euskaraespañol

Ikerketa baten arabera, haur autistek ez dituzte kontzeptuak hizkuntzaren bidez barneratzen

UPV/EHUko Lindy Lab ikerketa-taldeak aztertu du haur autistek zer zailtasun duten hizkuntzaren bidez kontzeptuak ezagutzeko

  • Research

First publication date: 26/07/2024

Sergio Parrillas
Sergio Parrillas UPV/EHUko Hizkuntzalaritza Teorikorako Taldeko (HiTT) kide da. | Photo: Nuria González. UPV/EHU.

Lindy Lab taldeak lehen aldiz aztertu du etiketatze linguistikoak haur autistengan duen eragina. Ikerketaren emaitzek iradokitzen dute haur autistek ez dituztela kontzeptuak hizkuntzaren bidez barneratzen, eta, beraz, zailtasunak izaten dituzte izen bera duten bi objektuk kategoria bat osatzen dutela ondorioztatzeko. Zentzu horretan, autismoa duten pertsonen garunean hizkuntzaren eta kontzeptuen arteko harremana ikertzen jarraitzeko beharra azpimarratzen dute.

“Haur autistek ez dute espero bi objektuk, izena partekatzeagatik soilik, propietate komunak izatea edo objektu-mota bera izatea. Agustín Vicente Ikerbasque irakasle eta UPV/EHUko Lindy Lab taldeko ikertzaileak adierazi duenez, "ez dute eskaintzen zaien hizkuntzaren bidez kategorizaziorik egiten”. “Biztanleria autistak zailtasunak baditu izen bera duten bi objektuk kategoria bat osatzen dutela ondorioztatzeko, joera izan dezakete beste haurren kontzeptuekin bat ez datozen kontzeptu propioak sortzeko, eta horrek, besteak beste, komunikatzeko zailtasunak ekar ditzake”, gehitu du Vicentek.

Pertsona neurotipikoak, hau da, gizartean ohiko diren portaera kognitibo eta komunikatibo estandarretara egokitzen diren pertsonak, beren haurtzaroan sentikorrak dira etiketatze linguistikoaren efektuarekiko. Demagun, adibidez, bi xurgagailu-mota desberdin ditugula: “Haur neurotipikoei esanez gero Dyson bat eta Roomba bat biak xurgagailuak direla, gauza bera egitea esperoko dute; kasu honetan, xurgatzea. Baina xurgagailuak direla esaten ez badiegu, eta bata Dyson eta bestea Roomba dela bakarrik esaten badiegu, agian ez dute esperoko Roombak ere xurgatu egingo duela”, azaldu du Vicentek. “Hizkuntza-etiketa bat —izen bat— esleitzean, lotura bat ezartzen da objektu horren propietateen eta esleitutako etiketaren artean", gehitu du Sergio Parrillasek, UPV/EHUko Lindy Lab taldeko doktoratu aurreko ikertzaileak. Etiketa bereko beste objektu bat erakustean, lehen objektuarekiko dituen antzekotasun edo ezberdintasunak kontuan hartu gabe, haurrak funtzio bera izatea esperoko du; kasu honetan, xurgatzea. Aldiz, objektu bat oso antzekoa bada baina etiketa edo izen ezberdina badu, ez du orokortuko objektu berriak xurgatzeko funtzioa duela, kategoria ezberdinetakoak direla interpretatuko du eta”.

Hortaz, “izena partekatzea antzeko itxura izatea baino kategorizazio-irizpide sendoagoa da. Fenomeno hori garrantzitsua da hizkuntzaren bidez kontzeptuak eskuratzeko iturri gisa”, azpimarratu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Neurotipikoak diren haurren kasuan, 10 hilabete dituztenetik aurrera gertatzen da hori. Ikerlan honen helburua izan da jakitea ea 3 eta 9 urte bitarteko espektro autistako haurrek ere hizkuntzaren bidez bereganatzen dituzten kontzeptuak.  Emaitzen arabera, haur neurotipikoekin ez bezala, ezin izan da identifikatu autismodun haurrengan etiketatze-efektuarekiko sentsibilitaterik.

Etiketatze linguistikoaren efektua garrantzitsua da kontzeptuak barneratzeko iturri gisa, eta hizkuntzaren garapenerako hain beharrezkoak diren alderdi batzuk aurreikus ditzake, hala nola hiztegiaren eskurapena eta aberastasuna. Horregatik, Lindy Labeko bi ikertzaileek autismodun haurren buruan hizkuntzaren eta kontzeptuen artean dagoen harremana ikertzen jarraitzeko beharra azpimarratzen dute. “Espektro autistako haur batzuek hiztegi urria eta erreferentzialki zehaztugabea izaten dute, eta hori zergatik den ikertzeak lagunduko du etorkizunean hiztegi zabalago eta antolatuagoarekin hobeto komunika daitezen esku-hartze programak garatzen”, gehitu dute Sergio Parrilasek eta Agustin Vicentek. 

Informazio osagarria

Sergio Parrillas UPV/EHUko Hizkuntzalaritza Teorikorako Taldeko (HiTT) kide da, eta ikerketa hau Lindy Lab laborategian egin duen Master Amaierako Lanean oinarrituta dago. Lan horrekin Izaskun Heras Prado V. Saria irabazi zuen. Sergio Parrillasek autismoa du, eta gaur egun doktoratu aurreko kontratua du Eusko Jaurlaritzarekin, Agustín Vicente Ikerbasque irakasleak (UPV/EHU) eta Irene de la Cruz Pavía ikertzaileak (Deustu) zuzendutako doktore-tesia egiteko.

Bibliographic reference