euskaraespañol

image of the day

BiSKY Team-ek sortu du Espainian ikasle talde batek inoiz jaurtitako suziririk handiena

Gailuak altitude marka berria lortu du, 3,5 km igota

  • News

First publication date: 30/12/2022

BISKY Team-eko kideak jaurtiketa prestatzen

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako BiSKY Team taldeak "Charlie" suziria jaurti zuen atzo, abenduaren 27an, San Gregorioko (Zaragoza) maniobra zelaitik. Suziria 3,2 metro luze eta 20 cm zabal da, ikasle talde batek inoiz jaurtitako handiena Espainian.

Gainera, "Charlie"-rekin UPV/EHUko ikasle taldeak bere aurreko altitude marka birrindu zuen, 3,5 km-ra iritsita. Horrela, Espainian ikasleek egindako suzirietatik gehien igo den bigarrena bihurtu da "Charlie", Bondar suziriaren atzetik. BiSKY Team-ek beste suziri horretan ere hartu zuen parte, Cosmic Research talde katalanarekin batera.

"BiSKY Teamek jaurtitako lehen bi suziriak Alpha eta Bravo izan ziren, hurrenez hurren, eta biek hautsi zuten altitude marka bana taldearentzat. Gero beste batzuk ere jaurti ditugu, adibidez Ganimedes edo Io. Hala ere, suziri horiekin ez genuen bilatzen taldearen altuera marka hausterik, ezpada sistema batzuk proban jartzea, adibidez hegaldirako elektronika edo paraxuta. Charlie suziriarekin jauzi kualitatibo garrantzitsu bat egin dugu taldearen aurreko suzirien aldean", adierazi du Jon Perezek, Bilboko Ingeniaritza Eskolako "Industria Ingeniaritza" Masterreko ikasle eta BiSKY Team-eko buruak.

Mugarri horretatik harago, taldeak garbi dauka zein urrats egin gura duen datozen hilabeteetan. "Motor hibridoa duten suziriak jaurti nahi ditugu. Horretarako, balbulak, tankeak, sentsoreak eta bestelako gailuak ezarri behar zaizkio suziriari, eta, beraz, handiagoa izan behar da. Suziri handiagoekin lan egiteak erronka berriak dakartza, bai teknikoak eta bai logistikoak. Charlie-ri esker, baina, horretarako ezagutza metatua eskuratu ahal izan dugu", azaldu du Perezek.

Taldearen azken helburua espaziora iristea da, hau da, 100 km-tik gora igotzea. "Arnas handiko erronka da hori, eta denbora asko hartuko digu, entsegu eta garapen asko egin beharko ditugulako. Horretarako, epe labur-ertainerako hurrengo helburua da guk geuk diseinatutako motor hibridoa izango duen suziri bat egitea, zeren, geure diseinuko propultsio sistema bat erabilita, behar dugun neurrikoa egin ahal izango dugu suziria.

Orduko 1000 km baino azkarrago

Suziria jaurtitzeko lanak ibilgailua aireratu baino hiru ordu lehenago hasi ziren Zaragozako San Gregorioko maniobra zelaian, 8:00etan. Taldeak jaurtiketarako erraila jarri zuen, suziria prestatu eta eguraldia egokia zela ziurtatu zuen. Dena gertu egon zenean, 11:15ean, suziria jaurti zuten, eta segundo gutxiren buruan orduko 1000 kilometrotik gorako abiadura hartu zuen. Hegaldiko gune gorenera heltzean, taldeak diseinatutako sistema elektronikoak piroteknia karga batzuk leherrarazi zituen bigarren paraxuta zabaltzeko, hartara suziria astiroago jaits zedin. Suziria lurretik 400 metrora besterik ez zegoenean, elektronikak beste paraxut bat zabaldu zuen, aurrekoa baino handiagoa, suziria leunki lurreratzeko.

Lau jaurtiketa urte bakarrean

BiSKY Team 2017/18 ikasturtean sortu zen Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta, harrez geroztik, sei suziri jaurti ditu eta bere suziri motor propioa egin du. Azken urtea bereziki ona izan da BiSKY Team-entzat, hiru suzirirekin lau jaurtiketa egin dituelako, horrela urte bakarrean bikoizturik bere jaurtiketen kopuru totala. Bestalde, taldeak aurrera jarraitu du suzirirako motor hibridoaren bigarren prototipoa garatzeko lanean; teknologia hori giltzarria izango da taldearen etorkizuneko proiektuetan.

Ingeniaritza Eskolako ikasketa ildo desberdinetako 50 ikaslek osatzen dute taldea gaur egun. Sei azpitaldetan banatua dago, eta bakoitzak arlo bat du langai: propultsio taldeak motorrak diseinatzen ditu, entsegu bankuetan probatzen direnak; aerodinamika taldeak suzirien azalera aerodinamikoak diseinatzen ditu; egitura taldeak osagai estrukturalen diseinu mekanikoa egiten du, bai suzirien osagaiena eta bai egitura osagarrien osagaiena; abionika taldeak suziri barruko elektronikaren hardwarea eta softwarea garatzen ditu; kontrol eta simulazio taldea  entsegu bankuetako tresneriaz eta simulagailuak egiteaz arduratzen da; eta, azkenik, business ¬& management taldeak BiSKYren barne antolakuntza eta marketina ditu bere ardurapean.