euskaraespañol

UPV/EHUk eta Janssen konpainiak Farmakologiako Janssen Gela sortu dute

Javier Meana katedradunaren zuzendaritzapean, Gelak osasun baliabideen erabilera arrazionala, pazienteen partaidetza aktiboa eta Medikuntza Pertsonalizatua sustatuko ditu

  • News

First publication date: 18/05/2022

Ezkerretik eskuinera: Luis Díaz-Rubio, Gotzone Sagarduy, Eva Ferreira eta Javier Meana

Eva Ferreira, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea (UPV/EHU), Gotzone Sagardui, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, eta Luis Díaz-Rubio, Janssen Iberiako zuzendari nagusia bertan zirela, UPV/EHUko Farmakologiako Janssen Gela sortzeko eta garatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute, Bizkaia Aretoan. 

Unibertsitate publikoaren Gela berri honek, unibertsitate espazio berri gisa, medikamenduen erabilera arrazionalaren kultura zabaldu eta sustatu nahi du gizartean, eragile sozio-sanitario guztien artean zubiak eraikiz eta osasun arreta eraldatzeko ezinbestekoak diren bost osagaiak betez, alegia: 1) Pazienteen osasun beharrak aztertzea; 2) Osasun emaitzak hobetzeko konponbide berritzaileak aztertzea; 3) Ezagutza zabaltzea, profesionalen zeharkako taldeen prestakuntza sustatuz; 4) Emaitzak eta osasun kostuak aztertzea; eta 5) Osasunaren arloko eragile guztien arteko lankidetza espazioak areagotzea.

Hitzarmena bi erakundeen; hots, UPV/EHUren eta Janssenen arteko akordioaren emaitza da, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren hasierako bultzada eta gidaritza jaso du.

UPV/EHUko errektore Eva Ferreirak adierazi duenez, “Farmakologiako Janssen Gelak lan eskerga egingo du, eta aldi berean erakargarria. Medikuntza pertsonalizatua, osasun zerbitzuetan herritarren partaidetza aktiboa eta arlo horretako baliabideen erabilera arrazionala eta jasangarria bultzatzea erronka handia da.” Eta azpimarratu du, halaber, gure unibertsitateko farmakologia ikasketen maila handia dela eta bertan ikertalde bikainak ere badirela.

Bestalde, Espainia eta Portugalerako Janssen konpainiako zuzendari nagusi Luis Díaz-Rubiok zera esan du: “UPV/EHU Sarean diren Katedren ekosistemara sartzea albiste bikain bat da, ezbairik gabe, eta lagungarria izango da ekimen hau aberasteko eta osasun arretaren hainbat arlotako ezagutzak partekatzeko ingurune akademikotik. Akordio honek agerian utzi du, beste behin, zenbateko garrantzia duen lankidetza publiko-pribatuak, osasun arloko emaitzak hobetuko dituzten soluzio berritzaileetan aurrera egiteko”.

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak gogora ekarri du Eusko Jaurlaritza buru duen Euskadi 2030 Zientzia eta Teknologia Plana osasunaren esparruari funtsezko lekua ematen diolako eta ikerketaren alorrean jarraitu beharreko bidea zehazten duelako: medikuntza pertsonalizatutik, big datatik edo gero eta zaharragoa den gizarte bati emandako erantzunetik, besteak beste. Ildo horretan, Gotzone Sagarduik auzolanean aritzeko deia egin du, eta ziurtatu du: “UPV/EHUren eta Janssen konpainiaren arteko egungo akordioak gai horiei helduko die, eta lagunduko du Euskadik lehiakortasunaren eta hazkunde iraunkorraren bidetik jarrai dezan, giza alderdia alde batera utzi gabe”.

Farmakologiako Janssen Gela Bizkaia Aretoan egindako lan saio baten esparruan aurkeztu da, eta bertan, Carlos López-Jaramillo Kolonbiako Antioquia Unibertsitateko Psikiatriako irakasleak parte hartu du, “Buruko Patologia Larriaren azterketa genetikoa populazio berezietan” izenburuko hitzaldia emanez.

