euskaraespañol

image of the day

Bizitzaren ustekabekoak

Diana Deriazhna ukrainarrak Marketin eta Merkataritza Zuzendaritzako masterreko bikaintasun aipamena jaso zuen, eta diplomen banaketako ekitaldira hurbildutakoak hunkitu zituen

  • Kronika

First publication date: 10/03/2022

Diana Deriazhnak diplomen banaketako ekitaldira hurbildutakoak hunkitu zituen. Argazkia: MItxi.UPV/EHU.

Otsailaren 24ra arte, Diana Deriazhna, Kieveko kazetari gazte bat, Marketin eta Merkataritza Zuzendaritza Masterreko beste ikasle bat gehiago baino ez zen, distiratsua, hori bai, Ekonomia eta Enpresa Fakultatean joan den ostiralean master horretako eta Executive MBA. - Enpresen Zuzendaritza eta Kudeaketa Masterreko diplomak emateko ekitaldian jasotako bikaintasunaren aipamenak erakusten duen bezala.

Errusiarren inbasioak dena aldatu zuen. Gurasoek ezin izan zuten zeremoniara joan, aurreikusita zuten bezala. Bere bizi-kezkak beste batzuk dira gaur egun. Ahotsa altxatu behar izan du bere herriarentzat laguntza eskatzeko. Bilatzen ez zuen protagonismoa hartu du. Ekitaldian hunkitu egin zen eta auditorioa hunkitu zuen.

“Nire zorionik beroenak. Zuek, ikasleak, luxu bat zarete, eta gure munduak benetan behar dituen pertsona motak. Arrazionaltasuna eta gaitasuna erakutsi dituzue, baina ez galdu inoiz emozioa eta grina, horiek gabe bizitza hotza, laua eta sarritan tristea da-eta”, adierazi zuen Marisol Aguirre Marketin eta Merkataritza Zuzendaritzako masterreko zuzendariak. Berak ere, azken aldiz graduazioan parte hartu zuen, 33 urtez irakasle izan ondoren erretiroa hartu baitzuen, hitz bereziak izan zituen Dianarentzat eta bere familiarentzat.

“Gure lanpostuetan munduari atsegina eta adiskidetsua izaten erakutsi behar diogula uste dut, bakea eta bizitza estimatzen. Batzuei eta besteei errespetua izatea eta lankidetzan aritzea eta laguntzea. Eta egunetik egunera, eta ekintza bakoitzarekin, mundu hau pixka bat hobeto egiten saiatu behar dugu, bizitza ustekabez josita baitago”, azpimarratu zuen Deriazhnak bere hitzaldian.

Dianaren ametsa

Dianak bi urte daramatza Bilbon bizitzen, eta marketineko gerente gisa lan egiten du nazioarteko enpresa batean. Konfinamendua baino lehentxeago iritsi zen, eta horrek herrialdeaz duen ikuspegia baldintzatzen du.. “Ez dut Euskadi ezagutzen bere bizitza arruntarekin. Ez dut ezagutzen nola den murrizketa, neurri eta konfinamendurik gabe. Etorkizunean nolakoa den ikusteko aukera izatea espero dut. Orain arte, Euskadin izan dudan esperientzia oso atsegina izan da, asko gustatzen zait jendea, oso irekia da eta beti dago laguntzeko prest”, aipatu du.

Bikaintasunaren aipamena jasotzea “irla perfektua izan zen ekaitz baten barruan”. Haren familiak, gutxienez, Ukrainatik jarraitu ahal izan zuen amaiera ekitaldia, streaming bidez. “3.000 kilometrora nagoen arren, gainerako ukrainarrek bezala bizi dut. Beti jarraitzen ditugu albisteak. Ukraina urrun dago, baina arriskua hurbil”, dio Dianak. Eta indarrak biltzen ditu senideei eta ukrainarrei laguntzeko, Euskaditik laguntza humanitarioa bere herrialdera bidaltzea erraztuz edo behar dutenei lagungarri izan dakiekeen informazio zuzena emanez.

Benetako informazioa partekatzearen garrantzia azpimarratu du, Ukrainan gertatzen ari den gudari buruzko gezur ugari zabaltzen baitira. “Erasotzaileari laguntzeari utzi behar zaio, gerran erabiltzen dituzten baliabideak moztu behar dira. Eta informazioa sareetan partekatu behar da, lagunen artean… Gerrak ez du etenik, eta gerra informatiboak ere ez. Beraz, guk ere ezin dugu gelditu”, azaldu du.

“Amets bat dut. Goizean esnatu eta gerra amaitu dela jakitea. Bihar salbu egongo garela. Herrialde gisa gure bidea aukeratu ahal izatea espero dut. Hitz egin, kooperatu eta aske izan, lehen bezala edo gehiago”.