euskaraespañol

Image of the day

Bizitza zenbait urte laburragoa izan daiteke indarkeria dagoen herrialde batean, eta aurreikusteko zailagoa

Ikerketa, UPV/EHUri atxikitako Tim Riffe Ikerbasqueko ikertzailea partaide duen nazioarteko lankidetza baten emaitza, Sciences Advances aldizkari ospetsuan argitaratu da

  • Research

First publication date: 03/02/2023

Tim Riffe

Indarkeria handia dagoen herrialdeetan, zailagoa izan ohi da bizitzaren iraupena aurreikustea, eta gazteen bizi-itxaropena 14 urte ere laburragoa izan daiteke herrialde baketsuetan baino, UPV/EHUri atxikitako Tim Riffe Ikerbasqueko ikertzailea partaide eta Oxfordeko Unibertsitatea buru dituen nazioarteko talde batek egindako ikerketa berri baten arabera.

Ikerketaren arabera, indarkeriazko heriotzei egotzi behar zaizkie hein handi batean indarkeria duten herrialdeen eta herrialde baketsuen artean dauden bizi-ziugabetasunaren maila desberdinak. Bizi-ziurgabetasuna hilkortasun-adinen dispertsioari dagokio; horregatik, dispertsioa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da ziurgabetasuna ere. Indarkeriak heriotza-tasan duen inpaktua ez da mugatzen bizitzak laburtzera, izan ere, indarkeriaren ondorioz bizitzak etengabe galtzen direnean, bizirik jarraitzen dutenek ziurgabetasun handiagoa dute nor izango ote den hurrengo biktima. Ikerketaren egileen esanetan, bizitzaren inguruko ziurgabetasuna lotuago dago indarkeriarekin bizi-itxaropena baino, eta horixe omen da azterlan honen alderdirik harrigarriena, hilkortasun-patroien aldaketak aztertzeko garrantzi handia duena.

162 herrialdetako 2008tik 2017ra bitarteko hilkortasun-datuetatik eta Barne Bakearen Indizetik abiatuta, ikerketak argi utzi du indarkeriarik handieneko herrialdeak direla bizi-ziurgabetasunik handiena dutenak. Ekialde Hurbilaren kasuan, gatazkarekin lotutako adin goiztiarretako heriotzak dira ziurgabetasun handiaren pertzepzioa gehien areagotzen dutenak. Latinoamerikan ere antzeko patroia ematen da erailketen eta pertsonen arteko indarkeriaren eraginez. Kontrako muturrean egiaztatu ahal izan da bizi-ziurgabetasuna “nabarmen txikia” izan zela 2008tik 2017ra bitartean Europako iparraldeko eta hegoaldeko herrialderik gehienetan.

Diru-sarrera handiak dituzten herrialdeetan, minbiziaren ondoriozko hilkortasun goiztiarra murriztean, bizi-ziurgabetasuna ere murriztu ahal izan da. Hala ere, indarkeria handieneko gizarteetan, bizi-ziurgabetasunak indarkeriarekin zuzenean lotuta ez daudenei ere eragiten die. Txostenean jasotakoaren arabera, “pobreziaren, segurtasunik ezaren eta indarkeriaren zikloek handitu egiten dituzte emakumeentzat lehendik dauden desabantaila-eredu estrukturalak. Latinoamerikako herrialde batzuetan, emakumeen erailketan ugaritu egin dira azken hamarkadetan, eta indarkeriazko inguruneen eraginpean egoteak gizarteari zein osasunari dagozkien ondorioak ditu, batez ere ume eta emakumeentzat”. Ikerketaren egileen esanetan, “gizonak izan ohi dira indarkeriaren zuzeneko biktima nagusiak, baina emakumeek dute indarkeriazko testuinguruetan horren ondorioak pairatzeko aukera gehien”.

Txostenak dioenez, zenbat eta handiagoa izan bizi-ziurgabetasuna, orduan eta baxuagoa izan ohi da bizi-itxaropena. Gainera, indarkeria nagusi duen gizarte batean bizitzeak kalteberatasuna eta ziurgabetasuna sorrarazi eta indarkeria handiagoko portaera eragin dezake. Indarkeria-maila handia dagoen herrialdeetan, bizi-itxaropena herrialde baketsuetan baino txikiagoa da. 14 urte inguruko tartea kalkulatu da indarkeria handieneko eta txikieneko herrialdeen arteko bizi-itxaropenari dagokionez. Hartara, El Salvador, Honduras, Guatemala, Kolonbia eta antzeko herrialdeetan, diru-sarrera handiko herrialdeekin erkatuta dagoen bizi-itxaropenaren alde hori erailketen ondoriozko heriotza-maila handiarekin lotuta dago.

Ikerketa egin duen Tim Riffe UPV/EHUri atxikitako Ikerbasqueko ikertzailearen iritziz, garrantzitsua da indarkeriak herritarren osasunean dituen ondorioak azaltzea, zabaltasun osoz, osasun publikoko arazotzat jo eta prebentzio-programetan landu ahal izateko. Indarkeria heriotza-eragiletzat askoz ere errazago prebeni daiteke minbizia eta heriotza eragiten duten beste kausa batzuk baino, eta honen onurak berehalakoak bezain iraunkorrak izan ohi dira, indarkeria goreneko egoeratik bake iraunkorreko egoerara igaro diren hainbat gizarteren adibideetan egiazta daitekeenez.

Ikerketa datuen erabilera masibotik abiatuta egin da, Global Burden of Disease proiektuan zehaztutako hilkortasunari buruzko kalkuluetan oinarrituta alegia, izan ere, bertan aztertu diren populazio askok ez dute hilkortasunari buruzko informazio demografiko zuzenik. Kontuan izan behar da munduko leku askotan, honelako ikerketa bat zuzenean egiteko aukera ematen duten bizi-erregistroko sistemak garatzeko zain daudela oraindik, edo garrantzi handiko hobekuntzak egiteko zain.

Bibliographic reference