euskaraespañol

Image of the day

Bizimodu komunitario alternatiboak energia-aztarna txikiagoa du

Errakaleor auzoko eta EAEko energia-aztarna kalkulatu dute UPV/EHUn, lehen aldiz Input-Output metodologia erabiliz

  • Research

First publication date: 21/12/2022

Estitxu Villamor eta Ortzi Akizu
Estitxu Villamor eta Ortzi Akizu | Photo: Nuria González. UPV/EHU.

UPV/EHUko Ekopol eta Life Cycle Thinking Group taldeek egindako ikerketa batean ondorioztatu dute bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia-kontsumoa murritz dezakeela, kontsumo-ondasun eta -zerbitzuak ekoizteko erabiltzen den energiak duen garrantzia dela eta. Zehazki, Errekaleor auzoko (Gasteiz) biztanleko energia-aztarna EAEkoa baino % 24 txikiagoa dela kalkulatu dute.

Energia-sistema berriztagarri, justu eta demokratikoak lortzeko eraldaketa globala gerta dadin, herritarren energia-beharrak identifikatu eta herritarrek dituzten bizimodu eta kontsumo-patroi desberdinak izan behar dira kontuan. “Egungo gizartearen kontsumo-eredu mugagabeak energia eta baliabideen krisia eragin du jada. Beraz, ukaezina da Iparralde Globaleko herrialdeen energia-kontsumoa murriztu beharra dagoela”, adierazi dute UPV/EHUko Ekopol eta Life Cycle Thinking ikerketa-taldeko kideek.

Murrizketa horiek lortzeko, nahitaezkoa da energia-kontsumoa neurtu eta konparatzeko adierazle edo baliabide egokiak erabiltzea. Energia-kontsumo globala eta herrialde baten energia-kontsumoa zenbatzeko, energia primarioaren hornidura totala kalkulatu ohi da, Energiaren Nazioarteko Agentziak emandako datuetatik abiatuta: herrialde baten barruan (etxebizitzetan, garraioan, industrian eta zerbitzuetan) guztira kontsumitzen den energia primarioa. “Baina adierazle horrek ez ditu kontuan hartzen ezkutuko energia-fluxuak, alegia, beste herrialde batzuetatik ondasun eta zerbitzu gisa inportatutako energia”, adierazi du Estitxu Villamor doktoreak.

Energia-aztarnak, ordea, herrialde bakoitzari esleitu behar zaion energia primario osoa kontuan hartzeaz gain, ezkutuko energia-fluxuak ere hartzen ditu kontuan, hau da, “ondasuna beste herrialde batean kontsumitu arren herrialde ekoizle bati esleitu ohi zaion energia”, dio. Ikertzaileen arabera, adierazle hau funtsezkoa da “herrialde baten energia-kontsumoaren diagnostiko erreal bat egiteko, eta, beraz, gakoa da energia-trantsizioko politikak diseinatzeko”.

Metodologia berritzailea

UPV/EHUko ikertzaileek lehen aldiz erabili dute Input-Output metodologia eskualde mailako (EAEko) eta auzo mailako (Gasteizko Errekaleor auzoko) energia-aztarna kalkulatzeko —Euskal Herrian elektrikoki burujabe den komunitate handiena da Errekaleor—. Hala, frogatu dute, batetik, metodologia egokia dela auzo mailako, eskualde edo erkidego mailako edota estatuko energia-aztarnak kalkulatzeko; bestetik, gaur egungo garai globalizatuko energiaren kontsumo-patroien neurketa doiagoa ematen duela energia-aztarnak, eta, azkenik, bizimodu komunal alternatiboak energia-aztarna txikiagoa eragiten duela.

Emaitzen arabera, “Errekaleorreko biztanleen etxebizitzetako energia-kontsumoa (4,46 MWh biztanleko eta urteko), batez beste, EAEko eta Espainiako biztanleena baino % 32 eta % 15 handiagoa den arren, Errekaleorreko biztanleen energia-aztarna (31,10 MWh biztanleko eta urteko), batez beste, EAEko eta estatuko biztanleena baino % 14 eta % 24 txikiagoa da, hurrenez hurren”, dio Villamor doktoreak. Produktu eta zerbitzuetan txertatuta dagoen zeharkako energia-kontsumoak eragiten du alde hori: estatuko energia primarioaren aztarna totalaren % 81 dagokio produktu eta zerbitzuetan txertatutako energiari; EAEkoaren % 75, eta Errekaleorrekoaren % 66.

Ikertzaileen iritziz, “horrek erakusten du pertsona bakoitzaren kontsumo materialarekin lotuta daudela energia-aztarna baldintzatzen duten faktore nagusiak”. Alde horretatik, nabarmentzekoa da Errekaleorreko instalazio fotovoltaiko isolatutik datorren argindarrak auzoko energia-aztarna totalaren % 0,6 baino ez duela eragiten. Azkenik, ikertzaileek ikusi dutenez, auzoan bertan “etxebizitza-mota ezberdinek alde handiak eragiten dituzte energia-aztarnan: familietan bildutako pertsonek bakarrik bizi direnek baino % 33,5 aztarna txikiagoa dute (biztanleko eta urteko 28,45 MWh eta 42,79 MWh, hurrenez hurren)”. Gainera, ikerketan ondorioztatu dute Errekaleorren bakarrik bizi diren pertsonek, batez beste, EAEko biztanleek baino energia-aztarna handiagoa dutela.

Bibliographic reference