Bilbo dibulgazio zientifikoaren hiriburua izango da berriz ere
- Event
When and where
From: 17/09/2021 To: 28/09/2021, 09:00 - 19:00
Location
Bilbao (Bizkaia)
Description
COVID-19ak eragindako pandemiak agerian utzi du ezagutza zientifikoa publiko orokorraren artean zabaltzearen garrantzia, baita gertakarien inguruko pentsamendu kritiko eta zorrotzaren eraikuntzan duen eginkizuna ere. Testuinguru honetan, 2020ko geldialdiaren ondoren, Bizkaia estatu mailako dibulgazio zientifikoaren erdigunea izango da berriz ere aurten, irailaren 17tik 28ra bitartean Euskalduna Jauregian, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan eta Bidebarrieta Liburutegian antolatuko den Bizkaia Zientzia Plaza (BZP) jaialdiaren laugarren edizioari esker.
UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako jaialdiak segurtasun-protokolo espezifikoak izango ditu bertaratutakon segurtasuna eta osasuna bermatzeko, eta sei ekitaldi eskainiko ditu guztira: Naukas Pro, Naukas Bilbao, Naukas Kids, Ciencia Show, Bidebarrieta Zientifikoa eta “Artea eta matematika” eta “Eboluzioa genero-ikuspegitik” erakusketak. Horiek guztiak doakoak izango dira, eta jarduera zientifikoaren hainbat eremu jorratuko dituzte askotariko formatu eta erregistroen bitartez, hala nola, hitzaldiak, ikuskizunak eta erakusketak. Ekitaldiei eta segurtasun-protokoloei buruzko informazio guztia jaialdiaren webgunean aurki daiteke: www. bzp.eus.
Naukas Bilbao: hamar urte ez dira ezer
Jaialdiaren barruan, beren-beregi nabarmendu behar da Naukas Bilbaoren hamargarren edizioa, izan ere, zientzia-dibulgaziorako topaketa hau, espainieraz egiten den handiena, jaialdiaren ekitaldi nagusia izango da berriro ere.
Bertaratutakoek gertu-gertutik entzun ahal izango dituzte zientzia munduko pertsonarik garrantzitsuenetako batzuk; adibidez, Gabriela Jorquera soziologoa eta gizarte-langilea, Haurren Pobreziaren aurkako Espainiako Gobernuaren Goi Komisionatuko Kide Aholkularia.
Bertan izango da, halaber, egun Valentziako Generalitateko Osasun Unibertsaleko eta Osasun Publikoko Kontseilaritzako Ikerketa eta Goi Ikuskaritzako Zuzendaritza Nagusian dagoen Javier S. Burgos biologo molekularra, hainbat urtetako bilaketaren ondoren egin duen azken aurkikuntzaz hitz egiteko: artearen, zoramenaren eta medikuntza-zientziaren arteko erlazioa ulertzeko artelanik garrantzitsuenetakoa bihurtu den Théodore Géricaulten koadro ezezaguna.
Era berean, Javier “Wicho” Pedreira Euskaldunako auditoriora itzuliko da aurten ere XIX. mendeko programazioaz hitz egiteko, Álvaro “Alvy” Ibáñezekin batera landu duen “Se suponía que esto era el futuro” liburuaren harira. Argitalpen horretako orrialdeetan, Microsiervosen editoreak teknologiaren eta aurreikusitako etorkizunaren inguruko gezurrezko usteak, mitoak eta sineskeriak gezurtatzen saiatu dira.
Ildo horretan, Esther Samper sendagile eta zientzia-dibulgatzaileak iraganean sendagarritzat jotzen ziren jardunbideen inguruko sineste eta mito faltsuak aztertuko ditu “Eran otros tiempos” izenburuko hitzaldian; hala nola, XX. mende hasieran zabaldu zen erradioaktibitatearekiko grina tumoreen tratamendurako edota 30eko eta 50eko hamarkadetan hainbat gaixotasun mental sendatzeko eskuin-ezker erabili izan zen lobotomia prefrontala, eta gezurrezko sendabideen egungo adibideekin konparatuko ditu, koronabirusari aurre egiteko proposatu den kloro-dioxidoaren edo Ivermectinaren erabilera, kasu.
Ekitaldi hau Euskalduna Jauregiko Auditorioan egingo da irailaren 24an eta 25ean, eta horren barruan, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako Ciencia Clip zientziari buruzko bideo-lehiaketako sariak banatuko dira. Horien artean, epaimahaiaren sari berezien irabazleak iragarriko dira. Lehiaketaren irabazleek bidaia bat lortuko dute CERNera, Genevan (Suitza) kokatuta dagoen munduko fisika-laborategirik handienera.
Erakusketei dagokienez, CENIEHko Kultura Zientifikoaren eta Berrikuntzaren Unitatearen ekimenez eta “la Caixa” Gizarte Ekintzaren nahiz Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren lankidetzaz antolatu eta lehenengo aldiz Euskadin ikusgai izango den “Eboluzioa genero-ikuspegitik” deritzona aipatu behar da. Horren osagarri gisa, Bizkaia Zientzia Plazan, euskal ikertzaileek zenbait hitzaldi emango dituzte giza-eboluzioa ikuspegi zabal batetik eta genero-joerarik gabe aztertzeko.
Zientzia guztion eskura
Bizkaia Zientzia Plazako jarduera guztietarako sarbidea doakoa eta librea da. Horrez gain, Naukas Bilbao 2021 eta Naukas Kids-eko zein Bidebarrieta Zientifikoko hitzaldietara fisikoki joaterik ez dutenek zuzen-zuzenean ikusi ahal izango dute streaming bidez EITBren ‘Kosmos EITB’ kanalean, Kultura Zientifikoko Katedrarekin sinatua duen hitzarmenari esker, izan ere, kanal horren bitartez zabaltzen dira erakundeak urtean zehar antolatzen dituen ekitaldi gehienak. Hitzaldiak EITBren "Nahieran" plataforman ere esekiko dira.
