euskaraespañol

Futbolean korrika ibili barik jokatzearen onurak

Walking football deritzona 50 urtetik gorakoentzat pentsatutako kirola da. Ageing On ikertaldeak aztertzen du nola eragiten dion osasunari.

  • News

First publication date: 16/12/2021

Esfortzu proba bat
Walking footballeko jokalari bat esfortzu proba bat egiten, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko laborategietan. Atzean, Susana Gil, ikerketa proiektuaren arduradunetako bat. Argazkia: Egoi Markaida. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

Futbolean jokatzea korrika egin barik? Horixe bera da walking football deritzona (futbola oinez). Areago: funtsezko arauetako bat du oin bat beti egon behar dela lurra ukitzen. Kirol hori orain dela hamar urte sortu zen Erresuma Batuan, 50 urtetik gorako gizon askok ariketarik ez zutela egiten edota isolatuta bizi zirela ikusirik, eta arazo horiei aurre egiteko. Orain dela hiru urte Euskal Herrira heldu zen, eta orain Ageing On taldea, Athletic Club Fundazioaren laguntzaz, azterlan bat egiten dabil kirol horren balizko onurak ondo ezagutzeko.

Walking footballa 2018/19 denboraldian hasi zen ezagutzen Euskal Herrian, Athletic Club Fundazioaren bidez. «Gizarteko talde ahulenengana heldu nahi dugu, hori da gure helburu estrategikoetako bat arlo sozialean.Walking footballak aukera ematen zigun talde horietako batengana heltzeko, 50 urtetik gorakoengana, alegia. Zailtasunak izaten dituzte talde kiroletan ibiltzeko, eta, gainera, depresio, bakardade edo autoestimu faltaren sintomak izaten dituzte sarritan», azaldu du Athletic Club Fundazioak. Talde bi dauzka astero entrenatzen 2021/22 denboraldi honetan. Horietaz gain, kirol modalitate horretan dabiltza Getxoko Walking Lions Football Club taldea, Sociedad Deportiva Plentzia taldea eta Sopelako beste talde bat.

Izan ere, walking footballak futbolean beste era batean aritzeko aukera ematen du: oinez, hain zuzen. Horrela, mina hartzeko arriskua gutxitzen da, ahal den neurrian. Beste arau batek baloia burutik gora jasotzea debekatzen du, eta jokalariek elkar ukitzea ere zigortuta dago. Dena den, ariketa fisikoa egiteko aukeratik harago doa. Espazio komun bat sortzen laguntzen du eta lagunekin aisialdiaz gozatzeko parada, talde bateko kide izatearen sentimendua bultzatuz.

Walking footballak norberaren sasoirako, osasunerako eta bizi kalitaterako dauzkan onurak sakon ezagutzeko, beharrezkoa da neurketak eta analisiak egitea. Horretan dabil Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Ageing On ikertaldea. Susana Gil Orozko eta Iraia Bidaurrazaga López de Letona irakasleek gidatutako proiektuaren bidez, eta Athletic Fundazioaren laguntzaz, jarraipena egingo zaie denboraldi batean kirol modalitate hori Bizkaian praktikatzen duten zenbait pertsonari. «Modalitate berria denez, informazio gutxi dago osasunerako dauzkan onurez; gainera, modalitate honetaz egindako azterlan gehienak Europako iparraldean egin dira, eta ez dago argitalpenik gure inguruan egindako esperientziez», azaldu du Iraia Bidaurrazagak.

Ageing On taldea egiten dabilen jarraipena, alde batetik, parte hartzaileei egiten ari zaizkien neurketa eta balorazioetan datza. Neurketok Fisiologia Saileko laborategietan egiten ari dira, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean. Askotariko xehetasunak biltzen ari dira: datu soziodemografiko eta klinikoak; neurketa antropometrikoak; oreka eta indar probak; elektrokardiogramak; biomarkatzaileak kontrolatzeko odol analisiak; eta galdetegiak eta eskalak, jarduera fisikoa eta eserita emandako denbora, dieta eta bizi kalitatea ebaluatzeko. Gainera, entrenamenduak ere aztertzen ari dira denboraldian zehar. Hori dela eta, parte hartzaileei pultsometroak jarriko dizkiete entrenamendu batzuetan eta esfortzua neurtzeko eskala batzuk pasatuko zaizkie.

Probak, hiru fasetan

Datuak hiru etapatan bilduko dira. Lehen neurketa 2021eko uztailean egin zen; bigarrena 2021eko irailean hasi zen, eta hirugarrena eta azkena, berriz, 2022ko ekainean egingo da. Guztira 46 gizon eta bi emakume ari dira azterlanean parte hartzen. Bizkaiko udalerri desberdinetakoak dira eta 50 eta 77 urte bitartekoak. Horietako bat Alfonso Arrola da. Athletic Fundazioak lehen entrenamendua antolatu zuenean, Arrola izan zen bertara agertu ziren lehen hemeretzietako bat. Gaztetan ez zen futbolean ibiltzen, belar hockeyan baizik, baina gustua hartu dio walking footballari, hainbeste non Getxoko Walking Lions Football Clubaren bultzatzaileetako bat izan den, eta aurreko urrian Euskal Selekzioak eta Ingalaterrakoak jokatutako partidaren sustatzaile eta jokalarietako bat ere bai. «Asterix eta Obelixekin konparatzen dugu geure burua. Guretzat arrakasta izan zen Ingalaterrako selekzioa etortzea bera, jende artean kirol honen berri zabaltzea, hedabideetan agertzea eta jokalari ingelesek bertotik eramandako inpresioa eta ilusioa». Garbi dauka walking footballak asko ematen duela, «ez bakarrik alde fisikotik: sozializatzen ere laguntzen du». Ezin du iritzi hoberik izan Ageing On taldea egiten dabilen azterlanaz: «Luxu hutsa da norberari proba horiek guztiak egitea, lasaitasuna ematen dizu, eta lantaldea zoragarria da».

Azterlanaren emaitzak ekainaren amaierarako egongo dira prest. Hala ere, hasierako emaitzetako batzuek dagoeneko erakusten dute walking footballean entrenatzen hasi eta hiru hilabetera, parte hartzaileek hobera egin dutela kolesterolari eta glukosari dagokienez. Ez hori bakarrik: askok diote orain denbora gehiago ematen dutela intentsitate handiko jardueretan, eta horiexek dira, hain zuzen, adinarekin gutxiago egin ohi direnak, nahiz eta egoera fisiko hobeari lotuta egoten diren. Gainera, parte hartzaileek adierazi dute walking footballa praktikatzen dutenetik oro har osasun hobea eta bizitasun handiagoa dutela, bizi kalitate hobearen seinale, duda barik.