6.000 gaztek baino gehiagok bisitatu dute Euskal Herriko Unibertsitatea Ate Irekien Jardunaldietan
- News
First publication date: 24/03/2023
Euskal Herriko Unibertsitateak Ate Irekien Jardunaldiak egingo ditu martxoaren 17tik 25era hemeretzi fakultate eta eskolatan. Baita Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuan eta Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolan ere, biak UPV/EHUri atxikita. Jardunaldi hauek 2023-2024 ikasturtean unibertsitate publikoan ikasketak hasi nahi dituzten ikasleei zuzenduta daude. Jardunaldi horietan, etorkizuneko ikasleek izena eman duten Euskal Herriko Unibertsitateko eskola edo fakultatea bisitatu ahal izango dute, kasu batzuetan senide batek lagunduta, eta, horrela, haien instalazioak eta baliabideak ezagutu ahal izango dituzte, eta graduko ikasketei buruzko informazio zehatza jaso ahal izango dute, unibertsitateko ikasketei buruzko erabakia hartzeko behar duten orientazio guztia lortzeko.
Fernando Tapia Ikasleen eta Enplegagarritasunaren errektoreordeak adierazi duenez, “jakin behar dugu zein garrantzitsua den orientazio-jarduera egokiak eskaintzea unibertsitate aurreko ikasleei Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen dituen titulazioak ezagutu ahal izateko eta, horrela, beren trebetasun, gaitasun eta interesetara egokitzen dena aukeratu ahal izateko. Ate Irekien Jardunaldiak EHUazokaren, gure Unibertsitateko orientazio-azokaren, jarduera osagarri bat dira. Horren bidez, ikasleek eta haien laguntzaileek aukera dute gure zentroak bisitatzeko eta etorkizuneko unibertsitate-ikasketei buruzko erabakia hartzeko behar duten informazio guztia biltzeko.”
Guztira 6.476 bisita hitzartu dira (pertsona berak hainbat jarduera egin ditzake), iaz baino mila gehiago; horietatik 5.675 ikasleenak dira eta 801 laguntzaileak. Inskripzioen % 5 inguru beste erkidego batzuetako pertsonenak dira. Era berean, bigarren hezkuntzako 637 ikastetxek parte hartzen dute (EAEko 256 ikastetxek eta Estatuko 381 ikastetxek).