Bizkaia Zientzia Plaza 2017an sortu zen, dibulgazio zientifikoaren arloko erreferentziazko jaialdi bihurtzeko asmoz, eta horretarako, dibulgatzaile nagusiak entzuteko eta ikerketa-zentroetan egiten den lana ezagutzeko aukera eskaintzen du, zientzia jende guztiarentzako tresna eskuragarri eta dibertigarritzat aurkeztuz. Aurten ospatu beharreko laugarren edizioak sei ekitaldi bilduko ditu: erakusketak, hitzaldiak eta Naukas Bilbao bezalako ikuskizunak.
2019an egin zen zientzia-jaialdi honen azken edizioak ia 20.000 pertsona bildu zituen (9.000 pertsona inguru zuzenean eta 10.000 streaming bidez), eta horiek guztiek BZPn antolatutako jardueretan parte hartzeko aukera izan zuten.
Bizkaia Zientzia Plaza 2021 programaren laburpena
- - Erakusketak (hilaren 17tik, ostirala, hilaren 28ra, asteartea, Bizkaia Aretoan). Bizkaia Zientzia Plaza jaialdiak bi erakusketa izango ditu, biak ala biak UPV/EHUko Bizkaia Aretoan eta UPV/EHUko Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzarekin lankidetzan antolatuta. Lehenengoa, Euskadira estreinako aldiz iritsi den “Eboluzioa genero-ikuspegitik” izenburukoa, CENIEHko Kultura Zientifikoaren eta Berrikuntzaren Unitatearen ekimena da, Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren -FECYT- eta “la Caixa” Gizarte Ekintzaren lankidetzaz gauzatutakoa, eta honen osagarri gisa, zenbait hitzaldi antolatuko dira Bidebarrieta Zientifikoan. Bigarrenak, “Artea eta matematika” izenekoak Esau de Leon eta Veronica Navarro artistek fraktaletan oinarrituta egin dituzten lanak ekarriko ditu.
- - Bidebarrieta Zientifikoa (irailak 22, asteazkena, Bidebarrieta Liburutegian). BZParen lehen ekitaldi-sorta asteazkenean izango da, hilak 22, giza-eboluzioa ikuspegi zabaletik eta genero-joerarik gabe aztertuko duten lau hitzaldiren bidez. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak hilero antolatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa ekimenaren barruan egingo da. “Eboluzioa genero-ikuspegitik” deritzon ekitaldi honek UPV/EHUko Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzaren laguntza izan du.
- - Ciencia Show (irailak 23, osteguna, Euskalduna Jauregian). Zientzia eta teknologia gazteei modu atsegin eta erakargarrian hurbiltzea xede duen monologo-lehiaketaren azken gala, Big Vanek antolatu eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak protagonista dituena, Euskalduna Jauregiaren kanpoaldeko 2. aretoan egingo da. Finalistak Bizkaiko bi ikastetxetako ikasleak dira: Kantauri BHI (Santurtzi) eta Osotu Landaberri (Gueñes). Aurtengo edizioan, guztira, Euskadi osoko Bigarren Hezkuntzako 19 ikastetxetako 665 ikaslek parte hartu dute.
- - Naukas Pro (irailak 23, osteguna, Euskalduna Jauregian). Jardunaldi honetan, entzute handiko zientzialariek eta ikerketa-zentroetako kideek zientzia arloan izandako esperientziak partekatuko dituzte 20na minutuko hitzaldien bitartez, beren lana zertan datzan azalduz eta esku artean darabiltzaten berrikuntzarik deigarrienak publiko orokorrari ezagutzera emanez.
- - Naukas Bilbao (irailak 24-25, ostirala eta larunbata, Euskalduna Jauregian). Ezagutza zientifikoa modu erraz eta atseginean zabaltzeko espainieraz egiten den zientzia-dibulgaziorako ekitaldirik handienak hamar urte bete ditu. Publiko guztientzako bi eguneko ikuskizun honek 10na minutuko hitzaldiak eta ikuskizunak bilduko ditu. Horrez gain, Ciencia Clip deritzon bigarren hezkuntzako ikasleei zuzendutako zientziari buruzko bideo-lehiaketaren sariak banatuko ditu. Oraingoan, aurtengo edizioko zein 2020ko edizioko irabazleak sarituko dira. Osasun-neurriak betetzen direla bermatzeko, aurtengo edizioan saioak bata bestearen atzetik eta atsedenaldirik gabe egingo dira, 10:30etik 13:00etara bitartean goizez eta 17:30etik 19:30era bitartean arratsaldez.
- - Naukas Kids (irailak 26, igandea, Euskalduna Jauregian). Egoera sanitarioa dela eta, aurten ez da ikuskizun, zirku edo tailerrik egingo. Hala ere, gazteenek zientziarik atseginenaz eta gertuenaz gozatzeko aukera izango dute Big Van taldearen umorezko monologoen bitartez, hilaren 26an, igandea, 11:30etik 12:30era bitartean.
Ikertzaileen Europako Gaua
Era berean, Ikertzaileen Europako Gaua dela eta, UPV/EHUko Ikerketa GizarteanZabaltzeko Zuzendaritzak zenbait jarduera antolatu ditu ostiral arratsalde eta gauerako, irailak 24, Bilboko Areatzan. Ekitaldia urtero antolatzen da kontinenteko 400dik gora hiritan, eta 2021ean ere UPV/EHUk hainbat dibulgazio-jardueraren bitartez parte hartuko du. Informazio gehiago.