Asier Romerok, Hispaniar Filologian doktoreak, Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanotza berria zuzentzen du. Horrekin batera, Aitor Iglesias Chaves, Araitz Uskola Ibarluzea, Carmen Encinas Reguero, Israel Alonso Sáez, Ainhoa Berciano Alcaraz eta Monike Gezuraga Amundarain irakasleek gidatuko dute fakultatea. Otsailean Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskola Bilboko Hezkuntza Fakultate bihurtu zenetik, aukeratua izan den lehenengo taldea da hori. Aurretik Gurutze Ezkurdia doktoreak dekano gisa bideratu zuen ikastegia, baita, bere dekanotza-taldearekin batera, eskola fakultate bihurtu ere.
Asier Romero, UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoa
- News
First publication date: 13/06/2018
“Aro honetan, dekanotza-talde kide berok lidergoa izan nahi dugu baina fakultateko komunitatearekin --Asier Romerok azaldu du--. Gaur egun, gure fakultatean irakasle gazte berri askok behar egiten dute, guztiak oso ondo trabatuta eta haiekin lan egiteko prest gaude. Uhin hori aprobetxatu gura dugu eta surfean aritu, aukera ustiatzeko”.
Dekanotza-taldeak laneko ardatz nagusiak hauek ditu: irakasle gazteen karrera bultzatzea, ikasleen euskararen maila ona ziurtatzea, IKD irakasteko metodologia berriak, ikerkuntza eta masterrak sustatzea, graduen edukiak hobetzea, GrAL Gradu Amaierako Lanen ahozko defentsak zaintzea eta batez ere, Bilboko Hezkuntza Fakultatea Bizkaiko erreferentzia izatea. “Gure Fakultatea Bizkaiko ikastegi publikoa da eta edozein hezkuntza-eremuetan egon behar dugu, bai Berritzegunetan, bai eskoletan, bai gizartean. Hezkuntza-eragileak izan nahi ditugu, eta erantzukizun hori hartzeko prest gaude”, adierazi du Romerok.
Bilboko Hezkuntza Fakultateko Dekanotza-taldea:
- Dekanoa: Asier Romero Andonegi
- Idazkari Akademikoa eta Euskara: Aitor Iglesias Chaves
- Akademia Antolakuntzaren, Eleaniztasunaren eta Ikasleen Arloko dekanordea Araitz Uskola Ibarluzea
- Mugikortasunaren, Komunikazioaren eta Gizarte Proiekzioaren Arloko dekanordea Carmen Encinas Reguero
- Koordinazioaren, Titulazioen Hobekuntzaren eta Graduondoko Ikasketen Arloko dekanordea Israel Alonso Sáez
- Berrikuntzaren, Kalitatearen, Jasangarritasunaren eta Ikerkuntzaren Arloko dekanordea Ainhoa Berciano Alcaraz
- GRAL eta Practicum dekanordea Monike Gezuraga Amundarain
- Administraritza burua Mari Jose Lomas López
Asier Romero Andonegi (Bermeo, 1972) Hispaniar Filologian doktorea da (2005) eta irakasle agregatua Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean. Docentiaz programan, bikain ebaluazioa jaso du bere irakasle jardunak. CNEAIk Ikerketako sei urteko bi aitortu dizkio eta EUDIA ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia da.