Gela eratzeko arrazoiak

Adostasun handia dago XX. mendetik datozen osasun ereduak aldatzeko beharraren inguruan. Digitalizazioak erraztasunak ekarri ditu ezagutza eskuratzeko eta aurrerapen zientifikoen difusio azkarra egiteko, baita pazienteei, gaixotasunei eta tratamenduei buruzko informazioa eskuratzeko, biltegiratzeko eta prozesatzeko ere. Horrek terapiak pertsona bakoitzaren berezitasunetara egokitzeko aukerak areagotu ditu. “Medikuntza pertsonalizatua” izenekoak tratamenduak paziente bakoitzaren profiletara egokituko ditu. Era berean, beren osasunari eragiten dioten erabakietan herritarren presentzia eta partaidetza areagotzeko eskaera ezaguna da jada profesionalen eta kudeatzaileen artean. Sobera paternalistak diren ereduak aldatu, eta horien ordez, pazienteen ahalduntze handiagoa ekarriko duten beste batzuk sortzea arreta sozio-sanitarioaren sistemak egiteke dituen aldaketen agendaren parte bat da.

Osasun arretaren jasangarritasuna ere kezka eragiten duen helburu bat da. Osasun arloko emaitzak hobetu behar dira, pazienteen presentzia eta gogobetetzea areagotu behar da, eta administrazio eraginkor bat lortzeko lanari ekin behar zaio, teknologiaren eta jardun profesionalaren baldintza berrietan. Eraldaketa hori lortzeko, ordea, hasieran aipatutako 5 ekintzak inplementatu beharko dira.

UPV/EHUko Farmakologia Sailari atxikitako eta Javier Meana katedradunak zuzendutako Neuropsikofarmakologiako ikertaldeak bultzatu du Gelaren sorrera. Ikertalde horrek ibilbide luzea egin du, osasun sektorearekin lankidetzan. Haren jardueretan, batez ere, gaixotasun mentalen, hala nola eskizofrenia eta depresioa, oinarri biologikoak aztertu, eta horiei aurre egiteko tratamendu eraginkor eta seguruak garatzen dituzte. 

Javier Meanak dioenez, “Balioetan oinarritutako osasun sistema baterako eboluzioan, beharrezkoa da profesionalek beste era batera pentsatzen ikas dezaten zeharkako taldeetan betetzen duten zereginari buruz, osasun soluzio eraginkorren izaerari buruz eta pazienteei gehien inporta zaizkien osasun emaitzak neurtzearen garrantziari buruz. Unibertsitateak ikaskuntza horren motorra izan daiteke, eta izan behar du; izan ere, etorkizuneko profesionalak prestatzeko erantzukizuna du, haien hasierako prestakuntza mailetan.”

Hortaz, gela hau Sarean diren Katedren parte izango da, ekimen aitzindari bat, ikertzaileen diziplina anitzeko taldeek osatutakoa. Talde horiek, hain zuzen, Espainian medikuntzari eta osasunari lotutako gaiak lantzen dituzte askotariko ikuspegitatik, prestakuntza gelen ereduari jarraituta.  Diziplinarteko ikuspegi horrek banaka eskuratutako ezagutzak aberasten laguntzen du, askotariko interes arloak modu global batean lantzen dituelako.  Ezagutza horren dibulgazioa Janssen farmazia konpainiak sustatutako proiektuaren helburu nagusietako bat da. Hala, UPV/EHUn gela bat sustatzeak esan nahi du ere Euskal Autonomia Erkidegoak ongi egituratutako osasun sistema bat duela, non sektore publikoa nagusia eta traktorea den.  Garapen maila handiko eredutzat hartzen da, non handia baita profesionalen kualifikazio maila eta arreta berezia eskaintzen baitzaio ikerketari. Euskal Herriko Unibertsitateak harreman estua du osasun sistemarekin. Lankidetza zientifikoko egitura mistoek, nork bere arloetan emandako aholkularitzak eta, oro har, haien arteko ulermenak agerian uzten dute elkarren arteko laguntza eta lankidetzarako borondatea.