 16 diziplinatako ikasleek, mugaz gaindiko lurraldeko 25 eragileren laguntzarekin. Era berean, Challenge Based Education-en (CBE i3lab) Laborategi Iraunkorra sortu da, tutoretzako 50 tesi defendatu dira eta gaur egun 20 gehiago daude abian. Era berean, COFUND Europako programaren ADAGIO proiektua garatzen ari da. Proiektu horrekin, elkarrekin gainbegiratutako doktoratu ondoko 15 ikertzaile finantzatzen dira fabrikazio aurreratuaren arloan.
Imanol Pradales lehendakaria eta bi unibertsitateetako errektoreak, Eva Ferreira eta Dean Lewis, EHU Euskampus Bordeaux Egunaren inaugurazio ekitaldian parte hartu dute
Halaber, mugaz gaindiko 7 proiektu garatu dira Euskampusen Misioak programaren esparruan, 4 proiektu ENLIGHTen esparruan, seed-funding mekanismoarenpean, eta 7 proiektu Euskadi-Akitania-Nafarroa Berria Euroeskualdeak kofinantzatuta. Bestalde, bi unibertsitateek Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen Programaren sorrera bultzatu eta gidatu dute, Euroeskualdeko beste unibertsitate publiko batzuekin batera. Bi unibertsitateek Frantziaren eta Espainiaren arteko lankidetzari emandako 2018ko Diálogo Saria jaso zuten, 2023an.
EHU Euskampus Bordeaux Eguna
Gaur inauguratu da, Bordeleko Unibertsitatean, EHU Euskampus Bordeaux Eguna 2024, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Bordeleko Unibertsitatearen (UB) arteko Mugaz Gaindiko Campusaren urteroko topaketa. Topaketak, mugaz gaindiko campusak bezala, 10 urte betetzen ditu. Topaketaren inaugurazio-saioan izan dira: Imanol Pradales, Lehendakaria; Dean Lewis, Bordeleko Unibertsitateko presidentea; Eva Ferreira, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea; Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua; Gérard Blanchard, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko Goi Hezkuntzako eta Ikerketako lehendakariordeak; Ricardo Díez, Donostia International Physics Centerreko (DIPC) zuzendaria; Jesús Valero, Tecnaliako zuzendari nagusia; eta Céline Papin, Bordeleko zinegotzia.
Imanol Pradales lehendakariak azpimarratu du Mugaz Gaindiko Campusa aitzindaria izan dela hamarkada honetan. “Ondo dakigunez munduko herrialde eta eskualde aurreratuenek abangoardiako erakunde zientifiko eta akademikoak dituzte. Eta argi dugu: Europaren abangoardian egongo bagara, erabakigarriak izango bagara, Euskampus Bordeaux Eguna bezalako lankidetza ekimenak ezinbestekoak ditugu. Bide hau garatzen eta batez ere determinazioz indartzen jarraitu behar dugu. Bihotzez espero dut ibilbide honetan aurrera egiten jarraitzea. Horrela lortuko dugu gure ongizatea sendotzea eta indartzea”.
Mugaz gaindiko zortzigarren lankidetza-laborategia iragarri da, esklerosi anizkoitza, autismoa eta glioblastoma bezalako gaixotasunei buruzko oinarrizko ikerketan espezializatua
Era berean, Dean Lewis Bordeleko Unibertsitateko presidenteak nabarmendu duenez, "Euskampus erakundeen artean zubiak eraikitzeko, ezagutza partekatzeko eta elkarrekin berritzeko dugun borondate irmoaren sinboloa da. Hamargarren edizio honek etapa garrantzitsu bat markatzen du gure elkartearen bizitzan, eta urteetan zehar ehundu ditugun lotura sendoen testigantza ematen du ".
Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreirak nabarmendu duenez, Euskal Herriko Unibertsitatearentzat "Bordeleko Unibertsitatearekin ezarri dugun aliantza prestakuntza eta ikerketa erakunde gisa dugun nortasunaren osagai bihurtu da. Epe luzera begira dagoen aliantza bat da. Ez dago benetako asmo handiko proiekturik begirada labur batekin zabal daitekeenik, anbizioaren oinarrietako bat ikuspegi zabala delako, hegada altua, aurrea hartzeko eta planifikatzeko gaitasuna. 10 urteren ondoren, esan dezakegu dagoeneko igaro dugula edozein proiektu sendotzeko konpromisorik handieneko aldia. Eta basamortuko zeharkaldiaren ondoren, hazkunde esponentziala dator. Gure aliantza estrategikoa fruituak ematen jarraitzeko ez ezik, fruituak biderkatzen direla egiaztatzeko prestasun hobean dago ".
Gérard Blanchardek, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko Goi Mailako Hezkuntza eta Ikerketako lehendakariordeak, Euroeskualdeak unibertsitate-eremuan mugaz gaindiko lankidetzaren arloan egindako lana nabarmendu du, bai unibertsitateen sarean jartzeari dagokionez, bai ikerketa-proiektuei dagokienez, bai Euroeskualdeko unibertsitateetako ikasleen eta doktoregaien mugikortasunari dagokionez.
Bestalde, Ricardo Díez Donostia International Physics Centerreko (DIPC) zuzendariak adierazi duenez, "zientzia eta hezkuntza aurrerapen sozial eta ekonomikoaren bi zutabe dira. Gaur, Mugaz Gaindiko Campusak azken hamar urteotan bi eremu horietan egindako lan ikusgarria ospatzen dugu, mugak gaindituz egiten duen berezitasun gehigarriarekin. Ziur nago lortutako emaitzak tranpolin bat izango direla, atzean geratu ezin garen arlo estrategikoetan proiektu anbiziotsuagoak bultzatzeko ".
Tecnaliako zuzendari nagusi Jesús Valerok erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du. "Gure erakundeek elkarrekin lan egin behar dute etorkizuneko beharrei eta erronkei aurrea hartzeko. Elkarrekin hobeak gara ", adierazi du.
EHU Euskampus Bordeaux Egunaren helburua mugaz gaindiko campusaren esparruan garatzen diren proiektu eta lankidetza guztiak partekatzea, ikusaraztea eta balioestea da, Europan bakarra den ekimena baita. Horrez gain, lankidetza-sareak indartu eta zabaldu nahi ditu, eta mugaz gaindiko campusaren nortasun-ezaugarriak diren kohesio multikulturala, eleaniztuna eta transdiziplinarra sustatu nahi ditu.
Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategi berria
Goizeko saioan, Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategi (LTC) berria iragarri da: CannaMetHD. Neurozientzien esparruko LTC berri hau Susana Mato UPV/EHUko ikertzaileak eta Giovanni Marsicano UBko ikertzaileak batera zuzentzen dute, eta ahaleginak batuko ditu argitzeko zer mekanismoren bidez modulatzen duten CBO hartzaile kanabinoideek astrozitoen eta oligodendrozitoen metabolismoa eta esklerosi anizkoitzean, autismoan eta glioblastoman izan ditzaketen inplikazioak. LTC berri horri lehendik dauden beste 7 LTC gehitu behar zaizkio; izan ere, LTC inkubatoreko 16 proiektuekin (11 + bost berri 2024an) batera, Eusko Jaurlaritzak 2021etik bultzatutako LTC Sarea osatzen dute. LTCek eta LTC inkubatorrek askotariko gaiak biltzen dituzte: nanoeskalako fisika eta kimika, matematika aplikatua, fabrikazio aurreratu jasangarria, prestazio handiko zementu-materialak, gaixotasun neurodegenetariboak eta horien komorbilitatea, fotonika edo gure itsasoetako kutsadura, besteak beste.