UPV/EHUko hiru zentrok Bikain ziurtagiria eskuratu dute
Gipuzkoako Errektoreordetzak goi maila egiaztatu du, eta Arabako Errektoreordetzak eta Ekonomia eta Enpresa Fakultateak maila ertaina
- News
First publication date: 15/12/2022
Euskal Herriko Unibertsitateko hiru zentrok lortu dute Euskararen Kalitate Ziurtagiria. Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak Bikain ziurtagiria lortu du urrezko kategorian (goi mailan), eta Arabako Errektoreordetzak eta Ekonomia eta Enpresa Fakultateak zilarrezko kategorian (maila ertainean).
Bikain ziurtagiria Eusko Jaurlaritzak emandako ziurtagiri ofiziala da, eta euskararen normalizazio-maila egiaztatzen du, zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza den aldetik. Ziurtagiriak banatzeko ekitaldia Donostiako Kursaalean egin zen, eta bertan izan ziren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran. Guztira 28 ziurtagiri banatu ziren, horietako hiru Euskal Herriko Unibertsitatearentzat, eta hauek jaso zituzten aitortzak: Agustin Erkizia Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Manoli Igartua Arabako Campuseko errektoreordeak eta Ana Beraza Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Gipuzkoako dekanorde koordinatzaileak. Ekitaldian Junkal Gutierrez Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordea ere izan zen, baita aitortutako hiru zentroetako langileak ere.
Junkal Gutierrezen hitzetan, “Euskal Herriko Unibertsitateak euskararekin duen konpromisoa gure unibertsitatea definitzen duen ezaugarrietako bat da, eta Bikain ziurtagiriak euskararekiko hobekuntza-konpromiso hori azpimarratu besterik ez du egiten. 2022an, Euskal Herriko Unibertsitateak beste hiru ziurtagiri lortu ditu, aurreko urteetan lortutako zazpi ziurtagiriei gehituta. Lortutako Bikain ziurtagiriek erakusten dute Euskal Herriko Unibertsitateko langileok gero eta euskaldunago egiten dugula unibertsitatea, gero eta gehiago erabiltzen dugula euskara lanean integratzeko, eta gero eta gogo eta asmo handiagoa dugula bide horretan aurrera egiteko.”
2016an Informatika Fakultateak hasitako ibilbidea UPV/EHUko beste bederatzi unibertsitate zentrok jarraitu dute deialdi hauetan: Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak, Farmazia Fakultateak, Kimika Fakultateak eta, berriki, Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak, Arabako Campuseko Errektoreordetzak eta Ekonomia eta Enpresa Fakultateak. Guztira, bi ikastetxek lortu dute Bikain ziurtagiria urrezko kategorian, zazpik zilarrezkoan eta batek brontzezkoa.