Bizkaiko Esperientzia Gelek Bilbao Balioen Hiria saria jaso dute
- Kronika
First publication date: 17/06/2024
Bilboko Udalak Bilbao Balioen Hiria sariak eman ditu, eta aurten balioz betetako hiru proposamen saritu ditu: "Bihotz Kantxa", Bilbao Basket Fundazioarena; Euskal Herriko Unibertsitatearen "Bizkaiko Esperientzia Gelak"; eta "Cuidando de nuestros mayores", Luis Briñas-Santutxu BHIrena.
Ekitaldia hilaren 12an izan zen, eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan zuen buru. UPV/EHUren ordezkari gisa, Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko errektoreordea, Montserrat Maritxalar Graduondoko eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea, eta Idoia Igartua Bizkaiko Esperientzia Geletako zuzendaria eta ikasgeletako irakasle eta ikasleak izan ziren.
Idoia Igartuak, saria eta esperientzia-gelen arrakasta ahalbidetzen duten guztiei eskerrak emateaz gain, "ikasgelek Bilboko Balioen Kartarekin partekatzen dituzten balioetan duten inplikazioa eta esangura soziala" nabarmendu zituen; era berean, "ikasleen erantzun sutsua, lankidetza eskuzabala, bizitza-lezioa eta belaunaldien arteko transmisioa" nabarmendu zituen, "gure Unibertsitatearen EMAN TA ZABAL ZAZU leloa bere eginez".
Bizkaiko Esperientzia Gelek, aurten 25. urteurrena ospatzen dutenek, Euskal Herriko Unibertsitatearen oinarrizko egitekoan parte hartzen dute: unibertsitate-kultura Bizkaiko eta Bilboko gizarte osora zabaltzea. Unibertsitate-irakaskuntzak ematen dira eta 55 urtetik gorako pertsonen garapen soziokulturala eta giza garapena sustatzeko jarduera osagarriak garatzen dira. Urtero 450 ikasle baino gehiago biltzen dituzten bi unibertsitate-ikasketa moten inguruan egituratzen da programa: Giza Zientzietako Unibertsitate Titulua (4 ikasturte) eta, hori amaituta, Unibertsitate Ikastaro Osagarriak (hiru prestakuntza-ibilbideren bidez). 25 urte hauetan 2.200 pertsona baino gehiago igaro dira ikasgeletatik.
BBH Sariaren Epaimahaiak Bizkaiko Esperientzia Gelek duten hezkuntza-funtzioa nabarmendu du, baina baita gizartean, kulturan eta dibulgazioan egindako lan handia ere.