Asteazkenean hasiko dira Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren probak UPV/EHUn
- News
First publication date: 03/06/2024
Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 12.073 ikaslek eta Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo bat egin duten 849k Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) hasiko dute ekainaren 5an, asteazkenean, Euskal Herriko Unibertsitatean. 12.922 pertsona horiei aurreko ikasturteetako 511 ikasle gehitu behar zaizkie, nota igotzeko irakasgai espezifikoetara aurkezten direnak. Guztizkoa, 13.433, iazkoa baino % 0,2 handiagoa da, orduan 13.401 matrikulatu baitziren USE egiteko. Nabarmentzekoa da LHko ikasleetan jasotako igoera, 815tik 849ra pasatu dira eta, hau da, %4 gehiago.
USE hiru egunetan zehar egingo da, ostiralera arte, hilak 7, hiru campusetan banatutako 40 epaimahaitan.
Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioak bi fase ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide faseak helburu hau du: ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egiteko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak neurtzea. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura (asteazkenean 2024ko USE irekiko duen azterketa); Espainiako historia ala Filosofiaren historia (ikasleek bietatik bat aukeratu dezakete); Lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.
Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari edo Heziketa Zikloari dagokio eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.
Onarpen fasea borondatezkoa da. Ikasleak edozein irakasgai aukeratu ahal du Batxilergoko bigarren mailako enborreko aukerazko irakasgaien artean, gehienez, lau. Nota igotzeko ere balio ahal dute sarbide fasean egindako irakasgaietako batzuek.
Azterketei dagokienez, pandemian sortutako egitura malgua mantendu da.
USEari buruzko informazio guztia:
https://www.ehu.eus/eu/web/unibertsitaterako-sarbidea/2024-use-ohiko-deialdia