Bidebarrieta Zientifikoa: 'Intsektuen desagerpenerantz? Egoera kezkagarriaren aurrean zenbait proposamen'
- Event
When and where
25/01/2023, 19:00
Description
Ekosistemen funtzionamenduan eta biziraupenean ezinbestekoak dira intsektuak. Hala ere, behin menderaezinak ziruditen izaki hauek modu kezkagarrian iraungitzen eta desagertzen ari dira eta horrek ingurumenean eragin zuzena izan dezake. Izan ere, kontuan izan behar da, esaterako, gizakion landare-kultiboen %75 inguruk dutela intsektuek egindako polinizazioaren beharra.
Egoera hori abiapuntu hartuta, Unai Ugalde biologoa, Mikrobioen Biokimikan doktorea eta UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularrean irakasle titularra izandakoak “Intsektuen desagerpenerantz? Egoera kezkagarriaren aurrean zenbait proposamen” hitzaldia eskainiko du urtarrilaren 25ean, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.
Ugaldek intsektuen arloan gerta daitekeen kolapsoaren arrazoiak eta ondorioak aztertuko ditu eta izaki bizidun hauekin elkarbizitza orekatua lortzeko proposamenak planteatuko ditu.
Sarrera
Hitzaldi-solasaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak sustatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren barruan antolatu da. Hitzaldia aurrez aurre ikusteko aukera egongo da eta baita streamingez ere, KulturguneaTB kanalaren bitartez. Sarrera librea da aforoa bete arte.
Hizlaria
Unai Ugaldek (Caracas, 1956) Exeterreko Unibertsitatean Biologia ikasi zuen (1977) eta Mikrobioen Biokimikan doktore (1982) bihurtu zen. Euskal Herriko Unibertsitatean (1984) Biokimika eta Biologia Molekularrean irakasle titularra izan zen Donostiako Kimika Fakultatean 2021era arte. Bere ibilbidean, 57 artikulu zientifiko, liburu kapitulu eta patente baino gehiago argitaratu ditu onddoen biologia eta hartzidurari buruz.
Fakultateko Dekanorde (1993-1995), Dekano (1996-1999) eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako Zuzendari (1999-2002) lanetan ere jardun da.
2008an fungizida organikoen diseinuan aritzen den Biofungitek S.L. enpresaren sorreran parte hartu zuen. Haren produktuak Ipar eta Hego Ameriketan eta Afrikan banatzen dira.