euskaraespañol

Image of the day

UPV/EHUko errektorea hautatzeko kanpaina hasi da

Hautagaitzak behin betiko aldarrikatuta, Eva Ferreirak eta Joxerramon Bengoetxeak Klaustroan aurkeztuko dituzte beren programak datorren astelehenean

  • News

First publication date: 07/11/2024

Eva Ferreira, Ekonomia Aplikatuko katedraduna eta oraingo errektorea; eta Joxerramon Bengoetxea, Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna. | Photo: UPV/EHU.

Bihar, ostirala, hasiko da euskal unibertsitate publikoan hauteskunde kanpaina, eta hilabete honen amaieran jakingo da zein izango den unibertsitateko errektorea datozen sei urteetan.Gaur, osteguna, behin betiko aldarrikatu dira hautagaitzak: datozen egunetan hautagai biek —Eva Ferreira, Ekonomia Aplikatuko katedraduna eta oraingo errektorea; eta Joxerramon Bengoetxea, Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna— beren hauteskunde programak ezagutzera emango dituzte, beren taldeetako kideek lagunduta.

Hauteskunde kanpaina azaroaren 8an hasi eta hilaren 24an amaituko da. Kanpainako mugarri nagusietako bat da azaroaren 11n egingo den Klaustroa, hautagaiek beren programak azalduko baitituzte bertan. Botoa emateko eguna azaroaren 26a da, asteartea, eta egun horretan behinbehinekoz aldarrikatuko da aukeratutako hautagaitza. Boto haztatuen gehiengo soila lortzen duen hautagaitza aldarrikatuko da. Inpugnazioak aurkezteko epea abenduaren 2an bukatuko da. Inpugnaziorik ez badago, hurrengo egunean aldarrikatuko da behin betiko errektore hautetsia, hau da, abenduaren 3an.

Kanpainako egun batzuetan boto aldez aurretik emateko aukera egongo da. Aldez aurreko botoa emango da fakultate, eskola eta campusetako idazkaritzetan, horretarako zehaztuko den ordutegian. Aldez aurreko botoa azaroaren 18tik 21era bitartean eman ahal izango da.Errektorea unibertsitateko agintari akademiko gorena da. Errektorea unibertsitateko kideek hautatzen dute,  hautaketa zuzenaz eta sufragio unibertsal, libre, sekretu eta haztatuaren bidez. Errektore izateko hautagaia arduraldi osoan diharduen irakasleikertzaile iraunkor doktorea izan behar da eta izan behar ditu, gutxienez, ikerketako hiru seiurteko, irakaskuntzako hiru bosturteko eta lau urteko esperientzia unibertsitate gestioan, kide bakarreko kargu batean. Aurkeztu diren bi hautagaitzek gutxienez klaustrokideen % 10ek sinatutako bermea dute.

Errektore izateko hauteskundeetan ematen den botoa haztatua da. Hau da, unibertsitateko kidego bakoitzari ehuneko bat esleitzen zaio eta, horregatik, hautagaitzen emaitzak ehunekotan ematen dira. Hauek dira kideei dagozkien ehunekoak: 1) unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle doktoreak, % 56.25; 2) lotura iraunkorra daukaten irakasle ezdoktoreak eta lotura iraunkorra ez daukaten irakasleikertzaile doktoreak, % 8; 3) gainerako irakasle-ikertzaileak, % 1,59; 4) ikasleak, % 22,08; eta 5) teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, % 12,08.

AURKEZTUTAKO HAUTAGAITZAK

Eva Ferreira Garcíaren hautagaitza

  • Idazkari nagusia. Miren Josune Pérez Estrada.
  • Arabako Campuseko errektoreordea. Jordan Santos Concejero.
  • Bizkaiko Campuseko errektoreordea. Gorka Moreno Márquez.
  • Gipuzkoako Campuseko errektoreordea. Agustín Erkizia Olaizola.
  • Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordea. M. Junkal Gutiérrez Mangado.
  • Irakasleikertzaileen arloko errektoreordea. Federico Recart Barañano.
  • Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea. María González Alriols.
  • Ikerketaren arloko errektoreordea. Inmaculada Arostegui Madariaga.
  • Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea. Guillermo Quindós Andrés.
  • Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea. Fernando Tapia Alberdi.
  • Graduko eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordea. Beronika Azpillaga Larrea.
  • Eraldaketa Digitalaren eta Komunikazioaren arloko errektoreordea. Mikel Villamañe Gironés.
  • Gerentea. Matxalen Ezcurra Llorente.

Joxerramon Bengoetxea Caballeroren hautagaitza

  • Idazkari nagusia. Leire Garmendia Arrieta.
  • Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordea. Igone Zabala Unzalu.
  • Arabako Campuseko errektoreordea. Ixone Fernandez de Labastida Medina.
  • Bizkaiko Campuseko errektoreordea. Estitxu Garai Artetxe.
  • Gipuzkoako Campuseko errektoreordea. Juana Goizueta Vértiz.
  • Ikasle eta Partaidetza errektoreordea. Asier Blas Mendoza.
  • Irakasle eta ikertzaileen errektoreordea. Efren Areskurrinaga Mirandona.
  • Gradu eta Eraldaketa Digitaleko errektoreordea. Urtza Garay Ruiz.
  • Graduondoko eta Etengabeko Ikaskuntzako errektoreordea. Ainhoa Berasaluze Correa.
  • Ikerketa errektoreordea. Jon Umerez Urrezola.
  • Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordea. Gotzone Barandika Argoitia.
  • Koordinazio, Kultura eta Konpromiso Sozialeko errektoreordea. Aitziber Mendiguren Ordorica.
  • Harreman Instituzionalen eta Komunikazioaren arloko errektoreordea. Marian Iriarte Ormazabal.
  • Gerentea. Javier Varona Guarás.